Bernardo Atxaga ere partaide "Novel writing" liburuan
24-03-2015 ¦ Argitalpenak
Bloomsbury argitaletxe britainiarrak "Novel Writing: A Writers' and Artists' Companion" liburua argitaratu berri du, eleberri bat idatzi nahi duten idazleentzat gida modukoa. Liburuan hainbat idazle ezagunen esperientzia jasotzen da, tartean Bernardo Atxagarena.
Argitalpena Romesh Gunesekera eta A.L. Kennedyk koordinatu eta zuzendu dute, eta Bloomsbury publishing argitaletxeak kaleratu du.
Liburuaren lehenengo zatian eleberrien azterketa egiten da, historia eta forma gainbegiratuz. Gainera, beste hainbat kontu ere lantzen dira, hala nola, eleberri bat nola antolatu, ikerketa nola planifikatu, pertsonaien garapena, narrazio sinesgarriak lortzeko gakoak, eta abar.
Bigarren zatia da zabal eta interesgarriena. Izen eta ibilbide zabaleko hainbat idazlek euren esperientzia kontatzen dute, eta eleberri onak idazteko aholkuak ematen dituzte. Hortxe daude, Bernardo Atxagarekin batera, esate baterako, Philip Pullman, Louise Doughty, Glenn Patterson, Jeanette Winterson, Jonathan Franzen, Doris Lessing, Elif Shafak, Andrea Levy, Alan Hollinghurst, Michèle Roberts, eta beste hainbeste.
Azkenengo zatian, berriz, idazkera kolaboratiboaz hitz egiten da, eta liburu baten azkenengo faseei buruzko informazioa jasotzen da: orrazketa, berridazketa, agente bat nola bilatu, liburuaren edizioa eta argitalpena, eta abar.