« Volver a la noticias

"Erlea" aldizkariaren 5. alea kalean

28-11-2011  ¦  Argitalpenak

Bernardo Atxagak zuzendu eta Euskaltzaindiak argitaratzen duen Literatura Aldizkaria 5. zenbakira iritsi da. Datorren astean aurkeztuko da Bilbon. Oraingoan, autoak eta komikia dira aldizkariaren hari nagusia.

Datorren asteazkenean azaroaren 30ean, aurkeztuko da jendaurrean Erlea 5 aldizkaria. Bilbon izango da, BBK-k Kale Nagusian duen aretoan.

Erlea aldizkaria 2009. urtean sortu zen. Euskaltzaindiak editatzen du eta Bernardo Atxaga du zuzendari. Akademiaren eta kulturgintzaren arteko lotura sendotzea du helburu eta Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz.

Aurkezpen bikoitza egingo da:

  • goizeko 11:30ean, prentsaurrekoa egingo da.
  • iluntzeko 19:30ean, jendaurreko aurkezpena. Aldizkariaren irakurketa berezia egingo da, musika eta irudiak ere izango dituena.

Zenbaki berriak bi gai edota atmosfera nagusi ditu: autoak, batetik, eta Euskal Herria eta komikiak, bestetik.

Dagoneko esan daiteke, zuzentasunez, aldizkaria euskal literaturaren bildumarik esanguratsu eta ederrena izateko bidean dagoela. Ezagunak diren egileekin batera, berriak edo ez oso ezagunak ekarri ditu bere orrietara. Bestalde, artista eta argazkilari askoren lana jaso du.

Erlea 5 honetan partaide izan dira: Piarres Aintziart, Iñaki Aldekoa, Jon Alonso, Kepa Altonaga, Kike Amonarriz, Uxue Apaolaza, Iñigo Aranbarri, Marisol Bastida, Iñaki Berazategi, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Jose Fernández de la Sota, Aritz Galarraga, Juan Gorostidi, Felix Ibargutxi, Juan Kruz Igerabide, Jacinto iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Manu Lopez, Joseba Luzuriaga, Xabier Mendiguren, Lourdes Otaegi, Iñaki Mendizabal, Lorenzo Rojo, Joxean Sagastizabal eta Iban Zaldua. Irudigileak, ostera, Ernesto Valverde, Jon Zabaleta eta Marta Cárdenas izan dira.