« Back
"Mémoires d'une vache" berrargitaratu da
2012-02-27 ¦ Argitalpenak
Lehenago ere Frantzian salgai zegoen arren, joan den urtarrilean berriro argitaratu da "Mémoires d'une vache" ("Behi euskaldun baten memoriak") frantsesez.
Bernardo Atxagak 1991an idatzia, Behi euskaldun baten memoriak eleberriaren frantsesezko edizioa ("Mémoires d'une vache") kalean zen 1994. urteaz geroztik. Oraingoan La joie de Lire argitaletxeak kaleratu du, gazteentzako literaturan espezializatutako argitaletxea.
20 urte hauetan 13 hizkuntzara itzuli izan da eleberria eta arrakasta handia izan du hainbat herrialdetan, besteak beste, Alemanian eta Frantzian.
Atxagaren lanen artean ezagun eta salduenetakoa izan da. IBBY zerrendan (International Board on Books for Young People) ohorezko lekuan dago 1994az geroztik eta 1001 Children's Books You Must Read Before You Grow Up bilduman ere zerrendatu zuten 2010ean.
Benetako behi izan nahi duenari nahitaezkoa zaio desertua, nahitaezkoa zaio mundutik urrutiratu eta hondarra besterik ez dagoen erresuma mortuan bolada bat egitea. Ondar artean, belar edo ur izpirik gabe, berdamenaren gozotasunik gabe, behiak sufritu egingo du, eta maiz, eguzkiak ankerki jotzen dionean-eta, atzera egin eta ikuiluratzeko gogoz erotuko da. Baina benetakoa izan nahi duen behi horrek, eta ez behi ustel edo makal, ez dio etsipenari amore emango; aurrera jarraituko du desertua zeharkatu eta mendi hezeak, baso itzaltsuak, begietan har ditzan arte. Orduan, poetaren esanak gogoratuz, halaxe deklaratuko du: "Cela s?est passé", pasa da guztia, atera naiz infernutik, begi eta bihotz berriekin ikusten dut orain mundua.