"Lista de locos y otros alfabetos" berrargitaratu du Xordica argitaletxeak
02-04-2019 ¦ Argitalpenak
Oso albiste ona gaur dakarguna. Xordica argitaletxeak Lista de locos y otros alfabetos liburua berrargitaratu du, Bernardo Atxagak duela 20 urte idatzitako lana. Datorren astean aurkeztuko da Madrilen.
Bernardo Atxagak 1998an argitaratu zuen Groenlandiako lezioa (Erein, 1998), urte hartako Euskadi Literatura Saria irabazi zuen lana. Siruelak atera zuen gaztelaniaz, "Lista de locos y otros alfabetos" izenburuarekin (Siruela, 1998).
Saiakera, fizkioa, testu esperimentalak,... alfabeto baten inguruan kiribildutako irakurketa proposatu zigun idazleak.
Hogeita bat urte igaro dira dagoeneko, eta oraingoan Xordica argitaletxeak berrargitaratu du gaztelaniazko lana. Madrilen izango da aurkezpen-ekitaldia, La buena vida liburudendan, apirilaren 9an iluntzeko 8etan (Madrilgo Vergara kalean). Jesús Marchamalo kazetaria eta Chusé Raúl Usón editorea egongo dira ekitaldian, Bernardo Atxagarekin batera.
....................
Groenlandiako lezioa
Hogeita zazpi hizki konbokatuz, gizartearen zimurretan bizi diren ahots askok hartu du bere txanda liburu honetan: eroak, IHESak jotakoak, fantasmak, egoera zailetan murgilduak, leiendak, poesiak, Euskal Herriko egoerari buruzko gogoetak, narrazioak, eta abar. Testu arteko -hau da, nola kontatu dizkiogu geure buruari munduan ikusi eta bizitakoak- gogoetak eta interpretazioak zoragarriak dira, maila handikoak eta jakinduriaz gainezka datozenak. Hitzak eta esperientziak bat egiten duten une pribilegiatua da jakinduria. Izan ere, liburu hau urte askoren, alfabetoekin borrokan pasatutako urte luzeen ondoren datorren emaitza da. Memorandum bat. Liburu honetan Atxagak bere alfabeto intimoaren puska bat baino gehiago txertatu du. Bertan biltzen dira, beraz, idazlea, artista eta mundu ikuspegia. Lau dohain nagusi nabarmendu daitezke Groelandiako lezioa honetan: ulergarritasuna, sendotasuna, umorea eta abildade komunikatiboa. Goi-mailako gogoetak modu sinple eta ulerterrazean azaltzen maisu da Atxaga; erraztasuna, baina mundu ikuspegi sendo batean dago oinarrituta. Eta, hala ere, orain arte esandakoak ez luke azalduko testu honen zinezko xarma, ez balu oinarrian Atxagak bere-berea duen "begiratu" berezi hori, gauzei heltzeko ezker esku hori, ikuspuntu inprebisible hori, hain ondorio bitxi eta ederretara bideratu izan gaituena. Ordurarte ezezagunak zitzaizkigun esperientziak antiojo berriez ikusteko aukera prestatu digu Atxagak. Harrigarriena, baina, zera da, mundu horiek -Poeren "Gutun ebatsian" bezala- begiaurrean zituela irakurleak eta hala ere -edo beharbada horrexegatik- ikustezinak izaki. Eska al dakioke gehiago idazle edo artista bati? Ba, hori guztia gutxi balitz, umorea da irakurleak gehien eskertuko duena. Eleberrietan nekezago gertatzen zaiona, honako honetan baliabiderik aberatsena du Atxagak. Irakurle-mota desberdinei zuzendutako liburua da. Nork bere gustuari jarraituz, seguru aurkitzen duela liburu honetan non gozatu.