"Lu eta Le" lana Bilboko Arriaga antzokian urtarrilaren 30ean
25-01-2017 ¦ Antzerkia
Bernardo Atxagak idatzitako "Lu eta Le" lana Bilboko Arriaga antzokian ikusi ahal izango da datorren urtarrilaren 30ean. Lan honekin Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduari begiratu nahi izan dio Atxagak.
Donostia 2016k eta Ados Teatroak Lu eta Le antzezlana aurkeztu zuten abenduan Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Oraingo honetan, Bilboko Arriaga antzokiaren txanda izango da. Urtarrilaren 30ean ikusi ahal izango da ikuskizuna Bizkaiko hiriburuan. Sarrerak internet bidez ere erosi daitezke.
Bernardo Atxaga idazlea da obraren egilea. Helburu nagusia, Atxagaren esanetan, ez da emozionatzea, ulertzea baizik: Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren bizitza eta inguratu zituen gizartea ulertzea. Heriotza, maitasuna eta gure gizarteak urteetan bizi izan duen gatazka dira antzezlanaren gaiak.
Bilboko emankizunaren harira, luze eman zuen emankizunaren berri atzo Deia egunkariak, eta Naizen zein El Correon ere ikusi ditzakezue aipamenak.