« Volver a la noticias

Bernardo Atxaga Australian, Adelaideko Idazleen Astean eta beste ekitaldi batzuetan

28-02-2014  ¦  Jardunaldiak

Bernardo Atxagak zenbait ekitalditan hartuko du parte Australian datorren astean. Adelaideko Festibaleko Idazleen Astera gonbidatua izan da, eta horrez gain, Sydney eta Melbourneko unibertsitateetan hizlari izango da.

Adelaideko Festibala Australiako ekitaldi artistiko handienetakoa izaten da, zenbait astetako programa zabal bat hiri horretan. Bere osagarrietako bat Idazleen Astea izan ohi da, eta horren zuzendari Laura Kroetsch-ek honela aurkeztu du bideo batean Atxaga, aurtengo gonbidapena dela eta.

Astelehen eta asteartez, martxoaren 3 eta 4an, bi agerpen egingo ditu Atxagak Adelaiden. Lehenbizikoan itzulpengintzaz arituko da Jordi Puntí idazle katalanarekin batera. Biharamunekoan, Obabakoak liburuaz mintzatuko da bereziki.

Adelaidekoaren ondoren, Syndeyko unibertsitatean izango da Bernardo Atxaga martxoaren 5ean, asteazkenarekin. Lan batzuk irakurriko ditu ekitaldi publiko batean, eta elkarrizketa ireki bat izango du Ann Walsh bertako irakaslearekin.

Amaitzeko, martxoaren 6an, Melbournen izango da, han ere Unibertsitatean. Kasu honetan, Euskal Herriaren politikaz jardutea proposatu diote idazleari, eta egoera honek bere fikzioan, saiakeran eta pentsakeran nola eragin duen azalduko du.

Hitzaldi hauei buruzko informazio zehatza: