Txalaparta eta heriotza
Argia astekarian argitaratutako artikulua
Garai bateko kanposantua, Andoainen, elizaren muinoan bertan zegoen, eta hantxe eman zioten lurra 1969.eko urtean Rikardo Arregi gazteari. Bazihoan zeremonia bukatzera, eta, bat batean, Belkoain mendiko baso barrutik sortuta bezala, egurrak egurra jotzean egiten duen soinu zerrenda iritsi zitzaigun belarrietara. Batzuetan, estutu egiten ziren zerrenda hartako tarteak; bestetan, zabaldu: estutzen zirenean, zaldi hotsa entzun ahal zen; zabaltzen zirenean, norbait ari zela deika iruditzen zitzaigun, eta halako molde bereziz non, hilobi ingurutik mugitu gabe, urruneko paisaje batean sentiarazten gintuen, edota beste denbora batean.
Joaldi hark amaiera eman zion hileta gogoangarriari, zeinetan, ahots urratuz, Gabriel Arestik "tximeleten" poema ederra irakurri baitzuen, eta denok etxeratu ginen zeremonia bukaera hartan bekokia zipriztundu izan baligute bezala; ez hausterrarekin, aldiari zegokionez, baizik eta ipuinetako amandreak umeekin erabiltzen dituzten zilar edo urre izpiekin. Geroago etorri ziren albisteak: egur soinua zeukan tresnari txalaparta esaten zitzaiola, eta Artze anaiak izan zirela taumaturgoak, heriotza hurbilaren zama arindu eta, elizan eskatu bezala, bihotzak goraka jarri zituztenak.
Txalapartak bide luzea egingo zuen hurrengo urteetan. Andoaingo kanposantuan azaldu eta handik oso gutxira, aparteko garrantzia hartu zuen Ez dok Amairu taldearen ikuskizunetan; segidan, abangoardiako musikaz arduratzen zen Italiako argitaletxe baten onespena lortu zuen; aldi berean, bere sortaldi berria ziurtatzen zuen erretratoa egin zion Remigio Mendiburu eskultoreak, eta Bilboko Arte Ederretako museoan kokatu zuen, kubistek pintatutako kitarra eta arrabiten ondoan. Gerora ere, fortunak ez zion bizkarrik eman: tresna ezaguna eta erabilia bihurtu zen Euskal Herri osoan.
Perkusioaren alorrekoa izanik, txalapartak bazuen, noski, beste soinuekin nahasteko berezko dohairik, baina bere ibilera oso desberdina izango zen Artzetarrak izan ez balira; ez balute izan, bi anaiak, Rikardo Arregiren hileta egunean erakutsitako fedea eta gogoa. Beraiek aldatu zuten txalaparta tokiz, beraiek kokatu zuten beste adierazpen sistema batean; beraiekin bete zen tradizio esanguratsuaren lelo nagusia: "sar dadila ardo berria zahagi zaharretan". Labur, poesia berezi bat erantsi zioten tresnari; metafisikoa, neurri handi batean.