« Vuelve al blog

Bi gau amerikar

19-11-2007  ¦  Nevadako egunak

King Kongek badaki zer den gogorkeria, suge erraldoia eta dinosauro ankerra ez ezik hainbat gizon hil baititu irlan eta hainbat neskatila bahitu urterik urte; baina oihanetik kanpo ez du ezer ulertzen. Harrigarria egiten zaio paparreko odola, ez baitaki zer diren balak, eta aparteko lehiakortasunik gabe ahalegintzen da hegazkinen aurka. Harrapatzen du azkenean bat, eta botatzen du lurrera; baina ez du horregatik atsedenik. Beste hegazkinek tira egiten diote berriro.

Balantza egiten du King Kongek halako batean, eta huskeriagatik lortzen du Empire Stateko orratzari helduta jarraitzea; nabari da bere amaiera hurbil dagoela. Une horretan, negarrez hasten da pantailari begira dagoen pertsonarik gazteena, zazpi urteko umea. Isilik aurrena; nabarmenago segidan. Filma bukatu arte, halaxe segiko du. Soinu-bandaren osagarri bat bihurtzen da bere negarra.

King Kongek bere nobleziaren froga bat ematen du azken unea iritsi dela konturatzen denean: Empire Statetik amildu aurretik, azken ahalegina egin eta salbu uzten du bere maitea, atzaparrean duen neska. Amildu egiten da gero, eta bere gorpua kalean abaildua ikusten dugu. Norbaitek dio ez dutela hegazkinek hil, bere maitasunak hil duela. Hor bukatu da filma. Ez ordea umearen negarra. Zabal egiten du orain negar, bihotz-begietan.

Ez dago kontsolatzeko modurik, eta beste alde batetik saiatzen gara: "Bai, min egiten diote; baina berak ere min egiten zuen. Konprenitu behar duzu hori". Umeak ere bere ikuspuntua azaltzen du zotinka: "Bai, baina berak nahi gabe, eta besteek nahita!". Alferrik da, azken puntura iritsi gara. Mab erreginak ekarriko dizkio agian amets eztiagoak ohera, eta biharkoa beste egun bat izango da.

II

Gaurkoa beste egun bat da, eta McCarran eta Northtown kaleen arteko gune komertzialean gabiltza Halloween jairako jantzi makabroen bila. Iluntzean, zazpiak aldera, sartu erosketak autoaren maletategian eta bagoaz denok Tacos kateko jatetxe batera, hantxe bertan, McCarranen gain batean.

Burger King?s moduko lekua da Tacos, eta ez du beste berezitasunik fast food delakoa mexikar kutsukoa izatea baino. Sukaldea agerian dago, eta han ari dira lanean nekatu itxurako gazte batzuk, gehienak neskak, gehienak hispanoak. Guztira, hamar mahai izango dira jatetxean, eta egia esan ez dira gehiago behar: bezero gehienek autotik jaitsi gabe, leihatila batean hartzen dute afaria; beste hainbatek plastikozko ontzietan eramaten dute sartu-atera bat egin ondoren.

Gure umeek hala nahita, gazte handi baten ondoan eseri gara. Hispanoa da bera ere, eta izugarri handia: 150 kilo izango da, eta hamarren bat zentimetro faltako zaizkio bi metrorako. Aparteko gorputz horren gailurrean, burua polita du: bola beltzaran bat, zeharo borobila.

Eseri orduko eskuak zikinduta dauzkadala konturatu eta komuneraino noa, hamabost pauso zuzen. Baina itxita dago, eta mahaira nator berriro, ez oso konforme. Ume batek dio zikin hura ez dela benetako zikina, baizik eta Halloween jairako makillaje hautsen baten arrastoa, eta afaltzeko lasai, ez zaidala ezer pasako.

Bete dira bost minutu, eta sukalde aurreko mostradoretik pasa beharra daukat dagokigun janaria hartzera. Badaezpada ere komuneko ateraino desbideratzen naiz: alferrik, itxita jarraitzen du. Hamar segundo geroago, areagotu egiten da nire konformetasun eza, oso zikina baitago, koipe eta saltsa kutsuarekin, mostradoreko tontorretik hartzen dudan bandeja. Janariarekin etorri zaidan neskari erakusten diot, "zer da hau?" esanez bezala, eta berak garbi bat ematen dit segituan.

Familiakoak jaten hasi dira, baina nire eskuak lehen baino zikinago daude eta gainera norbait berri ikusten dut mahai artean, txalekoa eta cowboy alkandora daramatzan gizon fin-fina. Hura egongo zela komunean pentsatzen dut, eta han noa nire esku zikinekin. Asmatu egin dut: amore eman du maratilak.

Bainugelan berealdiko kuntza dago, eta harrigarriena da zenbat paper dauden lurrean barreiatuta: konketaraino hurbiltzeko ia ezin dut lur soilean oinetakorik jarri. Kontu handiz garbitzen ditut eskuak, premiazkoa dena bakarrik ukituz. Ateratzerakoan, buzoi tankerako zakarrontzi bat lurrean botata dagoela ohartzen naiz.

Jende mordoxka bat sartu da lokalean, eta lerrokatuta jartzen dira denak sukaldeko mostradorean, bi polizia haien artean. Nabarmendu egiten dira, noski, beren uniforme urdin ilunekin eta beren pistola sendoekin, baina ez inor arduratzeko adina. Aitzitik, lasai eta apal daude, elizatxo batean funtzio bat entzutera etorri izan balira bezala. Baina, luze gabe, mugitu egiten dira, eta janaria ontzietan sartzen ari den neskarengana hurbildu. Neskak kide bat seinalatzen du, gazte handiarekin hizketan aritutakoa, eta honek ere seinalatu egiten du, baina kanporantz. Nik diot arazoren bat egongo dela gaizki aparkatuta dagoen autoren batekin, eta nola utzi ote dugun gurea. Ondo utzi dugula gogorazten didate.

Poliziak kanpora doaz presa handirik gabe, eta aldaketa bakarra, elizatxoa ematen duen gure jatetxe horretan, gazte sendoak ipintzen du. Altxatu bizi-bizi, jo sukaldeko aterantz pisuak galarazten ez dion arintasunez, eta hizketan hasi zaio neskari. Baina, esan ohi den bezala, gogor horietakoa da neska. Ehun kilo kenduko dizkio mutilak, burua eta gehiago garaieran, ez du bere gerriak haren lepoaren buelta izango; halere, modu displizentean erantzuten dio, jendearentzat janari-ontziak prestatzeari utzi gabe.

Lokala hutsik gelditu da. Ez dago ilararik sukaldeko mostradorean, joan egin dira mahaietan zeudenak, gazte handia eserita dago bere telefonoari begira. Ez da ezer entzuten, ezta sukaldean ere, bake-bakean dago dena. Gure umeak komikiak irakurtzen ari dira.

Jatetxean daude ostera lehengo bi poliziak eta hirugarren bat, eta beren ohizko lasaitasunarekin hurbiltzen dira komunera. Begiratu bat eman, eta mostradoreko neskarengana jotzen dute. Esplikazio baten bila, bainugelan ikusitako kuntza aipatzen diet etxekoei, eta bandejaren zikintasuna. Norbaitek deitu egingo ziola poliziari lokalaren higiene eza salatzeko. Burura, aparteko arrazoirik gabe, txalekoa eta cowboy alkandora zeramatzan gizon fin-fina etortzen zait.

Gazte handia altxa egin da, eta hiru poliziekin eta neskarekin dago orain. Hitz egin dute une batez, isilka orduan ere, elizatxo batean bezala, eta gazte handia eta bi polizia kanpora doaz. Hirugarren polizia barruan geratu da, neskarekin. Neskak sukaldea seinalatzen du oraingoan.

Gure ume zaharrenak kanpoan gertatzen dena ikusi du leihotik, eta dio: "Poliziak plastikozko zorro txiki bat bota du autoaren gainera". Zorroak zer edo zer badaukan galdetzen diogu, eta berak "azukrea edo holako zerbait" daukala erantzuten du. Azkar ikasten dira zenbait gauza: badaki ez dela azukrea, edo gatza, edo irina. Droga izango dela esaten diogu.

Ireki dugu jatetxearen atea kanpora ateratzeko eta gazte handia bertan daukate, eserita espaloiaren koskan, esku biak atzean eta burdinekin lotuta. Postura dela eta, garbi ikusi ahal da orain bere tatuajea, kokotean hasi eta bizkarrerantz hedatzen zaiona. Hiru poliziak inguruan daude. Ez gaituzte agurtzen, normalean bertatik bertara egingo luketen bezala.

Hamar-hamabi bat auto zuri-beltz daude aparkamenduko irteeretan eta zoko guztietan, eta haien artetik pasatuz ateratzen gara McCarranera. Ume txikienak galde egiten digu kartzelara eramango ote duten. Ondoren, zenbat denborarako eramango duten jakin nahi du: "Hilabete baterako?". Guk badakigu Nevadako legea oso gogorra dela droga delituekin, eta urteak izango direla, baina ez diogu erantzun garbirik ematen. Dio ume zaharrenak: "Nik uste hauts gutxi zegoela zorroan, eta segituan aterako dutela kartzelatik". Bezperan King Kongez bezala, gupida hartzen dute gazte handiaz.

Logelako ilunpean hausnarrean ari naiz, eta berriro ere txalekoa eta cowboy alkandora zeramatzan gizon fin-fina etortzen zait burura. Inondik ere, polizia zen, eta berak zilipurdikatu zuen bainugela droga zorroaren bila. Baina ordurako auto zuri-beltzek inguratua zeukaten Tacos jatetxea. Beraz, segitu egin zioten gazte handiari, edo bestela -bururatzen zait- bere telefonoari segitu zioten. Gainera, gazte handiak bazekien poliziak atzetik zituela, horregatik gorde zuen droga neska displizentea -familiakoren bat?- lanean ari zen jatetxean.

Ez dut argi ikusten auzia, baina ez dit ardura. Thrillerrek edo polarrek traszendenteak ematen zuten garaia joana dagoela iruditzen zait. Benetako misterioa, gaur egun, umeek nabarmendu duten hori da, moralarekin lotutakoa: Zer harreman egon beharko luke gupidaren eta justiziaren artean? Mundu honetako justizia nemesis-etik, mendekutik, abiatu zela gogoan hartuta, noraino jo behar du gizarteak bere defentsan? Zer egin behar du hiriak King-Kongekin?

Galderak jiraka dabilzkit buruan, gela ilunean errainuak bezala. Esperantzarik gabe hartzen dut lo: ametsetan azaltzen den Mab erregina horrek ere ez du asmatuko. Errainuak zehaztapenik gabe geratuko dira.

 

Enviar



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik