Astoa eta Euskal Hiria
03-12-2007 ¦ Astoarena
Edward Lear-ek zioena egia bada, alegia ez dagoela izena jartzea baino ekintza poetiko zailagorik, ez zen gutxi nik egindakoa, eta poztu egin nintzen astook ohi dugun moduan, eta bizpahiru saltotxo ere eman nituen bide zidorrean; geroxeago, ordea, zalantza sortu zitzaidan ez ote nuen txirula hura ustekabean jo -hori ere oso gurea baita- eta izenaz haratago joatea erabaki nuen, ideia zabaltzea.
Modu batera edo bestera, hurrengo hainbat hitzalditan hartu nuen gaia aintzat, eta aurren-aurrena eskola publikoaren inguruko jardunaldietan, Bilbon, Burtsa zaharreko eraikuntzan; ondoren, Talaia fundazioak Donostian antolatutako forum moduko batean. Hiriaz ari garenean zer hiru errealitate izendatzen ditugun azaldu nuen haietan, zer hiru gauza den Hiria: gune fisiko bat, aurrena, latinoek urbs deitzen zutena; jendarte edo bizilagunen multzoa bigarren, civitas; azkenez, antolamendu politikoaren aldetik ikusita, polis. Jakina, ez zen nik asmatutako teoria. Ehunka liburutan azaltzen da. Hirigintzako ABC edo katoietan ere bai.
Hiru errealitate horiek gogoan, horrelako edo antzeko lerroak irakurtzen nizkien entzuleei:
"Bonaparteren mapan errepresentatzen den Euskal Herria hiri bat da gaur egun urbs delakoaren ikuspuntutik, edo, bestela esanda, eskualde metropolitano bat. Civitas-en ikuspuntutik ere halaxe da, hiri bat, zeren bertako gizartea metropoliko erritmoan bizi baita, talde eta komunitate desberdinetan banatuta, komunikazio sare konplexu bat eskura duela. Ikuspuntu politikotik, ordea, ukatu egiten da oinarri hori, eta goi-planoan, teoriarenean edo utopiarenean, "nazio bat, unitate politiko bat" dioen XIX. mendeko tradizioan kokatzen dira partiduak, eta Euskadi Independentea ala Espainia Batua aldarrikatzen dituzte; behe-planoan, berriz, egunerokoan, probintzialismoa da Gauza Publikoaren eragilea; XVIII. eta XIX, mendeei dagokien teoria, hau ere. Lurralde historikoak aipatzen dira, baina, setaz jantzita ere, probintzia beti probintzi".
Errazagoa izaten da, noski, gure ideiak ukazio bitartez azaltzea, zer ez genukeen nahi adieraziz, eta gehiago kosta zitzaidan Euskal Hiriaz modu positiboan hitz egiten hastea. Azkenean -ez dira luzeak izaten astoaren saltoak- aurrerapauso txiki bat eman ahal izan nuen Atenasen fundazioari buruzko hainbat interpretazio irakurri ondoren, oso bereziki Sofokleren Ayax tragediari buruzkoak. Esan nuen orduan Euskal Hiriak polisaren tradizioa bereganatu behar zuela, eta etnia zein talde zein gutxiengo guztiak (euskaldunak, erdaldunak, Iparraldekoak, Hegoaldekoak, emigranteak, ateoak, fededunak, homosexualak, heterosexualak, frantximantak, abertzaleak, españolistak, indiferenteak...) elkarrekin eta bakean bizitzeko helburuaren alde jokatu. Alde horretatik, ahalegindu egin beharko genukeela helburu horrekin lotutako gune kultural edo espiritual bat sortzen; legez eta arauez eraikitako gunea, cosmos bat litzatekeena, desberdintasun guztien etxe; Atenas izango litzatekeena, eta ez Esparta.
Behe-planoan, berriz, alde pragmatikoari dagokionez, hiri ororen antolaketa opa nion Euskal Hiriari, hots, gune zentralizatu bat izatea. Gurea bezalako lurralde txiki batean, logikaren eta zentzuaren aldeko pausotzat jotzen nuen, eta jotzen dut, zentralismoa. Edo, kontrako aldetik begiratuta, probintzialismoak, munizipalismoak eta gainerako botere-gune ugari eta paraleloek sortutako labirintotik ateratzeko modutzat.
Zinez, etorkizuneko Euskal Herriaren marrazki orokor hori "Euskadi" zein "España" kontzeptuez at kokatzen zen; Jardiel Poncelaren bromarekin esanda, Euskal Hiria ez zen izango "ez Espainia eta ez Euskadi, baizik eta guztiz bestelako zerbait". Eta, noski, hiru, lau edo zazpi probintziatan banatutako lurralde kontzeptzioak ere alde batera gelditu beharko zuen.
Ez nuen agian hain garbi esan hitzaldi haietan, zeren kosta egiten baitzaio pertsonari -zer esanik ez astoari- buruko pentsamendu nahasiei forma ematea; baina, nolanahi den, zalantza gabea izan zen hasiera-hasieratik ez nituela nik errepideak edo trenak gogoan, ezta euskal gizartean gertatzen ari diren migrazio mugimenduak edo antzeko arazoak ere. Gogoan neukana ideia abstraktuagoa zen, alegoria bat. Aztertu egin beharko zen gero polis mota horrek -Euskal Hiriak- gaur egungo urbsaren eta civitasen antolaketan izan zezakeen eragina.
Bolada aski luze batez lanpetuta ibili nintzen, eta ez nien hitzaldi haiei segidarik eman. Ustekabea ondorenean etorri zen, lanak bukatu eta berriro kaleratu nintzenean: Euskal Hiria politikoen ahotan eta txosnetako karteletan zegoen. Lehenengoek Abiadura Handiko Trenarekin lotzen zuten; bigarrenek ere bai. Alde batera, harrotu egin nintzen pixka bat, zeren ez baikara gure espezieko guztiak Platero bezalakoak edo Francis Jammesek kantatu zituen haien mamikoak, umilak eta, horrela esatearren, Asiseko Frantziskoren leinukoak; bestera, ordea, kezkatu egin nintzen. Izena bai, baina ideia ez zen nirea. Urbs kontuak ziren haiek, ez nik aipatutakoak. Egia Abiadura Handiko Trenaren premia nonbait aipatu nuela, baina iritzi solte bezala, ez bereziki Euskal Hiriarekin lotuta. Euskal Hiria, nire buruan, utopia baten izena zen artean.
Gaiari heldu behar izan nion ostera, baina ez zen argirik izan, baizik eta lardaska. Ez neukan daturik, eta eskatzen nituenean -"ba al dago ikerketa emaitzarik propaganda ez denik?"- orokorkeriak jasotzen nituen. Zenbat gustatu izango zitzaidakeen jende aurrean eseri, 30 orrialdeko txostena zabaldu eta probintzialismoak sortzen dituen desekonomiak eta deskudeaketak zehatz eta mehatz azaltzea!
Esatea, adibidez:
- "Probintzialismoak burokraziaren hipertrofia eragin du, eta Finlandiakoarekin konparatuta hemengoa 17.6 puntu gora dago giza baliabideen aldetik, eta kostuetan berriz 15.5 puntu gora. Kudeaketari begiratzen badiogu, berriz, Finlandiakoaren abiadura 8 mailakoa da; gure artean, 2koa. Esan nahi da egitasmoek, bataz beste, lau aldiz denbora gehiago behar dutela hemen Finlandian baino.
