"Korrespondentziak", Bernardo Atxaga eta Bashkim Shehu idazleen arteko eskutitz-trukea
2016-12-01 ¦ Argitalpenak
Donostia 2016 egitasmoak bultzaturik, Europako hainbat idazleren arteko eskutitz-trukea izan da azken hilabeteotan. Orain, eskutitz horiek liburu gisa argitaratuko dira, tartean Bernardo Atxagak eta Bashkim Shehu idazle albaniarrak elkarri bidali dizkieten eskutitzek osatutakoa. Ereinek argitaratu du, Korrespondentziak izenburupean.
Donostia 2016ren Chejov vs Shakespeare proiektuaren bidez, Euskal Herriko eta nazioarteko hamasei idazle esanguratsu harremanetan jarri dira, gatazken inguruko (bere zentzu zabalenean) gutun bidezko elkarrizketa sakon bat izan zezaten. Zortzi idazle-bikoteek elkarri bidali dizkioten gutunak orain ezagutzera emango dira, liburu banatan argitaratuta. Horrez gain, liburuak aurkezteko beste hainbeste jendaurreko topaketa egingo dira.
Atxagak eta Shehuk osatzen duten bikotearen artekoa izan da argia ikusi duen aurrenekoa. Erein argitaletxeak atera berri du liburua, Korrespondentziak - Korrespondime - Correspondencias izenburuarekin.
Amos Oz idazle israeldarraren honako esaldia dago proiektuaren abiapuntuan: ĞEkialde Hurbilekoaren antzeko gatazketan bi literatur ikuspegik egiten dute bat: alde batetik, Shakespeareren justizia poetikoak, eta bestetik, Chejoven giza justizia tristeak. Lehenengoan, inork ez du amore ematen, printzipioak eta ohorea edozeren gainetik daude, baita bizitzaren gainetik ere, baina agertokia odolez betetzen da; bigarrenean, berriz, pertsonaiek beraien desadostasunez eztabaidatzen dute, auziok konpontzen dituzte eta, amaieran, etxera itzultzen dira, nahiko etsita. Baina bizirik itzultzen dirağ.
Tesi hori oinarritzat hartuta, Euskal Herriko eta kanpoko idazle banak osatutako zortzi bikotek aktualitateari buruzko eta haien kontu pertsonalen gaineko posta-truke luzea izan dute. Izan ere, ez da izan Atxaga eta Shehuren artekoa liburu bihurtu duten gutun truke bakarra, guztira zortzi baitira argitalpenak eta honako hauek gainerako idazle bikoteak: Fernando Aranburu eta Hector Abad, Laura Mintegi eta Birgit Vanderbeke, Angel Erro eta Patrik Ourednik, Arantxa Urretabizkaia eta Menne Elfyn, Eider Rodriguez eta Belen Gopegui, Harkaitz Cano eta Dubravka Ugresic, eta Luisa Etxenike eta Mircea Cartarescu. Berriak zabal jaso zuen egitasmoaren inguruko informazioa.