« Vuelve al blog

Hillary Clinton

31-01-2008  ¦  Nevadako egunak

Zirrikitu baten bila, jende multzoaren ertzera jo genuen aurrena, pertsona urrituentzako esparru bereziaren atze aldera; han ordea traba egiten genien gurpil-aulkietan iristen zirenei, eta ekitaldirako korua osatzen zuten militanteen taulaturantz mugitu ginen. "Nahi baduzue, igo", esan zigun antolamendu lanetan zebilen andre batek. Jauzi bat gora, eta hantxe geunden bat-batean, koruko kide guztiekin batera. Hillaryrentzat prestatutako hutsunea, eta haren erdiko taulatu txikia, aurrez aurre geneuzkan; ekitaldira joandako mila eta gehiago pertsona, eroso ikusteko moduan.

Lehen begi kolpean, Nevadako irakasleen edo gizarte-langileen urteko batzarra-edo ematen zuen hark, erakunde duin baina baliabide gutxiko batek antolatua: diseinuko eszenografiarik ez; fokuak, neurri-neurrian; banderak, bi, erraldoiak baina oihal arruntekoak, ez setazkoak edo seta itxurakoak Obamak Grand Sierra Resorten bertan eskegi zuena bezala. Bi salbuespen paisaia apal hartan: telebista kamerak eta sarrerako alfonbra koadratu gorri bat, Hillary izena zeramana. Baina kamerak, eta kazetariak oro har, gutxi ziren aukeran, eta alfonbra, berriz, aretoak eskatzen zuena baino hamar bat aldiz txikiagoa. "Zure soinekoa ikustean jakingo dut asturuak ekarriko diguna", dio poema zahar batek. Ikusten ari ginen soinekoaren arabera, galtzaile baten zain geunden.

Mugimendua ere ez zen handia. Bi edo hiru gaztek -ez daude den-denak Obamarekin- kanpainako posterrak banatzen zituzten: Solutions for America, zioten gehienek. Beste batzuek Hillary for President. Horretaz gain, hirugarren lema bat kamisetetan: Ready for change. Ez zegoen foiletorik.

Las Vegasen atzeratu eta berandu iritsiko zelako albistea zabaldu zen, eta hizketaldi askoren zurrumurruak hartu zuen aretoa. Jende multzoaren lehen lerroetan zeudenei egin nien so: hamarretik zazpi emakumezkoak ziren, feministen ezaugarriekin gehienak; gizonezkoak, aukeran helduagoak, 1970eko jende progresistaren tankera eta jarrerakoak.

"Soziologoek arrazoi", esan zuen nirekin zegoen lagunak. Soziologoek diote emakumezkoek eta pertsona helduek emango diotela botoa Hillaryri, eta boto horrek eramango duela ez bakarrik hautagai izatera, baita Estatu Batuetako Presidentea izatera ere. Boto horrek eta, jakina, hispanoenak, hispanoentzat oso ona izan baitzen, diotenez, Bill Clinton, "espainolez hitz egin zuen lehen presidentea".

Punpuila bat bezala hazten zen jendearen zurrumurrua, eta punpuila bat bezala desegiten aretoan zerbait gertatzen zen bakoitzean. Baina gertatu, oso gauza gutxi gertatzen zen. Atrila ekarri zuten, eta bazirudien, hala iruditu zitzaion behintzat mututu zen jendeari, orduantxe azalduko zela hautagaia; baina ez. Geroxeago, gizon beltz eta ondo trajeatu batek korrika zeharkatu zuen aretoa, eta orduan ere talaian jarri ziren denak; baina, sonetoan bezala: fuese, y no hubo nada. Arratsaldeko bostak ziren ordurako. Ordubeteko atzerapena.

Bi musikari zeuden gure taulatu berean, eta abeslaria -frantsesa ematen zuen amerikanoa baino gehiago- jendeari zuzentzen zitzaion aldian behin: "Hillary Clinton bidean da!" "Hillary Clinton, Estatu Batuek izango duten lehen emakumezko presidentea!" Jendeak, luze iritzita baitzegoen, baina ez hotz edo haserre, txaloka eta posterrak astinduz erantzuten zion. "Ez al duzue hasi behar?!", galdetu zion norbaitek hirugarren edo laugarren aldian. Eta, bai, hasi ziren. Kanta amerikar tradizionalak, baina ez bereziki Mendebaldekoak edo country estilokoak.

Pertsona urrituentzako esparru aurrean zutik jarrita, emakume batek gormutuen hizkuntzara itzultzen zituen kantuak. Bi gizon hurbildu zitzaizkion, berarekin hitz egin nahi balute bezala; baina aurrera jarraitu eta atril ekarri berria kendu zuten Hillaryrentzat prestatutako taulatu txikitik.

Bosgarren edo seigarren kantuan, txaloak eta oihuak musikaren gainetik igo ziren eta, hanka puntetan, alboko aterantz jarri zen areto guztia. Airean, astindua gora eta astindua behera, beste guztiak baino handiagoak ziren bi pankarta azaldu ziren, Estatu Batuetako bandera eta Turkiakoa batzen zituztenak: Turkish-americans with Hillary. Isildu egin ziren musikariak, argazki kamaren flashak piztu. Hillary bizi-bizi sartu zen aretoan eta ia korrika txikian abiatu zen taulaturantz. Tarteka, gelditu une batez eta ezagunen bat agurtzen zuen sinpatiaz.

