« Volver a la noticias

Zazpi Aldiz Elur (Mikel Laboa Elurretan), antzezlana, Bernardo Atxagaren testuekin

07-02-2014  ¦  Antzerkia

Zazpi Aldiz Elur (argibide gisa, lanak Mikel Laboa Elurretan azpititulua ere badu) Tanttaka taldearen antzerki ekoizpen berria da. Bernardo Atxagak idatzi ditu testuak, eta otsailaren 12an estreinatuko da Gasteizen.

Zazpi Aldiz Elur (Mikel Laboa Elurretan), antzezlana, Bernardo Atxagaren testuekin

Honela aurkezten du lana Tanttakak berak:

ZAZPI ALDIZ ELUR (Mikel Laboa Elurretan), lagun arteko bilgune baten antzeko zerbait da; denok daukagu, gure gogoan neguko gau elurti batean bizi izandako pasadizoren bat seguruenik; leihoetatik sartzen den argi-zuriaren reflejoak adierazten digu elurrez inguraturik gaudela... Denbora gelditu ez baina beste "tempo" ezberdin bat markatzen digu, paretan eskegitako erloju zahar batek bezala, lasaitasunez “tik, tak... tik... tak...” Argi bero eta txiki bat piztuko dugu eta elkarrekin egoteko gogoa sentitzen dugu, barre egitekoa, elkar begiratzekoa... norbait istorio bat kontatzen hasiko da eta besteei entzuteko griña pizten zaie, besteak akorde batzuk ferekatuko ditu, eta konturatu orduko denok kantuan hasiko gara; Laboaren kantu bat, noski. Eta kontatuko direnak Mikelen nahiak, Mikelen bizipozak, Mikelen gauza intimoak, personalak eta ezezagunak izango dira. Eta nola ez... Ausardiaz, berak egiten zuen bezala, esperimentatu, jolastu, hitzegin, ixildu... aske sentitu eta aske sentiarazi.

Atxagaz gain, Mikel Laboaren lanarekin lotuta egondako beste sortzaile batzuk ere parte hartu dute lanean: Iñaki Salvador izan da musikaren arduradun, eta Jose Luis Zumeta irudiarena. Antzezlanean, Iñaki Salvador pianoan eta Angel Unzu gitarran dira musikariak, eta Maria Berasarte abeslaria. Aktoreak dira Mireia Gabilondo eta Iñaki Rikarte, eta Mireia Gabilondorena da zuzendaritza.

Estreinaldia otsailaren 12an izango da, Gasteizko Principal Antzokian, 20.30etan. Biharamunean ere (13an) bertan izango da, eta datorren astebururako Donostiara joango da: otsailaren 15 eta 16an Donostiako Antzoki Zaharrean emango dute. Hurrengo egunetan izango diren emanaldietarako, kontsultatu Tanttakaren egutegia.