« Itzuli albistegira

Jose Irazu 'Bernardo Atxaga' euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia Asteasun

2007-05-21  ¦  Euskaltzaindia

Joan den larunbatean (2007-3-17) egin zen Jose Irazu Garmendia Bernardo Atxaga euskaltzainaren sarrera ekitaldia, Asteasuko Usarrabi kiroldegian. Juan Mari Lekuona zenaren lekua beteko du Atxagak Euskaltzaindian. Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta zortzigarren zenbakia duen domina eman zizkion. Domina hau izan duten aurretiko euskaltzainak hauek dira: Intzagarai, Manuel Lekuona eta Juan Mari Lekuona.

Jose Irazu 'Bernardo Atxaga' euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia Asteasun

Goizeko 11:00ak aldera, Asteasuko Udaletxean elkartu ziren euskaltzain osoak, baita ohorezko eta urgazle batzuk ere. Bertan udal ordezkariek hartu zituzten. Euskal kultura eta gizarteko aurpegi ezagunak ikusi ahal izan ziren.

Sarrera-ekitaldiaren egitaraua betez, Iñaki Amenabar Asteasuko alkatearen ongietorria eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra entzun zituzten bertaratutakoek. Euskaltzainburuak esan zuenez, Jose Irazu eta Bernardo Atxaga, "bi-biok datoz Euskaltzaindira, bitzuok baitira bat euskal letretan, gizabanakoa bera eta haren heteronimoa. Hartara, Euskaltzaindiak bereganatzen du, takada batez, bikote harrigarria, pertsona berak bere baitan daramana. Hainbatez, Euskal Akademiara datoz gaur Irazu eta Atxaga, Asteasu eta Bilbo, Gipuzkoa eta Euskal Herria, euskara eta literatura, hizkuntza eta sorkuntza".

Jose Luis Lizundia eta Ana Toledo euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu zen Jose Irazu Antzarak, zenbakiak eta letrak izeneko sarrera-hitzaldia irakurtzeko. Asteasutik Asteasura: unibertsoa

Bernardo Atxaga ez zeneko garaia, hots, Jose Irazu soilik zenekoa, horixe izan zuen Asteasuko euskaltzainak abiapuntua. Asteasun jaio eta bertan hazia Jose izeneko haurrak antzarak nola ezagutu zituen gogorarazi zuen. Eta handik honako bidea batu eta erakutsi nahirik barne-bidaia hasi zuen euskaltzainak bere berbaldian: "Eta banator ni, badator antzara Andoain aldetik hegan. Laster, Oria ibaia atzean utzi orduko, bere begirada luzeak Adunako herria ikusten du bere kanpandorre txorrotxarekin, eta, aurreraxeago, Zizurkil biak, goikoa eta behekoa, eta Alkiza, Asteasu hau, Ernio mendiaren gailurra eta, azken-azkenean, itsaso zabala".

Asteasuko inguruak ezagutarazi zizkigun, Andoaindik abiatu eta sorterriko pilotalekuan pausatu arte. Geografian bere esperientziak eta oroitzapenak kokatu zituen, behin eta berriro ibilbide nagusitik atera eta zeharkako txokoetan barneratuz.

Atxagaren kontaketak, oraingoan ere, itsasora iritsi aurretik hamaika besoren urak bereganatzen dituen ibaiaren itxura hartu zuen. Eta eskualdeko ibilbidean, hazitako pertsona eta idazlearen erreferentziak bildu zizkigun. Hasi Zizurkilgo Errekalde baserrian, non Pedro Mari Otaño bertsolaria jaio zen, eta segi Konporta Pello Errota zenaren etxeraino. Tartean ere, Aita Zavala, Orixe, Lizardi edota Gabriel Arestiren izenak jasota utzi zituen.

Asteasura urreratu zelarik, Juan Bautista Agirre XVIII. mendeko idazlea edota Antonio Arrue euskaltzale eta euskaltzain izandakoa ere gogoan izan zituen.

Haien guztien eraginpean hazi eta osotu den Atxaga, antzararen hegaldiak eskaintzen dion perspektiba baliatuta, literatura, euskara eta euskal kulturaz mintzatu zitzaigun. Bere esanetan, bakandu ez ezik, errealitatea aldatu ere egiten du literaturak: "Lan literarioek errealitatea onerako transfiguratzen dute".

Atxaga literaturaz -hots, bizitzan lagun izan duen jarduera nagusiaz- mintzatu zen: "Esan ohi da literatura hizkuntzaren utopia dela. Idazteari ekin eta testuari forma bat ematen saiatzen denak lana eginarazten diola hizkuntzari: adierazi ditzala gauzak hobeto, zehatzago, ederrago; adierazi ditzala, gainera, adierazten zailenak diren gaiak".

Eta gaineratu zuen: "Esan beharrik ere ez dago hizkuntzak utopia lortzearren, gero eta gehiago, hobeto, ederrago adierazteko gai izatearren, hizkuntzak baliabide asko behar dituela, eta, ahal den neurrian, bortxatu egiten duela hizkuntzaren naturaltasuna, hizketan azaltzen dena".

Idazleak hizkuntza lanerako tresna duelarik, zabal jardun zuen hari buruz: "Erabili behar da, idatziz nahiz ahoz. Izan ere, erabilpenak eusten dio hizkuntza bati, erabilpenak ematen dio baliorik handiena". Eta gauden honetan, "hizkuntzaren erabilera balio positiboekin lotzen bada, hainbat eta hobe hizkuntzarentzat". Argi dauka, hortaz, "ideologia politikoa baino zerbait gehiago beharko dela gure hizkuntza eta gure kultura aurrera ateratzeko".

"Zerbait gehiago". Bere gurasoak, esan zuen Asteasuko idazleak, "kezkatuta zeuden, nonbait, behar baino erdara gehiago hitz egiten genuelako. Ikusten duzue: historia bera beti. Baina ez nuke esango seinale txarra denik". Nonbait, eustea da inportantea, Atxagaren aburuz: "Ez zait inporta beti krisian dagoen hizkuntza bat izatea baldin eta krisi horrek bost mila urte irauten badu. Hobeto krisian papagaioen mokoan baino esan genezake Chateaubriandek bere memorietan kontatzen duena gogoratuz, alegia bizitza luzeko papagaioek, Amazonian, ehun urte lehenago desagertutako hizkuntzetako hitzekin egiten zutela hots".

Hitzaldiaren azken hitzak Juan Mari Lekuonarentzat izan ziren, baita Manuel Lekuonarentzat ere: "Dakizuenez, Juan Mari Lekuonak erabili zuen domina hartuko dut nik gaur, aurrez Manuel Lekuonarena izandakoa. Nire esker ona Euskaltzaindiari poz hau emateagatik". Xabier Kintana: "Gure enbaxadore ezagunena"

Xabier Kintanak erantzun zion Bernardo Atxagari. Bere berbaldiari Ekintzailearen laudorioa izenburua jarri zion, hain zuzen ere, ondo asko laburbiltzen dituelako idazlearen izaera eta ibilbidea: "Jose-Bernardo -hala zuzendu zitzaion behin eta berriro, izena eta ezizena biak bat eginda- garai zailetan haziriko idazlea da, bere herriarekiko eta hizkuntzarekiko konpromiso tinkoa harturikoa, hori egitea hain erraza ez zen denboran".

Ideia horri lotuta, Kintanak hitz gozoak izan zituen Euskal Herriko zati batean garatua den autogobernuarentzat, euskarari ekarri dion onura nabarmenduz. Baina era berean, gogora ekarri zuenez, "agintarien aldetiko laguntzak beharrezkoak dira baina, erraztasunak erraztasun, garbi dago euskara euskaldunok hala gura dugun bitarteko biziko dela, eta halako nahi dugun neurrian". Testuinguru horretan, Atxaga moduko "herritar normalen" ekina goraipatu zuen eta, bide beretik, "herri konpromiso eta moral handiko herritar intelektualtzat" definitu zuen.

Atxagaren literatura-jarduerari lotuago, hark sarrera-hitzaldian jasotako azken bi mendeotako idazleak ere aipagai izan zituen Kintanak, argi baitago "literatura literaturaz sortzen eta mamitzen dela eta, hortaz, oraingo idazleak lehenagoko idazleen elkarte berean daudela, haiengandik ikasirikoa, etenik gabeko ibileran, birmoldatu, eraberritu eta itxuraldaturik".

Horren emaitza da Atxagaren literatura. Kintana benetan harritzen duena da "istorioak asmatzeko daukan ahalmenak". Batez ere errealitateari heldu eta hortik bere langaia nola moldatzen duen: "Noranahi doala ere, inguruan gertatzen dena, esaten dizkiotenak eta entzuten dituenak oroimen harrigarriaz bildu eta ondoren adimen inbidiagarriaz hausnartzen ditu".

"Literaturaren mundu zabalean euskaldunok dugun enbaxadore ezagunena" da Atxaga, Xabier Kintanaren aburuz. Haren lanak, eleberriek bereziki, sona handia izan dute, baita gure mugetatik kanpo ere. Eta horrexegatik, bere jardunaren beste arlo bat nabarmendu nahi izan zuen: "Bernardoren prosa bikainak kalte egin dio, nolabait, bere poesigintzari. Mundu guztiak lehena goraipatu du, baina bigarrena, behar bada, hain ugari ez delako, bidegabeki isildu”.

Hitzaldiaren amaieran, Kintanak harrera egin zion Atxagari gogoratuz "Akademiaren batzarretara zatozen guztietan beti zer ikasi izaten dugula zuregandik. Ongi etorri, beraz, eta segi dezagun guztiok elkarrekin lanean gure hizkuntzaren eta geure literaturaren onerako".

Amaitzeko, hainbat opari jaso zituen Bernardo Atxagak. Besteak beste, Asteasu, bere herriaren izenean, Iñaki Amenabar, Alkate jaunak, euskal makila eman zion eta Andres, Jose Luis eta Lorenzo adiskideek Asteasuko irudia daraman koadroa eskaini zioten.

Baita ere, Pello Errota herri eskolako haur, guraso eta Asteasuko herritarren koruak bi abesti eskaini zituzten: "hegoak ebaki banizkio..." eta "eskola txikietako festarako abestia", Bernardo Atxagak berak idatzia.