« Back
"Children's Book Show" jaialdia Londresen azaroaren 16tik 21era
2015-11-02 ¦ Jaialdiak
Azaroaren 16tik 21era bitartean ospatuko da Londresen Children's Book Show delakoa. Eta hantxe izango da Bernardo Atxaga, zenbait ekitalditan parte hartuz, Xolaren abenturen eskutik.
Egun batzuk barru irekiko ditu ateak Londresen antolatzen den jaialdi galantak. Haur eta gazte literatura lantzen duten hainbat idazlek hartuko dute parte, eta hantxe izango da Bernardo Atxaga ere.
The Adventures of Shola (Pushkin, 2013) liburuak oso harrera ona izan du Erresuma Batuan. 2013ko lan onenen artean zerrendatu zuten, 2015ean Marsh Saria irabazi zuen, eta baita oso kritika onak jaso ere. Liburu horretan biltzen dira Atxagak euskaraz idatzi dituen Xolaren lehenengo 4 abenturak.
Hain zuzen ere, Xolaren abenturak izango dituzte hizpide, bai Atxagak eta baita bere itzultzaile Margaret Jull Costak ere, jaialdian zehar antolatu diren zenbait ekitalditan.
Astelehenean (azaroak 16) Vaudeville antzokian izango da hitzordua. Samuel John aktorearen eskutik irakurraldi antzeztua egingo da 7-11 urte bitarteko 600 ikasleren aurrean.
Ostegunean (azaroak 17) Institutu Frantsesean izango dira, Michael Rosen idazlearekin batera (besteak beste, We're Going on a Bear Hunt liburu ezagunaren egilea). Kasu honetan ere 7-11 urte bitarteko 230 haurrekin elkartuko dira.
Amaitzeko, ostiralean (azaroak 18) Europa etxean, bezperako ekitaldi berbera egingo dute, beste 150 ikasleren aurrean.
Atxagari eta Jull Costari elkarrizketa egin die Daniel Hahn idazle ezagunak Books for Keeps aldizkarirako, Londresko jaialdi hau dela-eta.