Taulatu txikira igo zenean, 70eko progresisten jokaera: txalo egin zion txaloka ari zitzaion jendeari. Traje beltz bat zeraman, eta lepo borobileko blusa, urdin argia. Luze gabe, berarekin etorritako jeneral erretiratuak seriotasunez aurkeztu zuen. Aspalditik ezagutzen zuela Hillary, eta bazuela haren gaitasun handiaren berri; bazela garaia emakume bat Etxe Zurian ikustekoa.

Newsweek aldizkariari emandako elkarrizketa batean, Hillary Clintonek zioen ez zela bera, nortasunez eta heziketaz, sentimenduak azaleratu zale, eta ez zuela sekula "bere arima sonbreiruaren puntan ibili"; baina ohartuta zegoela -ohartarazi zutela lagunek-, jendeak nahi zuela hori ere, jakin egin nahi zuela bera nolako pertsona zen; ez bakarrik zer pentsatzen zuen honetaz eta hartaz; horregatik ez zituela zapuztu New Hampshireko malkoak... Bada, hori egia bada -eta izango da: izaera baten moduak ez dira goizetik gauera asmatzen-, kanpaina honetan askatzen ari den andre hau Europako jende askok duen irudiaren aurkakoa da; ez hotza, baizik eta hurbila; fuertea, bai, baina bere krisiak ere pasa dituena, ukitua. Las Vegaseko jardun luzearen ondoren, ahotsa apur bat marrantatua zeukan, eta xehetasun horrek areagotu egiten zuen hurbiltasun inpresioa.

Aspaldiko politikari baten aipu batetik abiatu, eta belaunaldi berriei buruz hitz eginez osatu zuen sarrera. Aldaketa egiteko orduan seme-alaba eta ilobengan pentsatu beharra zegoela, haien etorkizuna zegoela jokoan. Jarraian, kanpaina honetako gai nagusiak hartu zituen aintzat, labur baina pausatuki: hezkuntza, gerra, gerrako beteranoen egoera, eta, batez ere, osasun sistema.

"Zuetako zenbatek ezagutzen du osasun asegururik gabe dagoen norbait?", galdetu zion jendeari, asanblada batean bezala. Eta, asanblada batean bezala, irakasle edota gizarte-langile itxurako ehunka pertsonak besoa altxa zuten. "Eta zenbatek ezagutzen du -jarraitu zuen Hillaryk- aseguru etxearekin arazoak dituen norbait?" . Berriro ere, ehunka besok gora egin zuten.

Entzuleen arteko andre bat zorabiatu eta lurrera joan zen bat-batean; halabeharrez, noski, baina esanahiz kargatutako gertaera bat mamituz. Norbaitek botila bat ur pasa zion Hillaryri, eta Hillaryk zorabiatua zegoenarengana zuzendu zuen. "Niri ere gertatu zitzaidan behin Florentziako museo batean. Daviden eskulturari begira nengoen, eta buruz behera sentitu nintzen bat-batean". Komentarioa ez zitzaidan hutsala iruditu. Ez bakarrik Europari buruzko aipamena zelako -zalantzarik gabe bera da hautagairik europarrena-, baita artelan klasiko bat aintzat hartu zuelako ere. Caucusetako lehian, erromantikoa bestea da, Obama; Hillaryri klasikoa izatea suertatzen zaio; klasikoa, edo bestela, Michelanchelo bezala, aurre-erromantikoa.

Hautagai guztiek badakite kritika edo ele gaizto batzuk mahai gainean daudela, edo hobeto esanda, buruan dauzkatela entzuleek, baita aldekoenek ere. "Nire osasun plana ez omen zen ona", esan zuen Hillaryk ostera hariari heldu zionean. "Badakit ezetz! Horregatik pasa ditut 14 urte nola hobetu pentsatzen!". Mikatzagoa izan zen Whasington-go presio talde edo lobbyekin lotuta dagoela leporatzen diotenekin. Bera bezain whasingtondar dira aurkariak, bere ustez. Esate baterako -ez zuen berak izenik esan, baina beharrik ere ez, egunkarietan dago-, nor izan da Obamaren babeslea Nevadan? Ba, lobbyist ezagun bat.

Hizlari aparta, Hillary Clinton. Beste hautagaiek, eta Obamak nabarmen, txalo eta oihu gehiago eragiten dute jende artean; hark ordea isiltasun haundiagoa. Jendeak sumatzen du haren iritziek sakontasun bat dutela, eta begirik kliskatu gabe aditzen du hitz bakoitza. "Zure soinekoa ikustean jakingo dut asturuak ekarriko diguna". Baina ez da dena poeman bezala. Soinekoaren arabera galtzaile zirudien Hillary Clintonek; baina, bere diskurtsoa entzun ondoren, inork ez zuen soineko hura ikusten.

"Errealitatea inportantea da", entzun nion behin Rodríguez Adrados helenistari. Funtsean, gauza bera dio Hillary Clintonek. Estatu Batuetako biztanleek sinesten badiote, eta sinetsi era literalean, nazio honetako hurrengo presidentea bera izango da.

 

Enviar



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik