Aurtengo Neuchâteleko (Suitza) mintegia Atxagaren lanari dedikatuta egongo da
12-03-2009 ¦ Hitzaldiak
Martxoaren 23tik aurrera izango da Grand Séminaire de Neuchâtel delakoa. Aurtengo edizioan Bernardo Atxagaren lana izango da aztergai. Bertan izango da euskal idazlea, bere lana aztertu duten beste hamaika aditurekin batera.
Neuchâteleko unibertsitateak (Suitza), Espainiar Narratibaren Ikerketarako Zentroaren bitartez, 10 urte baino gehiago daramatza "Grand Séminaire de Neuchâtel" izeneko jardunaldiak antolatzen. Idazle baten lana aztertzen duten nazioarteko jardunaldiak dira.
Denbora tarte honetan hainbat idazleren lana izan dute mintzagai, besteak beste, Javier Marías, Enrique Vila-Matas, Álvaro Pombo, Antonio Muñoz Molina edo Julio Llamazares. Aurtengo ekitaldian, berriz, Bernardo Atxaga idazle euskalduna eta bere lana izango dira aztergai. Hauxe izango da lehenengo aldia, espainieraz sortzen ez duen idazle baten lana aztertuko dena.
Mintegiak iraungo dituen hiru egunetan zehar (martxoaren 23tik 25era) hamaika aditu bilduko dira Suitzako hirian, Atxagaren lanaz hitz egiteko. Programa osoa Neuchateleko Unibertsitatearen webgunean (PDF, 2,3 Mb).
Grand Séminaire de Neuchâtel
Institut de Langues et Littératures Hispaniques
Faculté de Lettres et Sciences Humaines
Université de Neuchâtel
Espace Louis Agassiz 1CH - 2000 Neuchâtel (Suisse)