« Back

Bernardo Atxaga "PEN World Voices" jaialdian

2009-04-21  ¦  Jaialdiak

Bernardo Atxaga New Yorken izango da apirila bukaeran PEN clubak antolatutako Nazioarteko Literatura Jaialdian, PEN World Voices. Astebete iraungo duen jaialdi honetan mundu guztiko 160 idazle bilduko dira, besteak beste, Paul Auster amerikarra eta Antonio Tabucchi italiarra. Bernardo Atxagak eramango du Euskal Herriaren lekukotasuna New York aldera.

Bernardo Atxaga

Estatu Batuetako idazleak biltzen dituen PEN clubak bostgarren aldiz antolatu du bere urteroko Nazioarteko Jaialdia. Aurtengo ekitaldia, Evolution-Revolution, apirilaren 27tik maiatzaren 3ra izango da eta gaur egun mundu guztian zehar egiten den literaturaren erakusleihoa izango da.

Aurtengo jaialdian 41 herrialdetako 160 idazle bilduko dira New Yorken, horien artean Bernardo Atxaga euskalduna. Egitarau osoa klubaren webgunean kontsulta dezakezue.

Bernardo Atxagak bi ekitalditan hartuko du parte. Apirilaren 30ean mahai-inguru batean izango da, gaztelaniazko literaturaren joerak aztertzen: Tendencies in Spanish Language Literature. Atxagarekin batera, Javier Calvo espainiarra, Enrique Vila-Matas kataluniarra eta Santiago Roncagliolo perutarra izango dira. Cervantes Institutuan arratsaldeko 4etan.

Maiatzaren 1ean, berriz, aurtengo jaialdiko ekitaldirik garrantzitsuenetakoan izango da, Readings from Around the Globe delakoan. Hainbat herrialdetako hizlariak izango dira bertan: Petina Gappah (Zimbabwe), Mariken Jongman (Herbereak), Michael Ondaatje (Sri Lanka), Daniel Sada (Mexiko), Hwang Sok-yong (Korea), Antonio Tabucchi (Italia) eta Colm Toibin (Irlanda). Unterberg Poetry Center-en iluntzeko 19.30etan. Sarrera 20 eurokoa izango da.

Informazio guztia PEN Clubaren webgunean.