« Back
Bernardo Atxaga "Eusko Ikaskuntza Visiting Professor of Basque Culture" Stanford Unibertsitatean
2010-05-17 ¦ Unibertsitatea
Martxoaren 29tik ekainaren 9ra, Bernardo Atxaga idazleak graduondoko eta graduaurreko ikastaro bana emango du Stanford Unibertsitatean (Ameriketako Estatu Batuak), lehenengo "Eusko Ikaskuntza Visiting Professor of Basque Culture" Programan.
Graduondoko ikastaroan, Bernardo Atxaga hirurogeiko urteen erdialdean Euskal Herrian gertatu zen eraldatze kultural eta politikoaz arituko da lau pertsona ospetsuren bitartez: Jorge Oteiza, Luis Mitxelena, Gabriel Aresti eta Mikel Laboa, Ez dok amairu taldeko kide gisa.
Bestalde, ikasle oraindik graduatu gabeek Atxagaren ahotik euskarak izan duen bilakaera ezagutu ahal izango dute: desagertzera kondenatua ematen zuen hizkuntza izatetik XX. mendearen erditik aurrera izandako susperraldi garrantzitsura.
"Eusko Ikaskuntza Visiting Professor of Basque Culture" Programa, Eusko Ikaskuntzaren eta Kaliforniako Stanford University ospetsuaren artean sinaturiko lankidetza hitzarmenaren ondoren sortu da.