« Itzuli albistegira

"Txoriak kolpeka" (Pamiela, 2014)

2014-11-26  ¦  Argitalpenak

Bernardo Atxagak liburu berria aurkeztuko du aste honetan: "Txoriak kolpeka" (Pamiela, 2014). Bi kontaerak eta saiakera labur batek osatzen dute liburu hau.

Hiru lan dira irakurleak "Txoriak kolpeka" liburuan aurkituko dituenak. Lehenengoak, "Andoniren heriotza LSDaren argitan", orain dela 800.000 urteko gizaki baten ezbeharra hartzen du abiapuntu, eta Heriotza du gai. Bigarrenak, "Pierrek dioena entzuten dut", erlezain baten aitortza jasotzen du erleen munduko poesia bereganatuz; hirugarrenak, "Lawrence Arabiakoa", Thomas Edward Lawrence militar ingelesaren irudia aztertzen du, eta haren ospe handiaren zergatia.

Aurkezpenaren bezperan, liburu berriaz galdetu diogu egileari.

PAMIELA: Txoriak kolpeka liburuaren argitalpena dela eta, zure lehen hitz bat nahi nuke.

Harridura baten berri emateko erabiliko dut lehen hitz hori. Memoriak nola jokatzen duen, horrek harritzen nau. Noiz gertatu ote zen "Andoniren heriotza LSDaren argitan" testuaren oinarrian dagoena? Duela hogei urte, agian. Oroitzapena itzalita zegoen nire buruan. Nevadako egunak idazten ari nintzenean, ordea, indarrarekin piztu zitzaidan, eta lehen zirriborroa burutu nuen orduan. Gauza bera beste bi testuekin ere. "Lawrence Arabiakoa" izenekoak oso gaztetan irakurritako artikulu bat izan du abiapuntu. "Pierrek dioena entzuten dut" delakoak, erleei buruzko liburu bat. Memoriak ez dauka denborarik. Errauts geruza bat da, eta bat batean ilanti bat sortzen da handik. Guk "ilanti" esaten genion su-izpiari, baina ez dut izen hori inon ikusi. Hiztegietan "ilaun" ikusi dut, baina ilauna, niretzat, kardanberaren lorea da, edota haren ziriska. Hor ere memoria dabil tartean, baina nirea eta hiztegiarena ez datoz bat.

PAMIELA: Nolanahi dela, Txoriak kolpeka ez da oroitzapenarekin hasi eta bukatzen...

Ez. Ezinezkoa litzateke. Esaten dizut, oroitzapena ilantia da, huskeria, eta segituan desegingo litzateke. Berak eramaten zaitu mahaira, baina idazketak denbora asko hartzen du, eta denbora horretan zure buruaren barren eta zoko guztietan ibiltzen da, hango gaiekin nahastuz eta kutsatuz. "Lawrence Arabiakoa" idazten, esate baterako, hilabeteak egon nintzen, aurrera eta atzera, jarri eta kendu, eta nik uste ez bezala gelditu da azkenean. Lehen Gerra Handiarekin lotu da. Hasieran, berriz, Lawrenceren heriotzari buruzko gogoeta baizik ez zen.

PAMIELA: Liburu hau Nevadako egunaken girokoa da?

Alde batera, bai. Nevadako egunaken gai bat irudiarena zen, edo, hobeto esanda, hil ondoren uzten den irudiarena. Paulino Uzcuduni buruzko azken atalean azaltzen da gai hori, esate baterako. Edota Reno Gazette Journalen argitaratutako eskela bati buruzko testuan. Bada, Lawrencerena ildo berekoa zen. Galde egiten nion neure buruari, zergatik irudi hura, arabiarra. Beste testuek ere berdin, badute kiderik Nevadako egunaken. Baina azken urte honetan, idazketaren prozesuan, autonomia hartu dute. Autonomia, eta batasuna. Alde horretatik, oso pozgarria izan da liburu txiki hau idaztea. Batzuetan, hasi idazten eta zatiak zabaldu eta zabartu egiten dira, forma galtzen dute. Marrazkiekin ere gertatzen da. Egin marrazki bat, hasi hobetzen, eta azkenean dena zapuztu, dena itsustu. Ba, Txoriak kolpekan kontrakoa gertatu zait. Gero eta bilduago dena, gero eta zehatzago. Hori izan da behintzat nire irudipena.