Esatea, baita ere:
- "Probintzialismoak %32 jaitsi du euskal unibertsoaren sinergia. Leku batzuetan, Bilbon kasu, beherakada hori nabarmena da, gune erdalduna baita irrati zein telebista publikoarentzat. Nabarmena da, baita ere, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harreman kulturalaren ahulezia, bere indizea 3,2tik pasatzen ez dela. Izanez ere, ez da Hegoaldeko eskoletan ezer erakusten Iparraldekoaz".
Baina, zenbakirik aipatu ezinez, nire esperientzia pertsonalera jo behar izaten nuen; bigarren mailako iturri batera, ikuspegi subjektibora. Halaxe egin nuen, kasu, Arizmendiarretaren Oroiteguna zela eta Arrasaten emandako hitzaldi luze batean, eta Ipupomamua izeneko proiektuaren patua azaldu nuen: "Pasatzen naiz batzuetan eraikuntzak egon beharko lukeen larretik, eta hiru ardi ikusten ditut belarrari koxkaka. "Hara hor euskal proiektu bat", esaten diet nirekin gertatzen direnei. Eta nik uste hamaika izango direla horrelakoak, euskal labirinto administratibo- politikoan galduta gelditu diren proiektuak. Abantaila ardientzat, noski".
"Niretzat berriz galera", gaineratu nahi izan nuen, alferrik galdutako hamarka orduak gogoan hartuta; zeren asko izan baitziren idazkiak, bilerak, gutunak, deiak, joan-etorriak. Baina ez nuen karta hori jokatu nahi izan: ez zezala inork pentsa helburua kexua edo lanturua zela, eta ez kritika.
Arrasateko hitzaldian aritu nintzen Euskal Hiriak alegoriaren mailan adierazten zuenaz ere, eta Julio Medemen La Pelota Vasca filmean erabilitako metafora bat berreskuratu nuen, artxipielagoarena. Euskal Herriaren artxipielagotasuna konpontzeko bide bat izan nahi zuen Eukal Hiriak:
"Euskal Herria hamaika uhartetxoz osatutako lurralde bat da. Eta uhartetxoak ez daude beti ondo komunikatuta. Errepasa ditzagun gauden leku honi ematen zaizkion izenak: "Euskadi", "Euzkadi", "Euskal Herria", "Vascongadas", "País Vasco", "Pays Basque", "País Vasco-navarro", "País vasco-francés", "País Vasco-español", "Comunidad Autónoma", "Erkidego autonomoa"…bistakoa da, izen asko dira mapan ikusi ere egiten ez omen den leku batentzat. Gainera, zalantzan jarrita daude denak, alde batetik edo bestetik: batzuek ez dute, kasu, "Vascongadas" sekula esaten, edo umore zakarrez bakarrik esaten dute; beste batzuei higuingarri egiten zaie "Euskadi" aditzea ere..."Lehen une batean, izen ugaritasunak inguru honetan bizi den jendearen kultur desberdintasuna adieraziko luke, hizkuntzari buruzkoa batez ere; bigarrenean, bere ideologia politikoa. "País Vasco" -edo "País", besterik gabe- esan dezake, kasu, bilbotar erdaldun euskaltzale batek, eta batzuetan, zenbait girotan, "Euskadi" edo "Euskal Herria"; Vitoria-Gasteizeko politikari españolista batek ez ditu, ordea, azkeneko bi izenok erabiliko, ezta, agian, "País" soila ere -"nuestra tierra", "tierra vasca" bai, aitzitik-; nafar abertzale erdaldunenak, berriz, ez luke behin ere "País Vasco-navarro" esango, ezta umore mikatzenarekin ere -umore mikatzarekin, hasieran nioen bezala, "Vascongadas" erabiliko luke-; litekeena da, gainera abertzale nafar batzuek -Nafarroako erresumarekin lotutako ikuspegi abertzale "ez-bizkaitarra" dela eta- "Euskadi" bera ere oso kontuz erabiltzea. Pentsa dezagun, azkenez, Zuberoako nekazari batengan. "Eskual Herria" esango du ia beti, "Pays Basque" bestela. Halako izen mugikortasunak holograma baten tankera ematen dio artxipielagoari.
