« Vuelve al blog

Caucus

05-02-2008  ¦  Nevadako egunak

Baina hain urrutira -hain egia orokorretara- joan gabe, deskriba dezadan caucus bat.

Bada, iritsi da jendea caucus delako bilkura egingo den ikastetxera, eta nork bere agiria erakusten du; agiririk ez daukanak, artean alderdikoa ez delako, hantxe bertan betetzen du dokumentu bat, eta O.K., areto barrura.

Aretoan, haur-eskoletako geletan bezala, txokoak daude. Iskina batean, aulki batek "Obama" dioen paper bat dauka erantsita, eta, hain zuzen ere, huraxe da hautagai horri botoa eman nahi diotenen txokoa. Beste txokoetan, Hillaryren aulkia, Edwardsena edo Kucinichena daude. Hainbat partaidek txoko horietara jotzen du segituan; gainerakoak, gehienak, aretoaren erdian esertzen dira.

Bi gazte daude jendaurrean, eta alderdiko buruen ongi etorria irakurtzen dute azken partaidea sartu eta atea itxi orduko. Gero, hautesleen onespena eskatzen dute ekitaldiaren zeremonia-maisu eta idazkari izateko. Oihu egiten dute denek. "Oso ondo, eskerrik asko", esaten du zeremonia-maisu bezala onartu berria izan den gazteak, eta gutun-azal handi bat erakusten du. Alderdiak dirua behar du, laguntzak ondo etorriko dira. Abian jartzen da gutun-azala, eta, kasu honetan, leku eta nazio guztietakoa gertatzen da: batzuek ematen dute, gehienek ez.

Zenbatu egiten da jendea, eta botoa eman dezaketenen kopurua jakiten da. Ni egon nintzen gelan, 182 ziren. Jarraian, kopuru horren %15 kalkulatzen da: 27, apur bat borobilduz. Zenbaki minimoa dute hautagaiek. 27 boto ateratzen ez dituenak, delegaturik ez.

Denak isildu eta ekitaldiko idazkariak telefonoz deitzen du alderdiko bulegora, eta suertatu diren zenbakiak adierazten dizkio.

Heldu da bozketa, zein bere txokora doa. Obamaren aldekoak Obamarenera, eta beste guztiak berdin. Segituan ikusten da, grosso modo, nor den irabazlea, baina, noski, datu zehatzak behar dira. Beraz, eskuak gora. Bat, bi, hiru lau... kontatu denak eta zenbakiak ozenki adierazi: 124 Obamak, 43 Hillaryk, 12 Edwardsek, 3 Kucinechek.

Beraz, Edwardsek eta Kucinichek ezin dute delegaturik izan, eta kontua da zer egingo duten 12 gehi 3 horiek, beren botoa harrika botako duten ala beste hautagai bati emango dioten. Hamabost minutuko epea zabaltzen da auzia erabakitzeko, eta tarte horretan bai Obamaren jarraitzaileek eta bai Hillaryrenek 12 gehi 3 horiengana jotzen dute, eta haiek erakartzeko lanari ekiten diote.

Bukatu da ordu laurdena, aldatzen dira batzuk taldez, eusten diote besteek bereari, eta berriro ere zein bere txokora eta kontatzera: 128 Obamak, 44 Hillaryk. Ordurako kanpora joan dira amore eman ez dutenak: Edwardsen posterrak zeramatzatenak; Kucinich -demokrata ezkertiar bat- apoiatu duen rastafari familia.

"Ba al du inork ezer esatekorik?", galdetzen du zeremonia-maisuak. Ez, ez da halakorik. Beraz, idazkariak alderdira deitzen du berriro emaitza jakinarazteko. Obamari botoa eman diotenek txalo eta batez ere -gazteak dira- oihu egiten dute.

Bagoaz denok kanpora, bukatu da caucusa gure auzoan. Gero jakingo da zer gertatu den beste auzoetan, zer herri txikietan, eta nork lortu dituen delegatu gehiago Nevadan. Zein den delegatu horien benetako indarra? Ba, ez dago hain garbi. Alderdiak iradokizun modura-edo hartzen omen du haien esana. Baina ezin dut zehatz esan. Caucus edota primary delakoez harantz, Estatu Batuetako demokraziaren moduak sofistikatzen hasten dira; ez da ohizko sukaldea lau su eta labe bakarrekoa.

 

Enviar



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik