Bernardo Atxaga katedra zabalduko da gaur New Yorken
2011-09-09 ¦ Unibertsitatea
CUNY unibertsitatean (New York, AEB) "Bernardo Atxaga Katedra" inauguratuko da gaur arratsaldean. Katedraren asmoa da euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea.
Gaur, irailak 9, hasiko dira New Yorken Bernardo Atxagaren izena duen katedra inauguratzeko ekitaldiak. Euskal letrei buruzko Bernardo Atxaga katedra Etxepare Institutuak bultzatu du, eta CUNY (City University Of New York) New York Hiriko Unibertsitateko Graduatu Zentroak hartuko du.
Katedra horren xede nagusia hauxe izango da: euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea.
Katedraren inaugurazio ofiziala irailaren 16an egingo bada ere, gaurtik hasita eta datorren astera bitartean hainbat ekitaldi egingo dira Unibertsitatean, betiere Atxagarekin lotuta daudenak.
Aurreneko ekitaldia gaur arratsaldean izango da (18.00etan, bertako orduan). Mari Jose Olaziregik (Etxepare Institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendariak) "Utopía y transgresión en el universo literario de Bernardo Atxaga" hitzaldia emango du. Irailaren 12tik 15era, Atxagak "Cultura y cambio político en Euskadi" mintegia zuzenduko du. Irailaren 13an, Katuak eta paradisua poesia irakurraldi musikatua egingo dute Atxagak, Jabier Muguruzak eta Amaia Gabantxok, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Bukatzeko, irailaren 16an, Bernardo Atxaga katedraren inaugurazio ofiziala izango da, Atxagak berak emango duen hitzaldiarekin. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Louise Lennihan CUNYko ordezkariak ere parte hartuko dute ekitaldian. Gainera, egun horretan bertan, Aizpea Goenagak zuzendutako Zeru horiek filma proiektatuko da, Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutakoa.