"Obabakoak" liburuaren azken edizioak oihartzuna Estatu Batuetan
21-01-2011 ¦ Argitalpenak
"Obabakoak" liburua agortuta zegoen Estatu Batuetan, baina 2010. urtean 4. edizioa atera da eta oraingoan ere oso harrera ona izan du liburuak.
Orain dela hilabete batzuk argitaratu zuen Graywolf argitaletxeak Obabakoak liburuaren laugarren edizio iparamerikarra. Atxagaren liburua lehenago ere ezaguna zen arren, oraingoan ere oihartzun polita ari da izaten literaturazaleen artean.
Adibiderako, hona hemen azken asteotan jaso ditugun zenbait komentario. Esate baterako, HTMLGIANT webgunean, literaturaren inguruko webgune ezagunean, Obabakoak berrargitaratu izana azpimarratu dute. PowellsBook liburu-denda katearen webguneko fitxan eta blogean ere apunte ederrak egin dituzte.
Bukatzeko, Zoran Roskoren blogean aurkituko dituzu azken asteotan izandako hainbat komentario eta goraipamen, adibidez: "An unforgettable work from an international literary giant" edo "A brilliantly inventive writer... he understands the nature of storytelling and is at once terribly moving and wildy funny".
Graywolf argitaletxeak egin duen hauxe izan da Obabakoak liburuak AEBen izan duen 4. edizioa, 1988. urtean argitaratu zenetik.