« Back

Atxagaren "Nevadako egunak" liburuak irabazi du 2014ko Euskadi Saria

2014-10-08  ¦  Sariak

Gaur goizean jakinarazi dira 2014ko Euskadi Literatura Sariak, eta euskarazko sailean Bernardo Atxagaren "Nevadako egunak" (Pamiela, 2013) liburuak irabazi du.

Bernardo Atxagak iaz argitaratutako Nevadako egunak liburuak irabazi du 2014ko Euskadi Literatura Saria.

Atxagak irabazi duen 4. Euskadi Saria da. 1989an euskarazko saria irabazi zuen Obabakoak liburuak; 1997an Haur eta gazteentzako lanen saria irabazi zuen ("Xola eta basurdeak"); eta 1999an gaztelaniazko saria, Lista de locos y otros alfabetos lanarekin.

Idazleari berari galdetu diogu lan honen inguruan, non eta nola hasi zen idazten, zein izan den idazketa-prozesua eta liburuaren ibilbidea... eta hona utzi digun erantzuna:

Liburuaren sorrera

Renon egon ginen 2007ko abuztutik 2008 ekainera, baina han beste testu batzuk idatzi nituen. Aurrena, Charlotte eta tximuak izenekoarekin hasi nintzen, baina ehun orrialde inguru idatzitakoan bihurgune bat hartu nuen, eta bihurgune horren ondoren beste testu bat azaldu zitzaidan, gero Zazpi etxe Frantzian tituluarekin argitaratuko zena. Charlotte eta tximuakek hortxe segitzen du, erdi lo. Ez dakit esnatuko dudan.

Nolanahi ere, Renon hasi nintzen Nevadako egunak izango zenari buruz pentsatzen. Eta idazten ere bai, blogean atera nituen zati haiek, kronikaren formari lotuak. Gero beste era bateko oharrak hartzen hasi nintzen koadernoetan, kronika ez zirenak, baizik eta, hola esaterik badaukat, poesiarekin lotura zutenak. Azkenean, ohar horiek erabaki dute liburuaren muina, eta kronikak abiapuntu bezala geratu dira.


Bernardo Atxaga Pyramin Laken.

Memoria

Ez dut memoria behartzen. Ohar gutxi hartzen ditut, eta hartzen ditudan asko oso orokorrak dira. Denborari buruzko hau hartu nuen, esate baterako:

"Denbora mehetu edo loditu egiten da. Udaran, loditu, eta ondorioz, mantsotu. Denborak, beraz, orearen edota labaren hainbat xehetasun ditu".

Eta baita beste hau ere:

"Zenbat aldiz bizitzak erakutsitakoa baino haratago joan nahi; ez dagoena (egon ezin daitekeena) ikusi nahi... baina lur arruntaren azpian ez da urrezko txanponik, baizik eta, berriro ere, lur arrunta.

Eta eman eskerrak kristal pusketari ere, bidean zoazela eguzkiaren izpi batekin bristada egin duelako; ez eskatu diamantea izan dadin...

Gogoan izan: superstizioak, jarrera paranoikoak, maitasun berantak ("Os vellos non deben de namorarse").

Eta azkenekoa, ikus dadin ohar zehatzagoak ere hartzen nituela. Ingeles pribatu makarronikoa erabiliz, gainera:

Ringo Bonavena. Boxer. Cassius Clay-Ringo Bonavena. Mustang Ranch. Love-trip with Joe Comforte's wife? Willard Ron Brynek karabana erre zion, gero hil egin zuen pistolaz (Conforte's inspiration? Ala prostituta gazte bat kendu nahi izan ziolako?). Errebolberra ezkerreko bota-barrenean.

Ezagutzen al dituzu eltze berri horiek, autonomoak direnak? Zuk sartu osagaiak, sakatu lasagna dioen botoia, eta lasagna egiten du bere kabuz. Hori da nire ideia memoriari buruz. Esan bezala, ez dut behartzen. Nik uste memoriak, eltze horrek bezala, halako arima ezkutu bat daukala, eta berak gidatzen duela gure eskua idazteari ekiten diogunean. Halako batean, Jose Franciscoren pasartea idazteko gogoa etorri zitzaidan, Obabakoaken ere aintzat hartutakoa. Baina ez zegoen nire kalkuluetan. Eltzeak erabaki zuen.


Ford Sedan, "Obaba". Reno 2007.

Lan gogorra

Zazpi etxe Frantzian atera eta gero lanean hasi nintzen, egunero zerbait idazten. Azkeneko urteak, 2011, 2012, 2013 gogorrak izan ziren alde horretatik.

Gainera, behar baino gehiago idatzi nuen, eta azkeneko lana kentzea izan zen, liburua ia erdira ekartzea. Oraintxe bertan, kanpoan utzi nituen bi testurekin ari naiz: "Lawrence Arabiakoaren irudia" eta "Andoniren heriotza LSDren argira". Garaiz ibiltzen banaiz, Txoriak kolpeka tituluko liburu txiki batean azalduko dira Durangon, Pamielaren Upaingoa sailean.


College Drive, Reno NV. Etxe horretan bizi izan zen Irazu-Garikano familia urte betez.

Itzulpenak

Gaztelaniaz atera zen liburua, Días de Nevada tituluarekin, eta uste dut oso irakurria izan dela. Euskaraz bezala, bestalde. Gainera, nola esan ere ez dakit, liburu honek irakurle oso hurbilak izan ditu. Bestelakoak ere bai, noski, baina hori normala da, normalean arrotzak gara elkarrekiko, indiferenteak bestearen esanaren aurrean; baina beste gauza arraro hori ere gertatu da, irakurle hurbilak, liburuarekin sintonia betea izan dutenak.

Zehatzago erantzunez, badakit liburua frantsesez aterako dela, eta ingelesez, berriz, underway omen dago, oraintxe ari dira irakurtzen eta aztertzen. Nolanahi den, ez da erraza izango, ez baita nobela bat, eta nobela ez dena ez zaie salesmen delakoei gustatzen. Garaion ezaugarri bat da: orain nobelak eskatzen dituzte, gero segidan generoko nobelak eskatuko dituzte, hurrena historikoak edo poliziakoak, halakoak bakarrik… beraz, bide meharrak, gero eta meharragoak. Badakizu, saltzaileak ez dira oso sofistikatuak izaten. Lanorduetan behintzat, ez.

Bestalde, itzulpenek denbora behar dute. Obabakoak datorren urtearen hasieran aterako da Lituanian, argitaratu eta hogeita seiren bat urtera. Turkian eta Alemanian, berriz, berrargitaratu egingo da. Zazpi etxe Frantzian Albanian aterako da. Holaxe, poliki baina ondo.

Nolanahi ere, idazleon arazo handiena ez da saltzaileen boterea, baizik eta piratena. Lehengoan jakin nuen, Días de Nevada argitaratu zen egunean bertan internetetik dohainik jaisteko aukera zegoela. Ez dago deretxorik. Filipinetako galeoi edertasunez betea filibusteroengandik babesteko eskolta-ontzi bat jartzen omen zen, kanoi eta guzti. Guk ere halakoren bat beharko dugu, lapur horiek erraustuko gaituzte bestela.