« Itzuli albistegira

Bilbo eta Bernardo Atxaga, France Culture katearen erreportaje batean

2012-03-19  ¦  Hedabideak

Bernardo Atxaga eta Bilbo protagonista izango dira aste honetan France Culture kateak emango duen erreportaje batean: "Renaître à Bilbao, l'itinéraire de Bernardo". Soinu ibilbide bat izango da, Bernardo Atxaga eta Bilbo hobeto ezagutzeko lagunduko diguna: poesia, abestiak, testuak,... Christine Diger-ek zuzendutako erreportajea da eta aste honetan bi aldiz emango du France Culture kateak, astearte eta ostegun gauez, 23.00etatik aurrera.

Bilbo eta Bernardo Atxaga, France Culture katearen erreportaje batean

Bilboko alde zaharrean egindako ostera batean, Bernardo Atxagak bere ibilbide literarioa markatu zuten txokoetara eramango gaitu. Umorea eta poesia lagun, autoreak bere lehenengo urteak gogoratuko dizkigu: Bilbora nola iritsi zen, Gabriel Arestirekin harremana, idazteari ekin zionekoa, bere lehenengo idazlana...

Beste garai bateko koloreak ikusiko ditugu; hainbat pertsonaje berpiztuko zaizkigu; duela 40 urteko giro politiko, literario eta soziala aurkeztuko dizkigute. Gerraren keak oraindik erabat itzali gabeko Euskal Herria aurkeztuko zaigu eta bere hizkuntza debekatua zuen herri baten hotsa entzungo dugu.

Historiari fidel izanik, istorio xumeen bidez, Atxagak, 70. hamarkadako Bilboko abanguardia literario erdi-klandestinora garamatza. Berekin batera, XX. mendeko beste hainbat idazle euskaldun eta espainiar ere entzungo ditugu, besteak beste, Gabriel Aresti, Blas de Otero, Luis Cernuda eta Antonio Machado.

Ibilbide honetan, Bernardo Atxagak bereganatu egingo gaitu bere poesiarekin eta bere historiaren benekotasunarekin. Hainbat ahotsek irakurritako poesia eta testuekin batera, errealitatearen eta imaginazioaren artean kulunkan egongo gara.

Ikuskizunaren inguruko informazio guztia, fitxa teknikoa eta partaideak barne, France Culture webgunean, eta prentsa-iruzkin honetan.

EGUNERAKETA: Erreportajea entzungai dago dagoeneko.