« Itzuli albistegira

Nevadako Egunak aurkeztu da, liburu "heteroklito" bat

2013-12-04  ¦  Argitalpenak

Gaur aurkeztu da Donostian Bernardo Atxagaren liburu berria, Nevadako Egunak. Idazleak berak aurkeztu du prentsaurrekoan, liburuaren izaera "heteroklitoaren" berri ematen. Nevadako Egunak ez da sailkatzen genero zehatz batean, eta horri ihes egin dio Atxagak kontzienteki.

Nevadako Egunak aurkeztu da, liburu

Pamiela argitaldariak kaleratu du Nevadako Egunak eta Durangoko Azokan egongo da, noski, argitaletxe honen erakusmahaietan. Pamielak prestatu duen kontrazalean, hain zuzen, genero definikaitz horri egiten zaio erreferentzia:

Kronika da hasieran, eta bukaeran nobela. Bere pieza guztiak bereziak dira, baina motiboak eta pertsonaiak, beti berberak. Obabakoak bezain aldakorra da, eta Soinujolearen semea bezain trinkoa. Ez dago orrialde berdinik, ezta orrialde solterik ere.

Liburuaren atmosfera nagusia biografiarena da. Bere orrialdeetan azalduz doazen pieza guztiek giza esperientzia dute abiapuntu. Egileak bere berri ematen du haietan, zer bizi izan zuen, zer pentsatu eta imajinatu zuen Estatu Batuetako Nevadan pasatutako denboran, 2007ko abuztutik 2008ko ekainera; baina beste pertsonaia batzuk ere hartzen ditu aintzat, hurbilekoak eta arrotzak, lehengoak eta oraingoak. Lekuek ere badute garrantzia, eta batez ere desertuak.

Aurkezpenean, liburu hau Ferdinand Cheval postariaren Jauregi Idealarekin alderatu du Atxagak. Cheval postariak harri bat aurkitu zuen egun batean, zerbait eraikitzen hasteko ideia eman ziona, eta egun hartatik aurrera pilatzen joan zen harriekin, eraikin naif, organiko eta ikusgarri bat eraiki zuen urteetako lana emendatuz.

Era berean, liburu honetan piezak joan ziren pilatzen, batzuetan albisteak, besteetan inspirazioak, eta azkenean, pieza horietan garbiketa ere egin zuen autoreak: 250 ziren, 160 inguru geratu dira, aurkibiderik gabe, baina bi ardatzen inguruan harilkatuak (kaosa ez baita literatura, ezta arkitektura ere): denbora, batetik (ordena kronologikoan daude pasarteak, Atxagak Renon egin zuen egonaldian bezala), eta lotune sinboliko batzuk, hala nola desertua edo zaldi basatien agerpena.

Estatu Batuetako Nevada estatuko Renoko Euskal Ikasketen Zentroan egindako 10 hilabeteko egonaldia dago liburuaren jatorrian, baina nolabait lehenago ere hasi zen liburuaren unibertsoan barneratzen idazlea (eta bere irakurleen artean asko ere bai, dudarik gabe): Far West-eko giroa, filmak, indiarrak... Horien oihartzuna ere badago Nevadako Egunetan. Era berean, libururako idazten eta ukituak ematen oraintsu arte jardun du Atxagak. Bereziki, horretan lagundu dion Asun Garikanoren edizio lana eskertu du egileak.

Hona Atxagak eman zituen azalpenetako batzuk, 20 minutuko bideo batean: