Espainiako Letren Sari Nazionala irabazi du Bernardo Atxagak
25-11-2019 ¦ Sariak
Bernardo Atxaga idazleak jasoko du aurtengo Espainiako Letren Sari Nazionala. Idazle baten obraren osotasunari egiten dio aitortza sari horrek, eta Espainiako Kultura Ministerioak banatzen du.
Epaimahaiaren iritziz, "euskararen eta gaztelaniaren modernizazioari eta nazioarteko proiekzioari ekarpen funtsezkoa" egin dio Atxagak. "Poesiaz blaitutako narratiba baten bidez" egin du hori idazleak, "zeinetan errealitatea eta fikzioa distiraz konbinatu dituen".
Asteasun (Gipuzkoa) jaioa 1951. urtean Joseba Irazu Garmendia izenarekin, duela ia 50 urte hasi zuen bere ibilbidea Bernardo Atxagak, 70. hamarkada hasierako zenbait aldizkari literariotan argitaratutako ipuinekin eta bestelako testu laburrekin.
1976an plazaratu zuen bere lehenengo liburua, Ziutateaz, eta harrezkero 40tik gora idazlan argitaratu ditu, genero guztiak landu dituelarik: narrazioa, eleberria, poesia, antzerkia, saiakera zein haur literatura. Euskal idazlerik ezagunena da nazioartean eta bere liburuak 34 hizkuntzatara itzuli dira.
Euskaltzain oso da 2006tik eta Jakiundeko kidea 2010etik.
1970eko urteetan publikatu zituen bere lehen ipuinak, tartean, Borobila eta puntua (1972), eta garai hartakoa du Etiopia (1978) poesia liburua ere. Haien ondotik iritsi ziren Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984) eta Bi anai (1985) lanak, besteak beste. Sona gehien, baina, Obabakoak (1988) nobelarekin iritsi zitzaion. 26 hizkuntzatara itzulia, Euskadi Saria, Espainiako Narratiba Saria eta Kritikaren Saria irabazi zituen idazleak lan horri esker, eta European Literary Award sarian finalista izan zen.
Ez zen hura izan, ordea, saririk ekarri zion lan bakarra. Haren ondotik idazleak publikatutako hainbat liburuk ere jaso dute aitortzarik. Behi euskaldun baten memoriak (1991) nobelagatik, esate baterako, 1994an IBBY International Board on Books for Young People erakundearen ohorezko zerrendara gehitu zuten idazlea.
Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995), Soinujolearen semea (2003, Grinzane Cavour Saria, Mondello Saria, Times Literary Supplement Translation Prize saria), Zazpi etxe Frantzian (2009) eta Nevadako egunak (2013, Euskadi Saria eta PEN America sarietako finalista) eman ditu argitara urteotan, besteak beste.
Joan den hilean publikatu zuen bere azken nobela izango dena, Etxeak eta hilobiak, Pamiela argitaletxearen eskutik.
Informazio gehigarria egunkarietan:
- Bernardo Atxagak Espainiako Letren Sari Nazionala jasoko du (EITB)
- Bernardo Atxaga, Premio Nacional de las Letras Españolas (EITB)
- Itzala aitortu diote (Berria)
- Bernardo Atxagak jasoko du Espainiako Letren Sari Nazionala (Berria)
- Bernardo Atxaga, Premio Nacional de las Letras 2019 (Diario Vasco)
- 2019ko Espainiako Letren Sari Nazionala Bernardo Atxagaren eskuetan (Eldiario.es)
- Bernardo Atxaga, Premio Nacional de las Letras 2019 (Eldiario.es)
- Bernardo Atxaga, premio Nacional de las Letras (El País)
- Bernardo Atxaga, Premio Nacional de las Letras 2019 (RTVE)
- Bernardo Atxagak jasoko du Espainiako Letren Sari Nazionala (Tolosaldeko Ataria)