Nora joan dira ilusio zaharrak?
Argia astekarian argitaratutako artikulua
Bizitzan bide bat hartzen dugunarekin batera beste bide edota bizimodu batzuk uzten ditugu alde batera eta betiko. Oro har, erabaki hori heldutasunaren ildotik ulertzen da: pertsona batek inozentzia galdu eta ametsak amets direla konprenituko luke, eta aurrera egin ahal izateko errealitatearen argi arrunt baina seguruak hartu behar direla aintzat, eta ez ilusioaren argi eder baina, ai! engainatzaileak. "Zer gertatu zitzaion ura edatera espejismora joan zen txoriari?", galdetzen zaio pertsona gazteari. "Bada egarriak hil zela", erantzuten eta erakusten zaio.
Arazoa ez da ordea goizetik gauera erabakitzen, nahiz eta bide kontuak, metaforak berarekin duen gezur horrekin, halaxe pentsarazi. Aitzitik, egunero erabakitzen dugu zerbait uztea eta beste zerbait onartzea, eta urtebete soil bat igaro eta atzera begiratzen dugunean bizimoduz aldatu egin garela iruditzen zaigu. Aldaketak gero eta ttikiagoak direla, hori bai, eta, noski, ezin dela konparatu 10 urtetik 15era gugan eta gure jokaeretan antzeman genuena, 45 urtetik 50ra antzeman dezakegunarekin. Zeren, jakina, kasu gehientsuenetan behintzat, 50 urteko pertsonari ilusio gutxi gelditzen zaizkio errealitate pusketen aldera eman ahal izateko, eta bere bizimoduari buruzko irudipen subjetiboa gertuago egoten da karriletik doan trenaren iruditik, airean libre dabilen txoriarenetik baino. Normalean, jende adintsua bizimodu jakin batean errotuta egoten da, edo bestela -lagun batek umore beltzez esaten zuenez- bizimodu batean datza.
Has gaitezen orain galdezka: Nora joaten ote dira ilusioak, ilusio zaharrak, bizitzak desegindakoak? Erraustu egiten dira erabat ala errainu edo fantasma bezala diraute gugan? Baliorik gabeko xinplekeriak ziren, eta zuzen jokatu genuen beraz haiek guztiak baztertzearekin, ala zapuzturik gelditutako bizimodu argitsuago baten ernamuinak?
Ez diet galdera guzti horiei erantzungo, baina, erantzunaren lagungarri, oilategi bat deskribatuko dut, nire arratsetako ibilietan egunero ikusten dudana. Oso ttikia da oilategia, 100 metro karratuko esparru bat besterik ez, erdian etxetxo bat duena. Nagusiak -"el extremeño" esaten diote herrian-, pitxi eta horniduraz betea dauka den dena, eta, haien artean, toreotzarekin lotutatakoak dira nabarmenenak. Esate baterako, bere lekuxka horren atarian berak Cortijo El Cordobés dioen txartel bat dauka jarrita, eta gainera, ildo beretik, berak ahal bezala osatutako torero eta zezen baten figurak koroatzen dituzte sarrera ateko bi zutabeak; eta neskaren baten ile txirikordarekin egindako zezen-isats bat ez da falta; ezta zezenaren adarrak imitatzen dituen egurrezko tramankulu bat ere. Bestalde, arrosategi ttiki baina eder bat dauka, eta ederraren ederrez, kolore biziz pintatuko anforak azaltzen dira altura guztietan, etxetxoaren teilatuko anguloetan edo haren atarian zutitutako egurrezko esola batzuen gainetan. Eta dena dago txuri eta txukun, bera bizi den etxea ez dagoen bezala.
Bere traketsean, modu beharbada patetikoan, Extremaduratik etorritako nekazariaren jokaerak erantzun bat ematen digu. Ez, ilusio zaharrak ez dira erabat erraustu eta galtzen, eta handik edo hemendik azaldu egiten dira; pertsonari Bizimodu Nagusia bukatzen zaionean, batez ere, jubilatzean edo. Eta azaltzen direnean, azaltzen zaizkigunean, susmo batek hotzikara bat sortzen digu bizkarrean, agian huraxe zela, utzitakoa, benetan maite genuen bizimodua...