Francesco
"Arantzazu! Leku basatia, hura!", hots egin zuen behin nire aurrean adineko nekazari batek, eta ez nintzen nire harriduratik atera harik eta 1950garren urtea baino lehenagoko paisaiaz ari zela konturatu nintzen arte. Nekazariak ez zuen oraingo dorrerik, apostolurik, beiradurarik ikusiko bere bisitan, eta horregatik basati; harkaitzak eta amildegiak geldituko zitzaizkion gogoan itsatsita. Ez ordea guri, 1950az geroz hara igo garenoi bezala. Guri, hain zuzen ere, dorreak, apostoluak, eta beiradurak gelditu zaizkigu, horiexek dauzkagu gogoan, eta Pietatea, ateak, erretaula, aldare gaineko argi xamurra, poesia eder bat idatzi zuten fraideen itzala.
Ulertu egin nuen, nekazariari entzunez, zein neurritaraino gailentzen zitzaizkion, leku hartan ere, izpirituaren emaitzak naturalezari: eraldatu egiten zuten mendia, gune arin eta goxo bihurtu. Ospetsua den pasadizo batek dio norbaitek kargu hartu ziola Oteizari bere apostoluengatik: "Baserritarrek pentsatuko dute bizi diren etxe ingurutako harriak bezalakoak direla". Oteizak bere erantzun distiratsu haietako bat eman omen zion: "Bai, egia da. Baina beren etxera itzultzean, ikusi harriak eta apostoluak direla irudituko zaie". Pasadizoak badu bere xarma, baina ezin da egia izan. Beltza ezin da, hori eta horrenbestez, zuri bihurtu. Desordenua ez da oreka, armonia. Figura batek, poesia batek, humanitatearen historia jasotzen du; harri koskorrak, bere horretan, ezta aztarrenik ere.
Izpiritu zuriaren eta naturaleza beltzaren arteko lehia hori nonahi jokatzen da. Eta lehen lehenik, mendi malkarretan edo desertuetan baino lehenago, gizakiaren baitan. Batzuetan, lehia alde makurrera, beherantz, erabakitzen da: hor dauzkagu Epulon, Midas eta haien geroztik milaka edo milioika sortu diren gutiziatsuak; hor dauzkagu Kain eta bere zigilua daramatenak; beste batzuetan, argirantz, Onaren alde. Eta onen arteko onenei, gure herrietan, santu deitzen zitzaien. Eta santuenen artean santuenei, Alter Christus. Halaxe Asisko Francesco hari.
Liburu honetako loretxoen artean irakur daiteke gertaera. Gubio izeneko hiri batean otso izugarri bat omen zebilen, abereak ez ezik gizasemeak hiltzen zituena. "Otso anaia, hator hadi hona" -esan omen zion Francescok-. "Agindu bat ematen diat Jainkoaren partetik. Ez egin minik hemendik aurrera, ez niri eta ez inori". Eta otsoa arkume bat bezain otzan hurbildu omen zitzaion, eta, aurreko hanka haren eskuan jarriz, zintzo ibiliko zela agindu omen zuen. Santuenen arteko santuenak egin zezakeen horrenbeste.
Ez zen, otsoarena, aparteko kasua izan. Beste garaipen asko ere lortuak zituen Francescok. Ultzera mingarria zuen mutiko bat sendatu eta, zauriaren ordez, arrosa baten unea utzi zion azalean. Beste haur bat, berriz, berpiztu egin zuen. Legendunak besarkatu zituen, eta haien irainak gogo onez onartu. Eta berak bezalaxe, dizipuluek: Fray Leonek, Fray Juniperok edo Paduako Antoniok. Halako indartsua zen bere izpirituaren indarra non gaitzak, heriotzak, gutiziak, naturaleza beltz eta otsoenak, makurtu beharra zeukan.
Batzuetan santuak ez dira maitagarriak izaten. Estutasuna, gogortasuna antzematen zaie bere ekintza zintzoen oinarrian, bizitzari buruzko mesfidantzatik sortutako larderia. Eta, pintura batzuei jaramon eginez gero -Francesco burezurrarekin azaltzen den Grecoren eta Zurbaranen koadro horiek...- halakoxea izan zitekeen Francesco ere. Baina, nahiz asketismoa, bere bizitzaren pasarte ugariek irribarrea sortzen digute. Betiere, airean dabilela ematen du Francescok, ez duela pisatzen, txori bat dela, tximeleta bat. Eta bere lehen hamabi dizipulu haietako gehienak berdin. Celanoren biografiaren ataletako batean irakurtzen da: "Santuak errierta egiten dio fraide bati triste zegoelako". Beraz, izpirituaren garaipena sakrifizioaren eta ukazioaren bitartez, baina alaitasunaren enblemapean.
Txori bat, tximeleta bat, Francesco; baina, aldi berean, Hamelingo txirulari baten moduko predikatzailea. Aurkari asko izan arren, XIIIgarren mendean bertan eraman zuen jendea herrestan. Joan zaitezte Asisko elizara: Cimabue eta Giottoren freskoak ikusiko dituzue, eta norbaitek esango dizu, hantxe bertan, eliz atariko petriletik Umbriako lurraldeari begira zaudela, Dantek ere kantatu egin zuela. Eta Cimabue, Giotto eta Dante berarekin bazeuden, nor ez zen ba egongo? Joan zaitezte segidan, gaurko egunekoa ikusteko, Asisko karrika meharretara: izara soil batekin jantzitako gazteak ikusiko dituzue, eta galdetuz gero esango dizute: "Nik ere poverello izan nahi dut". Ez dago zalantzarik: askok eta askok berarekin zeharkatu nahi zuten, eta nahi dute, ibaia. Hamelingo txirularia esan dut? Ah, ez. Francescok maite zuen, den dena maitatu nahi zuenez Heriotza ere; baina uso tortola biziak erosten zizkion ehiztariari inork minik egin ez ziezaien.
Hil baino urte batzuk lehenago, mirakulu berezi bat egin zuen, "Anaia Eguzkiaren kantua" izeneko otoitza idatzi: Laudato si, misignore, cum tucte le tue creature, spetialmente messer lo frate sole..." Otoitza argitik iluneraino, heriotzeraino jaisten da -laudato si, monsignore, per la sora nostra morte corporale- eta berriro, hurrengo irakurketan, ilunetik argira igotzen. Eta azkenean, izenean ere badagoelako, eguzkia nagusi. Ba, argi dezala, berriro ere, Arantzazu aldea. Argi gaitzala euskaldunak ere.