Atxagaren "Seven Houses in France" eleberria, urteko itzulpenik onenen zerrendan Erresuma Batuan
03-05-2012 ¦ Sariak
Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian liburuaren ingelesezko itzulpena ("Seven Houses in France") Oxford Weidenfeld Translation Prize sariketako finalisten artean sartu da. Azken urtean zehar ingelesera egindako itzulpen lanik onenak saritzen ditu. Beste 5 lanekin batera, Margaret Jull Costak egindako itzulpen bikaina dago hautagaien artean.
Azken asteotan albistegi honetan bertan azaldu dugun bezala, Zazpi etxe Frantzian eleberria oso harrera ona ari da izaten Erresuma Batuan (ikus, adibidez, 1, 2, eta 3).
Oraingoan, beste sari baten berri eman behar dugu. Izan ere, liburuaz gain, itzulpena bera ere beste sariketa bateko finalisten artean sartu baita. Oxford Weidenfeld Translation Prize sariak urtean zehar ingelesez argitaratutako itzulpenik onenak saritzen ditu eta 2012. urteko 6 finalisten artean Atxagak idatzitako eta Margaret Jull Costak itzulitako "Seven Houses in France" eleberria sartu da.
Hona hemen finalisten zerrenda osoa:
- Margaret Jull Costak itzulitako "Seven Houses in France" (Bernardo Atxaga. Harvill Secker)
- John Ashberyk itzulitako "Illuminations" (Arthur Rimbaud. Carcanet)
- Judith Landryk itzulitako "New Finnish" (Diego Marani. Grammar)
- Howard Curtisek itzulitako "How I Lost the War" (Filippo Bologna. Pushkin)
- Rosalind Harveyk itzulitako "Down the Rabbit Hole" (Juan Pablo Villalobos. And Other Stories)
- Martin McLaughlinek itzulitako "Into the War" (Italo Calvino. Penguin)
Oxford-Weidenfeld itzulpen saria 1999. urtean eman zen lehenengoz eta urtero-urtero Europako edozein hizkuntzatik ingelesera itzulitako lanik onenak saritzen ditu. Orain arteko irabazleen zerrenda antolatzaileen webgunean aurkitu dezakezue.
Zerrenda horretako sarituen artean, bada 3 aldiz errepikatzen den izen bat, Margaret Jull Costa itzultzailearena, hain zuzen ere. Margaret Jull Costa da Atxagaren lanak ingelesera itzuli dituena eta jada hiru aldiz irabazi du Oxford-Weidenfeld saria. Hogeita bost urtetik gorako esperientzia dauka eta portugesezko eta gaztelaniazko hainbat idazleren itzultzailea da, besteak beste, Javier Marías, Fernando Pessoa, José Saramago, Ramón María del Valle-Inclán eta Eça de Queiroz. Baita Atxagaren lanen itzultzaile ere (gaztelaniazko bertsiotik abiatuta). Jaso dituen sarien artean, 2008an PEN Book-of-the-Month Translation Award lortu zuen eta orain mintzagai dugun Oxford Weidenfeld saria ere hiru aldiz irabazi du, ondorengo lanengatik: José Saramagoren All the names (2000), Eça de Queiroz-en The Maias (2008) eta José Saramagoren Elephant's Journey (2011). Atxagaren beste lan bategatik ere itzulpen saria jaso zuen 2010. urtean, Times Literary Supplement Translation saria, The Accordionist's Son lanarengatik.