"Bi anai" filmaren grabazioa bukatu da
2011-02-08 ¦ Filmak
Bernardo Atxagaren izen bereko nobelan oinarritua, "Bi anai" filma grabatu du azken hilabeteetan Orio Produkzioak-ek, Imanol Rayoren zuzendaritzapean.
Bere aitaren heriotzean, Paulo seme gazteenak bere anaia Daniel ezinduaren arduradun geratu beharko du. Horixe da Bernardo Atxagaren Bi anai eleberriaren gai nagusia. Eleberria oinarri hartuta, Imanol Rayo zuzendariak filma grabatu du 2010. urtean zehar.
Filmaren grabazioa ekainean hasi zen Artikutzan eta bukatu dute dagoeneko. Pelikularen prozesuak aurrera egin ahala, hasi da informazioa azaltzen sarean. Facebook orri bat sortu dute, hainbat argazki ere sareratu dituzte, eta zuzendariak berak filmaren muina eta bere asmo nagusiak azaldu ditu testu honetan.
- Antzezleak: Bingen Elortza, Aitor Coterón, Kandido Uranga, Loreto Mauleon, Oihan Lopetegi
- Zuzendaritza eta gidoia: Imanol Rayo
- Ekoizlea: Orio Produkzioak
Grabazioaren inguruko informazio gehiago ETBren ekaineko bideo honetan.
Bi anai
Etengabe errepikatzen den naturaren sasoi-gurpilean txori, katagorri, suge eta antzarek bi anaien -Paulo eta Daniel- istorioa kontatzen digute. Urtea joan urtea etorri, beti bestelako eta aldi berean beti berdin agertuko den Obabako irudimenezko lurralde hori, baina, gizakien arteko handinahi, irrika eta grinen agertoki krudela da. Paulo eta Daniel anaia atzeratua dira giza-kudelkeria horren biktimak. Gizakiok errenditzen gaituen naturaren lege zaharrean bildurik, Paulo eta Danielen munduko ibilera itogarriak txori, katagorri, suge eta antzaren fabulen munduarekin egiten dute bat, eta irakurlearengan efektu zoragarria lortzen gainera: ihesaren eta kontsolazioaren sentipen askatzailea. Zail da asmatzen nork jarri duen bere aldetik gehiago, irudimen handiko idazleak ala dohain handiko kontalariak; izan ere, oso gutxitan bezala egokitu baitzaio bata besteari.