« Back
"Seven Houses in France" urteko 20 liburu onenen zerrendan
2012-11-05 ¦ Argitalpenak
Albiste ona jaso dugu asteburu honetan. Publishers Weekly aldizkariak 2012. urteko libururik onenen artean sartu du Seven Houses in France ("Zazpi etxe Frantzian") eleberria. Liburuak Estatu Batuetan izan duen harrera beroaren beste erakusle bat.
Aurreko asteotan ere aipatu izan dugu zein harrera ona izaten ari den Atxagaren azkenengo eleberria Ameriketako Estatu Batuetan.
Oraingoan, 2012. urteko liburu onenen zerrendan sartu du Publishers Weekly aldizkariak. Literaturaren inguruko aldizkaririk garrantzitsuenetarikoa da eta bere best books zerrendek eragin handia dute Estatu Batuetan.
Atxagaren lana, Zazpi etxe Frantzian (Seven Houses in France) fikziozko lanen atalean sartu dute. Beste kategoria batzuetako zerrendak ere argitaratu dituzte, besteak beste, poesia, misterizkoak, haur-gazte literatura, eta abar.
Atxagaren lana ingelesezko beste liburuekin batera azaltzen da, ez itzulpen gisa. Eta Atxaga bera "basque writer" izendatuta. Jatorriz ingelesez idatzi ez den liburu bakarra da eta idazle gipuzkoarrarekin batera daude, besteak beste, Alice Munro, Andrew Miller, Jeet Thayil eta Amanda Coplin.
"Seven Houses in France" irailean argitaratu zen Estatu Batuetan, Margaret Jull Costak itzulita eta Graywolf Press argitaletxearen eskutik. Britainia Handian ere argitaratu zen 2011an (Harvill Secker), eta aste honetan 2. edizioa kaleratuko da poltsiko-liburu formatuan.