"Beste era bateko adibideak ere jar daitezke, baina izen ugaritasunak salatzen duena salatuko lukete denek: ez dagoela gure lurraldean gizarte homogeneo bat. Kultur berezitasunak daudela aitzitik, hizkuntza izanik horien artean nabarmenena edo, behintzat, aipatuena: hamaika lehiaren gai (…). Baina kultur berezitasunak hizkuntzaz haratago doaz. Esan beharrik ere ez dago. Ezin da bestela izan desberdintasun ekonomikoak handiak diren lekuetan. Eta halaxe hemen ere. Hemen… edo inguru horietan. Hala esan beharko dut Arizmendiarrietaren espiritua nirekin haserretu ez dadin.
"Euskal Hiria" beste izen bat da; bat gehiago jadanik luzea den zerrendan. Eta, nahiz zerrendako izen nagusiak ordezka ezinak direla jakin, uste dut abantailak dituela haien aldean, ideia, metafora edo utopia emankorra izan daitekeela. Eta aurreneko abantaila, bere egokitasuna kultur dibertsitatearen aurrean. Lurraldetasun mota hau -hiriarena- hobeto egokitzen zaio, nik uste, dibertsitate handiko gizarte bati, eta izan daiteke, ez gizartea erabat aldatzea asmo lukeen utopia heroiko bat, baina bai gizartearen, gure artxipielagoaren, bake soziala, elkarrekiko harreman ona, bideratzeko modua."
XXX izeneko memoria liburu txit interesgarrian, Carlos Garaikoetxeak dio LTH delakoaren aurka egoteagatik etorri zela gehienbat bere alderdiarekiko liskarra eta Lehendakaritzaren uztea, hots, antolamendu politiko zentralizatuagoa nahi zuelako Euskadirentzat. Pentsa zitekeen, beraz, Euskal Hiriaren asmoa ere lerro horretan kokatu nuenez, bukatuko zirela politikari ofizialen aipuak eta, ondorioz, ez hain ofizialen arbuioak. Baina ez zen hala gertatu. Kontrakoa: famatu egin zen izena.
Egun batean, joan ginen familia guztia herri inguruan jarri nahi zuten enpresa kutsatzaile baten aurkako ekitaldira eta, bat batean, hizlariak niregana zuzendu zuen hatza: "¡*Ahí andan algunos hablando de la Euskal Hiria! ¡Pues ahí la tienen*!...". Eguzki taldeko ordezkaria zen, eta astro erregearen indar guztiarekin zuzendu zitzaidan. Bazirudien ni neu nintzela gas toxikoen ekarlea eta ur zikin eta kirastuen abokatua.
Astooi kosta egiten zaigu gure belarrien mugimendua kontrolatzea, eta halaxe gertatu zitzaidan orduan ere, dardarizoekin bezala jarri zitzaizkidala hitz haiek entzunda. Inguruan neukan jendea -familia, auzoak, herritarrak- erne zegoen zain, zer gertatuko ote zen, zer erantzungo ote nion.
Baina ez zen ezer izan. Zenbat gustatu izango zitzaidakeen, orduan ere, 30 folioko txostena eskura edukitzea! Erakustea, daturik datu, Euskal Herrian gaur dagoen botere partiketagatik eta antolamenduagatik gertatzen zirela halakoak! Nahikoa zela, alegia, organigrama labirintikoan ondo kokatutako politikari, burokrata eta enpresario taldexka bat zeinahi faktoria indeseable erreserba ekologiko batean eraikitzeko. Ez al zuten hura bezalako izaki eguzkitsuek joan-etorririk egiten Iparraldera, eta konturatu in situ hirigintza zentralizatuak paisaian dituen ondorioak? Ala, zer pentsatzen da, Hegoaldeko etxe eta auzune anabasa -eta zarateria, eta zikintasuna- gizabanako gaizto batzuen eragin hutsa dela? Kapitalismoaren errua? Baina ez zen txostenik, ez zen daturik, eta gainera ez nuen uko fuertean hasi nahi; ez familiaren, auzoen eta herrikideen aurrean.
