Erlea aldizkariaren 7. alea argitaratu da
19-12-2013 ¦ Argitalpenak
Euskaltzaindiak argitaratzen duen eta Bernardo Atxagak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria, 7.a, aurkeztu da gaur Bilbon, Akademiaren egoitzan. "Oso ale trinkoa da", adierazi du Atxagak. Alearen ardatza "lore bat da". Atxagak azaldu duenez, anthos hitzak, grezieraz, lore esan nahi du, eta antologiak, beraz, lore-sorta. Hori izan da, hain zuzen ere, aldizkariaren ale honen ideietako bat: antologiei espazio bat zabaltzea.
Bernardo Atxaga zuzendariarekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak aurkeztu dute aldizkaria. Atxagak azaldu bezala, Erleak euskal idazleari, poetari, ilustratzaileari, argazkilariari eta abarri "zabaldu nahi dio lehioa, eta esan lehen mailako aldizkaria nahi dugula, berdin hemen zein han". "Eta hori da helburua, lehen mailako aldizkaria egitea", azpimarratu du.
Zazpigarren zenbakiak, ohi bezala, bi ardatz nagusi izan ditu. Atxagak azaldu duenez, alde batetik, "kanpotik etorri zirenen seme-alabekin hitz egin nahi genuen, eta batzuei eskatu nien lan bat, aldizkarian argitaratzeko". Beste gaia, gorago esan dugun lorearena.
Atxagak berak sinatzen duen Objektuak atala Antonia Manot Txikiren amari eskaini dio, eta hori, bere hitzetan, "oso atal berezia da". "Nire ustez -gaineratu du- hemen egon zen momentu bat, bi komunitateak elkartzeko aukera izugarria eman zuena, eta hori Jon Paredes Manot Txiki fusilatu zutenean izan zen. Elkarrizketak esanahi eta edertasun handia du".
Gai horretaz ere, bakoitza bere erara, mintzatu dira aldizkariaren zenbaki berrian Juan Carlos Perez, Jose Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun, Mari Romero edota Pepe Altair, besteak beste. Lorea atalean, antologienean, Koldo Izagirreren, Asun Garikanoren, Jabier Kaltzakortaren, Lourdes Otaegiren edo Iñaki Sarriugarteren testuak sartu dira.
Erlea 7 honetan partaide izan dira: Lorenzo Rojo, Karmele Jaio, Jon Benito, Jose Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun, Mari Romero, Alberto Barandiaran, Koldo Izagirre, Kepa Altonaga, Asun Garikano, Mikel Urdangarin, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Miguel Sanchez-Ostiz, Juan Ignacio Pérez, Jabier Kaltzakorta, Luzien Etxezaharreta, Joxemari Iturralde, Iñaki Sarriugarte, Pepe Altair, Harkaitz Cano, Mikel Urdangarin, Xabier Elorriaga eta Joseba Luzuriaga.
Azala Karen Amaiarena da. Argazkiak eta ilustrazioak Ernesto Valverdek, Mikel Valverdek, Jose Ramón Urtasunek eta Zaldieroak egin dituzte. Zaldieroaren komikia, Urrezko liburutegia eta Foroa - azkenaldiko liburuak ohiko atalak ere ekartzen dizkigu Erlea-k.
Erlea 7 eros daiteke Euskaltzaindiaren webgunetik eskaria eginez.