"Xola eta Ameriketako izeba" argitaratu dute eslovenieraz
10-04-2017 ¦ Argitalpenak
Xola txakurtxoaren abenturak beste herrialde eta hizkuntza batera ere iritsi dira. Xola in teta iz Amerike aurkeztu berri dute, "Xola eta Ameriketako izeba" eslovenierara itzulia.
Bernardo Atxagaren Xola eta Ameriketako izeba (Erein) haur eta gazteei zuzendutako lana eslovenierara itzuli dute: Xola in teta iz Amerike. Barbara Pregelj izan da itzulpen-lanaren arduraduna.
Xolaren abenturak lehenago ere argitaratu dira atzerriko hizkuntzaren batean, 2013an argitaratu baitziren Xolaren ibilera guztiak liburu bakarrean ingelesez. 2013ko liburu onenen artean ere zerrendatu zuen The adventures of Shola The Independent egunkariak.
Itzulpena DSS2016EU-k, Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk iaz martxan jarritako “Itzultzaile berriak” programatik eratorri den lehen itzulpena da, bertan parte hartu zuen Barbara Pregelj itzultzailearen eskutik.
Programa honi esker, atzerriko itzultzaileek Zornotzako Barnetegian egonaldi mota ezberdinak egiteko aukera izan zuten –sei hilabetekoa lau itzultzailek eta hilabete batekoa beste lauk–, euskara bizi eta ikasteko. Helburu nagusia parte hartzaileen itzulpenetan euskara, zubi nahiz sorburu gisara erabili ahal izateko hizkuntza gaitasuna lortzea zen. Itzulpen-programa horri buruzko informazio gehiago EIZIEren webgunean.