Sartu zen eguzkia azkenean, eta bukatutzat jo zen bilkura. Hartan, nire herritxuko alkatea ikusi nuen niregana egiten, eta ikaratu ere egin nintzen ez ote zidan kargu hartuko: "Irazu, a mí no me pongas fábricas en Úrbia". Baina bestelako kezka zekarren berak. Esan zuen, niregana tinko begiratuz: "Irazu, ¿qué te pasa en las orejas, que se te mueven tanto?". Herentziako gauza zela erantzun nion, ezer kezkagarririk ez.
Raymond Radiguetek nobela batean dio aukera eman ziotela katu bati kortxo bat isatsari lotuta eraman bizitza osoan, ala aingura bat eraman urtebetez. Eta katuak aingura aukeratu zuela, kortxoak, denborarekin, aingura baten enbarazu berbera egingo ziolakoan.
Karga gehiago eraman dezakegu astook katuek baino, baina Euskal Hiriari buruzko erreakzioa astun egiten hasi zitzaidan; nire belarrien mugimendua, gaitz kroniko.
Beste modu batera pentsatzen hasi nintzen. Ikasi nuen azkenean lehendik askok zekitena, ekonomikoki ondo dauden gizarteetan oso antipatikoa suertatzen dela problemen aipamena; harrokeriatzat hartzen dela -"horrek ze uste?u!"- edota edukazio txarreko zerbait bezala. Azken batean, arazoei buruzko eztabaidak afari goxo baten osterako utzi beharko lirateke -"mundua konpontzeko" une aparta baita hori-, eta, hortik aurrera, espezialisten esku. Edo bestela, azken aukera -alternatiboek eta iraultzaile intermitenteek ondo dakite hau- apaingarri gisa erabiltzeko. Zer esan? Agian egia handi bat ezkutatzen da ergelkeria guzti horren azpian. Jainkoak zuzen idazten omen du gizon-emakumeen lerro okerretan.
Labur, Lekuak izeneko liburu batean bildu nituen nire gogoetak. Gainera, azken hitzaldi bat prestatu nuen gaiaren inguruan, Otra mirada, gune honetan bertan aurki daitekeena. Besterik izango denik, ez zait iruditzen.
------------------------------------------------
PD. Duela gutxi, literatur sari baten zeremonian, Euskal Hiria aipatu omen da berriro. DV digitalean irakurri nuen: "En los comentarios que los diferentes críticos literarios han hecho de la recopilación de cuentos Euskal Hiria sutan, han remarcado la referencia que se hace a ese término de Euskal Hiria, acuñado por Bernardo Atxaga. Ya en el primer cuento del libro, aparece una pancarta con estas expresiones: Euskal Hiria: kapitalismoaren joko taula berria. Txikizioa gelditu. AHTrik ez (…) Frente a esa idea de Atxaga, en este libro de cuentos aparece un territorio en el que la diosa Hipocresía reina a su antojo, según la crítico Iratxe Retolaza, y en el que nadie es capaz de comportarse con lealtad".
Ez da bakarrik belarriak mugitu egiten zaizkidala; hegazkin baten helizeek bezala egiten didate jira. Laster naiz airean.
Respuestas
#1. Igor Calzada ¦ 2008-06-03 ¦ 20:09
Bernardo, ok. Jasoa eta irakurria. Txostena baino..."Jainkoak zuzen idazten omen du gizon-emakumeen lerro okerretan", horren inguruko zerbait. Ergelkeriari mugak jartzeko hesia, eraikitzearekin, kontent. Agur bat, Reno (Nevada) USAtik. Igor.