« Itzuli blogera

Barack Obama berriro

2008-02-04  ¦  Nevadako egunak

Bera ere lehengoa zen, eta aritu ere ohi bezala aritu zen, bere alkandora zuriarekin eta bere traje distira dotorekoarekin, biyyotzak ronpiduten. Aretoan, Unibertsitateko Wolf Pack eskubaloi talde femeninoaren kirol pabiloian, sentitu egiten ziren beraganako sinpatia eta errespetua, eta ikusi ere bai, kasik, beraren eta jendearen arteko hariak; armiarmek belar batetik bestera egiten dituztenak baino mehegoak, ziurrenik, baina hautagaia airean altxa eta zeruraino eraman dezaketenak. "Nik uste dut zerua duela muga", esan zuen Newsweekeko elkarrizketan Hillary Clintonek. "Etorkizunean, noski", gehitu zuen. Baina Wolf Pack taldearen pabiloian txalo, oihu eta barre egiten zutenek, edota Barack Obamak dituen esku ia metafisikoen mugimenduei zahori baten eskuei bezala jarraitzen zietenek, etorkizuna bihar betetzea nahi lukete, eta Barack Obama Etxe Zuriaz nagusitzea.

Dena ez zen ordea, bigarren hitzaldi honetan, aurrenekoan bezala. Bazeuden desberdintasunak. Aurrenekoa, kezkagarriena, seguritate neurri handiak zeudela sarreran, aireportuetan aurkitzen direnen antzekoak -eta, bistan da, poliziak ez zuen halako lana hori eta horrenbestez hartuko, arriskua benetakoa izango zen. Bigarrena, Obamaren emazteak hartu zuela parte, eta hark egin zuela belztasunaren aldarrikapena; hirugarrena, Obamaren anagrama nabarmenago, ikusgarriago zegoela, eta zalantzarik gabe -ez nintzen aurreneko aldian konturatu, nola bai koloreen jokoaz- japoniarra zela, nazio hartako banderarekin kidetua kontzeptualki: oinarrian marra horizontal gorriak eta zuriak, "itsaso" bat osatzen zutenak; haren gainean, "uretatik" ernetzen, eguzki zuri bat; eguzkiaren inguruan, zirkuluerdi urdina, zerua. Hitz batean, eguzkia ateratzen, the rising sun.

Anagramaz ohartu, eta pentsakor imajinatu nuen Obamaren aholkulari nagusia, David Axelrod, eta penatuta ere bai kanpainaren kantu-ikurtzat The house of the rising sun zoragarria erabiltzerik ez zeukalako. Izan ere, kantua ondo letorke rising sun delakoaren aldetik; ez horrenbeste house, etxearen aldetik. Izan ere, kantuak ez du nolanahiko house bat hartzen aintzat, baizik eta New Orleans-en zegoen lizun hura, txit ospe txarrekoa.

Baina, agian, Barack Obamak ez du kanturik behar. Bera da kantua, berak bideratzen ditu, herri-doinuek egin moduan, Estatu Batuetako pertsona askoren barne-mugimendu itsu, bortitz eta hitz-azpikoak; ez bakarrik apolineoak. Bush eta errepublikanoen mundu motz eta astunetik ateratzeko gogoa iduri bezain handia bada, Barack Obamak Hillary gainditu eta McCain, Romney edo beste zeinahi errepublikanorekin lehiatu beharko du datorren azaroan: bere benetako etsaiarekin, mundu astun eta motzarekin.

 

Send



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik