« Back

Atxagak "El paraíso y los gatos" lana aurkeztu du Madrilen

2013-04-30  ¦  Argitalpenak

Bernardo Atxagak bere azken lana aurkeztu zuen joan zen astean Madrilen: "El paraíso y los gatos" DVD-liburua. Aurrez euskaraz argitaratutako Paradisua eta katuak lanaren gaztelaniazko bertsioa da.

Atxagak

Argitalpena Círculo de Bellas Artesek argitaratu du bere "Ediciones poesía" sail ospetsuan, eta Euskaltzaindiaren zein Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jaso du.

Azken asteotan hainbat ekitaldi antolatu dira Madrilen Atxagaren unibertsoa zikloaren barruan. Besteak beste, El hijo del acordeonista antzezlana aurkeztu da Centro Dramático Nacional-ean, "Zeru horiek" eta "Bi anai" filmak ikusteko aukera izan da, Atxagaren eta Ruper Ordorikaren arteko emanaldia izan zen Valle-Inclán antzokian, eta abar. Orain, ekitaldi-sorta horren kolofoi bezala, El paraíso y los gatos liburua eta bideoa kaleratu dira.

2012ko martxoan, Euskaltzaindiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako "Euskarari gorazarre" jardunaldien barruan, "El paraíso y los gatos", irakurtaldia eskaini zuen Bernardo Atxagak, Jabier Muguruza musikariarekin batera, poesia irakurketa eta musika uztartuz (ikusi bideoa).

Emanaldia Círculo de Bellas Artesen izan zen, eta hura da DVD-liburu berri honek jasotzen duena. Horrez gain "El lugar de la utopía", Atxagak idatzitako saiakera laburra ere jaso dute liburuan.

Idazleak berak dioen modura, "Paradisua eta katuak", lehenengoz eta behin, kontaera bat da. Ez ordea tonu edo forma beti berdinekoa, osagarri baititu hainbat atal berezi: ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak.