« Back

Erlea aldizkariaren 4. alea aurkeztuko da Bilbon

2011-05-05  ¦  Argitalpenak

Bihar, ostirala, ERLEA aldizkariaren 4. alea aurkeztuko da Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Ekitaldia 11:30etan hasiko da.

Erlea aldizkariaren 4. alea aurkeztuko da Bilbon

Maiatzaren 6an, ostiralean, Erlea kultura aldizkariaren laugarren zenbakia aurkeztuko da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du eta Jose Irazu "Bernardo Atxaga" idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz.

Afrikara itzultzen gara. Erlea-ren hirugarren zenbakiak Afrika hurbildu zigun -Aljeria eta Magreb izan ziren orduan protagonista- eta orain, laugarrenarekin Afrika beltzera goaz, gai nagusi baten inguruan hausnarketa egiteko: Zein da Afrikako literaturaren hizkuntza? Europako hizkuntzetan idatzitakoa afrikar literatura da? Bakarrik hizkuntza indigenez sortua dagoena da afrikar literatura? Hautua egitekoa ezinbestekoa da? Asun Garikanoren aurkezpenaren ondoan, hiru ahots ekartzen ditu aldizkariak: Obiajunwa Wali nigeriarra, Ngugi wa Thiong’o kenyarra eta 1995ean Nigeriako Gobernu militarrak urkatu zuen Ken Saro-Wiwa ogoni leinuko ingurumen aldeko ekintzailea. Honez gain, Lander Arbelaitz, Juanjo Olasagarre, Urtzi Urrutikoetxea, Lorenzo Rojo eta Koldo Izagirre kazetari eta idazleek artikulu bana idazten dute Afrikaz.

Zaldieroaren komikia, "Urrezko liburutegia" eta "Foroa - azkenaldiko liburuak" ohiko atalak ere ekartzen dizkigu Erlea-k.

Bestelako gaiak badira aldizkarian: Xabier Lete, Jose Arratibel eta Jose Ordorika gogoan, Jean Haritschelharri elkarrizketa, Josu Iztuetaren objektuak, Miren Agur Meabe, Anari, Igor Estankona eta Jon Casenaveren poema banaren "atzeko aldeak", Joxemari Iturralde, Piarres Antziart, Aingeru Epalza, Jabier Muguruza, Bernardo Atxaga, Andres Urrutia, Felix Ibargutxi edota Pello Esnalen artikulu eta ipuinak, besteak beste. Aurreko zenbakietan agertutako izen batzuekin batera, beraz, izen berriak aurkitzen dute beren ahotsa Erlea aldizkariaren 4. zenbakian.

Aldizkaria bihar aurkeztuko den arren, dagoeneko erosgai dago Pamielaren webgunean.