« Back
Galdutako tangoa, kalean
2016-08-30 ¦ Argitalpenak
Jorge Luis Borgesen idazlan inedito bat argitaratu berri du Lumen argitaletxeak, "El tango: cuatro conferencias" (Lumen, 2016). Bertan, idazle argentinarrak 1965ean emandako lau hitzaldi biltzen dira, laurak ere tangoaren ingurukoak. Hainbat urtez ezkutuan egon ondoren, 2002an hitzaldien grabazioak jaso zituen Bernardo Atxagak lagun baten eskutik. Oraingoan liburu bihurtuta kaleratu dira Borgesen hitzok.
1965eko urrian Jorge Luis Borges idazle handiak 4 hitzaldi eman zituen tangoaz Buenos Airesen. Han esandakoak haizeak eraman zituen; edo hori ematen zuen orain gutxira arte. Baina 2002. urtean ezustekoa jaso zuen Bernardo Atxagak. Lagun baten bidez grabazio bat jaso zuen, eta Borgesen ahotsa zen bertan zegoena. 1965eko hitzaldiak ziren.
Materiala Casa del lector fundazioaren esku utzi zuen Atxagak, eta duela aste gutxi, hitzaldia eman eta 51 urtera, liburu bihurtuta argitaratu dira idazle argentinarraren hitzak. "El tango: cuatro conferencias" dauka izenburu Lumen argitaletxeak kaleratutako liburuak.
"Tangoa jatorriz ez zen tristea. Ezta popularra edo arrabaleroa ere. Hasieran alaia eta ausarta zen", kontatzen du Borgesek, bere gaztaroko oroitzapenetan oinarrituz (1899an jaio zen, gutxi gora-behera tangoaren lehenengo urteak ziren haietan). "No surge en los barrios bajos, sino en los prostíbulos, donde había compadritos de origen humilde, pero también niños bien buscando diversión". Borgesek aipatzen du hasierako garaiko tangoak zirela onenak, letra alai eta pikaroak zituztenak, patetismorik gabeak; Gardelek "izorratu" aurrekoak.
Hitzaldiotan Borges umoretsu eta zirikatzailea aurkituko dugu, erudizio eta herri jakintza zabalekoa, tangoa hizpide hartuta, bere gaztaroaz, Argentinaz eta bizitzaz, oro har, mintzatuko zaiguna.
Carlos Cuék egin du hitzaldiaren eta liburuaren ibilbidearen kronika Buenos Airestik, El País egunkarian.
Informazio gehiago Bernardo Atxagari Kolonbiako Radio Caracol irratian egindako elkarrizketan: