Bernardo Atxaga
Asteasu, Gipuzkoa, 1951; Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta hainbat lanbidetan aritu izan zen (euskara irakaslea, irratiko gidoilaria, liburu-saltzailea, ekonomialaria, etab.), harik eta, azkenik, laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, literaturari bete-betean ekin zion arte. Liburuok argitaratu ditu, beste hainbaten artean: Bi anai (1985), Obabakoak (1988, Euskadi Saria, Espainiako Premio Nacional de Narrativa, IMPAC European Literary Award sarian finalista), Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995), Soinujolearen semea (2003, Grinzane Cavour Saria, Mondello Saria, Times Literary Supplement Translation Prize saria), Zazpi etxe Frantzian (2009) eta Nevadako egunak (2013, Euskadi Saria). Bere obra, 34 hizkuntzatan irakur daitekeena, zinemara eraman dute Montxo Armendarizek (Obaba, 2005), Aizpea Goenagak (Zeru horiek, 2006) eta Imanol Rayok (Bi anai, 2011). Euskaltzain oso da, eta Erlea aldizkariaren zuzendaria.
Hasiera-hasieratik langile saiatu eta zorrotza izan da. Barne-mundua bikain erabiltzen du eta, ondorioz, hizkuntza jaso legez euskarak duen adierazkortasunaren eta sendotasunaren erreferentzia saihestezin eta bikain bihurtu da Bernardo Atxaga. "Mundua toki guztietan dago", dio bere idatzietako batek. Atxagaren lanak hautsi egiten du konpromiso batek behartutako idazlearen topiko kaikua, eta literaturak duen autonomiaren eta beste ezeren gainetik dagoen gizatasun tresnatzat duen balioaren defendatzaile porrokatua da. Atxagaren lumari metahizkuntza unibertsala dario, irazki iradokitzaile eta oso zorrotz baten koordenadetan oinarritutakoa beti ere.