"Liber Press Literatura 2017" saria jaso du Bernardo Atxagak
2017-10-09 ¦ Sariak
Asteburuan banatu dira Gironan "Liber Press 2017" sariak, Gironako Diputazioak urtero banatzen dituen nazio arteko sari ezagunak. Aurtengo ekitaldian, Bernardo Atxagak jaso du Literatura saileko saria, "sentsibilitatez, originaltasunez eta aberastasunez betetako ibilbide literarioarengatik".
1999an jaio ziren LiberPress sariak. Euren helburua da "elkarkidetzaren kultura" izendatzen dutena ezagutaraztea eta sustatzea. Kulturaren, kazetaritzaren eta artearen esparruko egile eta eragileak saritzen dira urtero; une honetan Katalunian ematen diren saririk ezagun eta prestigiotsuenetakoak dira.
Aurtengo saridunen artean, Bernardo Atxaga izan dugu literatura alorreko irabazlea. Asteburu honetan izan da sari-banaketa ekitaldia Gironan eta hantxe izan da idazle gipuzkoarra saria jasotzen. Gainontzeko saridunen artean daude, besteak beste, Jaume Capdevila i Herrero komikilari kataluniarra, Femen taldea, Paolo Bianchini zinema-zuzendari italiarra eta Maria Farantouri abeslari greziarra.
Sariketako epai-mahaiaren arabera, Bernardo Atxagak saria jaso du bere ibilbide literarioak duen originaltasun, aberastasun eta sentsibilitatearengatik. Samurtasunez eta sakontasunez landu ditu Euskal Herriari buruzko gaiak, memoria kolektiboaren garrantzian sakonduz, tolerantziaz, ausardiaz eta gizatasunez.