« Volver a la noticias

Bernardo Atxagak ere bere "harria" jarri du Santiago de Compostelako "Mintzo diren harrien" lorategian

21-03-2019  ¦  Prentsa

Bernardo Atxaga Santiago de Compostelan izan zen joan zen asteburuan "O xardín das pedras que falan" lorategian bere harria jartzen.

Bernardo Atxagak ere bere

Suso de Toro idazlearen egitasmoa da Santiago de Compostelan dagoen "O Xardín das Pedras que Falan". Galiziako hiriburuko erdigunean dago lorategi hau eta mundu osoko hainbat idazleri omenaldia egiten zaie, harri gainean idatzitako poesien bidez. Rosalia de Castrorena izan zen jarritako lehenengo harria eta une honetan beste bederatzi idazle ere baditu alboan. Guztira 40 harri ezarri nahi dira, beste horrenbeste idazleren poemekin.

Lorategi horretan euren txokotxoa izaten azkenak Bernardo Atxaga, Marta Pessarodona, Kerstin Hensel, Zéno Bianu, eta Ramón María del Valle-Inclán izan dira, joan zen astean egindako ekitaldi batean. Bertan izan ziren, Bernardo Atxagarekin batera, Suso de Toro idazlea, Santiagoko Unibertsitateko errektore Antonio López eta hiriburuko alkate Martiño Noriega.

Horrela dio Atxagak harri gainean idatzitako testuak:

Kexa
Zuek harriok ez zenuten negar egin Odin hil zenean,
eta horregatik ez zen hura berpiztu.

Atxagak azaldu duenez, Ingalaterran entzun zuen kondaira batean du oinarria bertso horrek. Odin hil zenean, bere senide eta lagunak Heriotzaren Erreinura joan ziren, Odin berpizteko eskaera eginez. Erreinu hartako zaindariek erantzun zieten hala egingo zutela, baldin eta mundu honetako gauza guztiek negar egiten bazuten Odinen heriotzarengatik. Guztiek egin zuten negar, harriek izan ezin... eta horregatik ez zen berpiztu Odin.

Suso de Torok azpimarratu duenez, Mintzo diren harrien lorategiak karga sinboliko handia dauka, hiriburuaren erdigunera ekartzen baititu nazioartean erreferentzia diren eta unibertso literario oso ezberdinak sortu dituzten emakume eta gizonen hitzak, Santiagok literatur hiri moduan duen izaera historikoa nabarmenduz.

Argazkia: Xoan Soler (La Voz de Galicia)