Beldurra han ere
2008-04-07 ¦ Nevadako egunak
Baina panelak ez zuen zerikusirik ikuskariekin. Letra larri-larrietan, rectal eta cancer hitzak zeuden idatzita. Letra txikiagoetan, errebisio bat egitearen komenentzia eta klinika baten norabide eta telefonoak.
Euskal Herritik etorri berria zen adiskide bat zihoan gurekin, eta Estatu Batuetako jendeak beldurra irensten ikasi beharra zeukala adierazi genion. Publizitate agresiboaren kariaz, ikusi berria zuen bezala, baina baita lege-salaketen aurrean defenditzeko premiagatik ere. "Abokatuen beldur dira hemen publikoarentzat lan egiten duten erakunde edo enpresa guztiak -esan genion-. Horregatik, joaten zara adibidez izotzean patinatzera, eta ikusten duzun lehen iragarpenak zure gogoz zaudela han gogorazten dizu, eta erorketa fatalik gertatuz gero zu zeu bakarrik izango zarela erantzule".
Kasurik kasu, azkenean kontatu egin nion black widow armiarmaren gorabehera ere. Ez erabat serio halere. Arratsalde eguzkitsua zen, hiriko liburu-denda erraldoi bat ikustera gindoazen, ez zen beldurraz gogoeta luze bat hasteko unea.
"Han ere beldurra pasatzen da -esan zuen bat-batean Euskal Herritik bisitan etorritako kideak-. Batez ere orain, ETA berriro hasi dela. Nik neuk ere autoaren azpian begiratzen dut inora abiatu aurretik. Eta igerilekura joaten naizenean, bide desberdina hartzen dut aldiro. Oso penagarria da niretzat. Beldurrarekin bizi beharra azkenekoa da".
Ez genuen imajinatzen gure kide hura mehatxupean egon zitekeenik. Beste hamaika politikariren parekoa da bera, ezkerreko alderdi batekoa, ez oso ezaguna. Bere aitorpenak Euskal Herrian utzitako errealitatea ekarri zigun gogora, Nevadan gaudenetik atzendua daukaguna, eta zapuztu egin zigun arratsalde eguzkitsu hartako poza.
Juan Jose Arreola
Berak idatzitako ipuina itzuli eta handik hogei urte ingurura ezagutu nuen pertsonalki, literatura fantastikoari buruzko jardunaldi batzuetan. Mahai inguru desberdinetan suertatu ginen, eta entzutera joan nintzaion. Argal-argala eta txikia zen, eta traje gris batekin jantzita zihoan. Ile txuria kiribildu egiten zitzaion buruan.
Ezagutu ditut modu liluragarrian hitz egiten duten hainbat pertsona, tartean Oteiza eskultorea eta Carlos Casares idazlea, baina inor ez Juan Jose Arreolaren parekorik. Esan zidaten sasoi hartan futboleko partiduen kontalari zela Mexikoko telebistan, baina -hau da detailea-zelaiari eta jokoari bizkar emanda egiten zuela lana. Arrakasta handiarekin, egin ere. Ez nintzen harritu.
"A mí me llaman no más el kafkita de Zapotlan", azaldu zuen bere jardunaren hasieran. Hiru ordu laurden geroago hizketan ari zen artean, eta mahai inguruko zuzendariak bukatzeko eskatu zion, beste hiru hizlariak zain zeudela. "¿Cómo! -hots egin zuen Arreolak -. ¿Pretende usted que deje la palabra ahora que la tengo? Pues, ¡de ninguna manera!". Eta hizketan jarraitu zuen ordena arazo bat sortuz.
Afaldu eta gero, berarekin hizketan, arbasoak Aretxabaletakoak zituela esan zidan. Nik erantzun nion sasoi hartan Espainian zegoen futbol jokalaririk baliotsuena ere, Zubizarreta, Aretxabaletakoa zela. Gure arteko hizketaldiak, ordea ez zuen aurrerabiderik izan, zeren eta mahai inguruko zuzendariak, mendekuz seguru asko, goizeko ordena arazoa gogoan, beragan eragina izandako idazleez galdetu baitzion. "Kafka alde batera utzita, noski", zehaztu zuen.
La migala
Ipuina irakurri gabe neukan itzuli nuen garaitik eta buruz egin nuen, nahiz oker egongo zela sumatu, haren azken lerroen aipamena: "Hartara, infernu berriarekin, ahaztu egiten zitzaidan infernu okerrago bat, Beatrizen ausentziarena".
Zuzen dezadan orain okerra. Hauxe da Arreolak ipuinari emandako bukaera zehatza: "Entonces, estremecido en mi soledad, acorralado por el pequeño monstruo, recuerdo que en otro tiempo yo soñaba en Beatriz y en su compañía imposible".
Beste oker bat, larriagoa
Hauxe idatzi nuen black widow edo migalari buruzko kronika egiterakoan:
"Kontua da -kontua izan zen- umeen eskolako liburutegian Nevadako arrastari eta intsektu pozoitsuei buruzko liburutto bat aurkitu nuela, eta hantxe ikusi, eskorpioiaren eta musker zapal baten artean, black widow edo migala baten argazkia. Hala zioen azalpenak: "Garajeetan edo harri artean egoten da, eta bere hozka ez da sentitu ere egiten. Mintsu uzten du hozka egindako gorputzaren tokia, eta eragiten ditu hainbat arazo nerbio sisteman, baina normalean hiruzpalau egunetan desagertzen dira sintomak". Horixe zen guztia, eta hortik aurreragokoa, bai Arreolaren ipuineko pertsonaiaren sufrimenduak, bai nireak, bai cowboy exterminatzaileen argudioak, bai jendearen artean zabaldutako usteak, ez ziren errealitate, baizik eta phantasma. Baina, zein hedadura zuen phantasmak! Zein lan handia egiten zuen beldurrak!
Aitortu beharra daukat. Eskolako liburua ez zegoen ondo informatuta. Begiratu dut medikuen vade-mecum batean eta black widow armiarmaren hozka oso larritzat jotzen da. Ez ditut xehetasunak emango; bakarrik esango dut bai Arreolak, bai exterminatzaileek, bai jendearen artean zabaldutako usteek, arrazoi dutela. Eta armiarma hori ez ezik, besteak ere, azkazal erdia diren armiarma marroi mantxa beltzekoak, ez direla intsektu zerutiarrak.
Comments
#1. Malena ¦ 2008-04-19 ¦ 16:30
I hope you like it/Gustoko izango duzulakoan, http://books.guardian.co.uk/review/story/0,,2274727,00.html
#2. Josu O. ¦ 2008-04-29 ¦ 12:29
ETBn ikusi dut Mondelloko saria eman dizutela. Zorionak Bernardo! (edo Joxe esan beharko nuke? :-)
#3. Elizabeth ¦ 2008-10-10 ¦ 19:57
Aizu, Bernardo! Eskerrik asko NYeko goiza argitzearren, irakurrita ez neuzkanak irakurri baititut, eta atzenduta neukan Obamarena berrirakurri. Oraingo honetan, zer uste duzu? Tipping-point famatura ailegatu ote gara? Izugarrizko lelo berri bat sortu zen nonbait herenegun-edo: http://blog.myspace.com/index.cfm?fuseaction=blog.view&friendID=313656242&blogID=439367365 Orri horretan agertzen da irudirik aipagarriena. Agian myspace-ko IDa beharrezkoa da, edo poeta haren "lagun" bihurtzea, baina berdin. Baietz egun batzu barru leku guztietan ikusi. Besarkada handi bat, eta mila esker Arreola margotzeagatik. Zelako idazlea! Zelako tipoa!
#4. astuna ¦ 2008-11-23 ¦ 15:26
Igerilekura umeak jasotzera hurbildu naiz eta lagun batek esan dit plazan zeozer zegoela, jende asko zegoen eta. Hala zen, auto asko eta gazte batzuk lauzpabost taldeko zirkuluetan. Berehala antzematen zen horiek zergatik zeuden han bilduta.Bizkarzainak ziren. Kale kantoian Casa del pueblo inaguratu behar zuten eta etorritako sozialista bakoitzeko bizpahiru bizkarzain. Eta nire herrian ere beldurra. Lagun hauei askatasuna kentzean nirea ere lapurtzen didate; Nola egon desados hil dezaketenarekin? Nola esan zeozer hiltzaileak erabil dezakeena bere hilketa zuritzeko? Negargarria
#5. Juanjo Irazoki ¦ 2009-02-10 ¦ 18:05
B.A.rentzat:Zuk aipatu zenuen irakaslearen izena Fernando de la Puente zen.("El Peseta" ezizena). Niri lehen ikasgaian ilgora eta ilbera bereizten irakatsi zidan. Itsaso istripuz hil omen zen.