« Back
"Pott bandak" 40 urte bete ditu
2017-05-09 ¦ Albistea
1977. urtean 6 gazte elkartu ziren Bilbon eta Pott banda sortu zuten. Taldeak 3 urtez bakarrik iraun zuen, baina euskal literaturaren historia irauli egingo zuen gazte haien ekimenak. Aurten 40 urte beteko ditu Atxagak, Sarrionandiak, Ordorikak, Juaristik, Iturraldek eta Ertzillak sorturiko "Pott banda" hark.
Duela 40 urte osatu zuten taldea, Bilbon, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Jon Juaristi eta Manu Ertzilla gazteek, eta Pott aldizkariaren lehen alean azaldu zuten zertan zen beren konplota "Editoriale bat egiteko bildu gara Bilbaon Pott bandakook. Legioan bezala ez diogu elkarri eskatu curriculum vitaerik, afalondotako patxadaz hasi gara ekinean. (...) Bihen bitartean, hau bezalako panfletoen bitartez jakinen duzue gutaz. Hitz bat oraindik: editoriale bat ez da beti sortzen plangintza kulturalaren hutsuneak betetzearren. Ez gaude horri begira. Begira gaude begira goiko kamino berrira, esan nahi baita, ez gaudela inori serbitzeko geure buruak argitzeko baino. Mekaben Pott". Asteburu honetan Iņigo Astizek Berrian argitaratutako erreportajean irakur ditzakegu lerro horiek.
Astizen erreportaje horretan luze eta zabal aipatzen da taldearen sorrera eta ibilbidea; baita euskal literaturari egin zioten ekarpena ere. Jon Kortazarren hitzetan, "Sinkronizazioa. Hori da Pott bandak egindako ekarpen nagusia. Euskal literaturaren erlojua garaiari lotu zioten".
"Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-1980)" liburuaren aurkezpena
Urteurrena liburu batekin ere iritsiko da. Izan ere, Kortazarrek berak idatzi du "Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-1980)" liburua Sorzain argitaletxearekin, bandaren ibilbidea gogoratzeko eta omentzeko. Liburuaren aurkezpena gaur egingo da Bilboko Bidebarrieta liburutegian, besteak beste, Atxaga bertan dela.
Berriro ere Astizen erreportajetik zenbait pasarte hartuz, bi esanahikoa da berez Pott hitza. Potta: muxua, eta, beraz, plazera. Eta pott eginda egotea: akidura, eta, beraz, nekea. Pott bata, eta pott bestea. Eta bien arteko jolas horretan kokatu zuen bere burua taldeak. Ironia kutsu handiz, munduko literatur erreferentziaz lepo, eta libre idazteko gogoz.
Hiru urteko ibilbidea. Eta pott. Eta, halere, ezinbesteko erreferentzia da euskal literaturaren historian. Oso epe laburrean euskal literaturaren norabidea aldatzeko gai izan ziren. 1977an gazte horiek ez ziren inor euskal sistema literarioan (apaiz eta elizgizonen eremu zen sistema hartan); hamarkada bat geroago egoera arras ezberdina zen. Eta, neurri batean, Pott Banda dago aldaketa horren oinarrian. Lehen editorial hartako madarikazio hartan: "Mekaben Pott".