Andimaren liburu bat eskuan
Liburu bat hartu nuen eskuan, eta pentsatzen hasi nintzen zein izan ote zen Euskal Herrian argitaratutako itzulpenen patua. Eskuan neukan harena, kasu, zeinek Virgilioren idazlanak osorik eskaintzen baitzituen: "Ibiñagabeitia?tar Andima?k lateratik euskerara" eramandako Unai-kantak eta Alor kantak, alde batetik, eta Aita Onaindiaren Enearenabestetik. Tarteka, pentsatu ez ezik, liburuaren pasarte batzuk irakurtzen aritu nintzen, batez ere Alor kantaken laugarren atalekoak, bai bainekien atal hori, erleei buruzkoa, Virgilioren ederrenetakotzat jotzen dela. Eta zioen Virgiliok, zioen Andima Ibiñagabeitiak itzulpenean:
"Lenen eta bein, egoitza iraunkorra billatu bear da erleentzat, aizeak io ez dezakena (...), ardi ta auntz ibilkoiak lore artean iauzika ari ez ditezkena, edota zelaian alderrai dabillen bigantxak intza astindu eta belar erne-berriak zapaldu ez ditzakena".
Ez zegoen gaizki, inola ere. Agian zail samarra, nola gertatzen den maiz aspaldiko testuekin, testu klasikoekin, edota euskarara garbizaleen sasoian itzulitakoekin; baina irakurketa lasai batek aise menderatzeko modukoa.
Ez zen pasarte bakana; gainerakoek ere antzeko gozotasuna zeukaten:
"Noizbait erlategi ospatsua ta gordeta daduzkan ezti-ondasunak soatsi nai baldin badituzu, aurrenik urez garbitu zaite, aoa ere xautu ezazu ta zoaz zuzi ke-iarioa eskuartean duzula..."
Pentsatzen ari nintzen pasarte gozo horiek irakurri bitartean -gozo, idazkeraren kadentziagatik, ezen ez eztiaz arduratzen zelako, nahiz eta, batzuen esanetara, latinezko melis eta hizkuntza erromantzeetako melodia hitza elkarrekin lotuta egon-; pentsatzen ari nintzen, beraz, eta galdera arrunt bat heldu zitzaidan, gai serioen mezulari omen diren erleei sekula egingo ez niekeena, baina bai, bistan da, neure buruari: ibilia ote zen inor, ardi eta ahuntz ibilkoiak lore artean bezala, lerro horien artean jauzika? Zenbatek ote zuen irakurria liburu honetako pasarteren bat? Ez liburu osoa, ez atala edo orrialdea. Gutxiago: pasarte bat, laburra, lerro gutxikoa.
Galderak ziztada moduko zerbait eragin zidan, Virgiliok aipatu erleetako bat liburutik atera eta hozkada egin izan balit bezala, eta bertan behera uztea erabaki nuen. Jarraian, airean gora eginez -erle baten modura orduan ere- gogoeta orokorrago bati ekin nion. Zergatik liburu hura euskaraz? Zergatik Andima Ibiñagabeitia eta haren hainbat kideren lana? Zein helbururekin?
Iruditzen zait niri garai bateko idazle eta intelektual euskaldunek, 1936ko gerra aurrekoek eta, beren lanaren inguruko bi helburu nagusi izan zituztela: ez bakarrik ohizkoa, pragmatikoa, "fisikoa"; ez bakarrik irakurleak biltzekoa, haiengan era bateko edo besteko eragina lortu nahian -Kirikiñoren eta Lizardiren artikuluak etortzen zaizkit burura, Salbatore Mitxelenaren poemak, Tormes-ko itsu-mutila bezalako liburu erraz eta atseginen itzulpenak- , baizik eta, batez ere, bigarren bat, ez hain ohizkoa, ez hain pragmatikoa, "metafisikoa": euskara kultur-hizkuntza eder bat izan zitekeela frogatzekoa. Bigarren helburu hori gogoan, testu klasikoak itzultzeari ekin zioten: Homeroren edo Cervantesen hainbat atal aurrena, 1936ko gerraren atarian; obra osoak gero, gerra bukatu eta handik hogei bat urtera hariari berriro heldu ziotenean.
Orixek azaldu zuen argi, 1921eko "Euskal Egunetan" Unamunoren esanak aintzat hartuta:
"Nonbaiteko euskaldun berrilari batek egundaiñoko ergelkeri edo eztakit zerkeri esan omen-du. Zer, gero? Oraingo asmaketarako ez dela gai gure izkuntza, oso zarra dela, zaarregi, aspaldikoa dela. Zein ote-dugu gizon iakintsu hori. Etorri akit: zarra duk euskera, ala duk, aspaldikoa duk; baña ez duk zartu, ez zimeldu, ez igartu, ez amaundu. Gaur erakutsiko diat eginalean, gure izkuntza leuna dela, eze dagola, sasi-iakintsu orrek uste baño geiagorako gai ditekela". Eta geroxeago: "Zer esango luke euskaldun erdelzale orrek, nik esanen banio nongonaiko izkuntzara baino gure ontara obeki itzuli ditezkela Iliada eta Odisea?"
Oztopoz betetako bidea zen Orixek, Ibiñagabeitiak, Zaitegik eta gainerako itzultzaileek hartutakoa. Zaila zen berez; are eta zailagoa Barojak, Unamuno eta antzekoak gogoan, "bertako kanpotar" izendatutakoen erruz; zaila halaber, ia ezinezkoa, "berta-bertakoen" joerengatik. Berta-bertako asko itzulpenen aurka baitzeuden.
Dio Andima Ibiñagabeitiak, auzi hori gogoan:
"Zenbait urte dirala, liburutxo txiki bat erori zen zerutik bezala nere eskuartean, erderaz idatzia, gai eta auzi askoren artean euskerarena ere sakonki aztertzen zuena. Baiñan asieratik gogor ekiten zion itzulpenen aurka. Gogor esatea da, baina itzul-lan eta saio guztiak gure artetik zearo baztertu bear genitukela esaten zuen, kaltegarri izaki nork bere burutapen eta asmamenari leku egiteko. Uste au, gainera, zabal dabil gure artean eta bilduma ederra egin diteke itzul-lanaren aurka esan oro bilduko bagenituke.
"Ori dioenak, ordea, xalto batean iarri nai luke gure izkuntza millaka gizon argi eta idazle trebeen arnas eta ukituarekin mendez-mende landu eta erabilliak izan diran izkuntza handien mallan. Baña zearo aztutzen dute izkuntza dotore oriek ere beuren asieran itzul-lanaren neke eta izerdi garratzez inguraturik ari izan zirala".
Bere argudioa zabaltzerakoan, gehitzen du: "Lenengo europar gudua ezkero buru-iabe gertatu ziren aberri berrien izkuntzak ere itzul-lanean sendotu zituzten euren oin makalak, geroago, eurak euretara, kultur-zabaldietan zear errex eta airoski ibiltzeko".
Leonardo Sciasciak dio ideia mortuek bizi-biziak ematen dutela askotan, hala nola sarraskiek inguruko beleen zalapartaren kariaz, eta, gure kasu honetan ere, arrakasta handiagoa izan dute bai Unamunorenak eta bai, beste ertzean, euskal esentzien zaleenak. Baina, arrakastak arrakasta, ideia benetan biziak Orixe, Ibiñagabeitia, Zaitegi eta beren kideenak ziren. Haiek aldarrikatzen zutena, munduko obra nagusien itzulpenekin osatutako Euskal Liburutegi baten garrantzia, ideia zuzena zen. Zuzenagoa oraindik beren oinarrizko ideia: ezin zitekeela euskal hizkuntzaren edota euskal kulturaren aurrerabiderik gauzatu "itzul-lanaren neke eta izerdi garratzik gabe". Modu arruntagoan esanda, santuek baino arrazoi gehiago zuten... ezinbestean, noski, zeren zinezko santuak baitziren; bai behintzat beren pazientzia neurtuz gero. Ez zen xamurra izango unamunotarrak eta esentzialistak aldi berean jasatea: makina bat igoko zen zerura meritu gutxiagoarekin.
Ilusio sobera zeukatela esango du norbaitek. Arrazoiz, noski. Izan ere, denok ikusten dugu orain, gaur eguneko gainetatik iraganari begiratuta, norainokoa den literaturaren eta liburutegien ahalmena, zein mugatua den, zein eragin gutxikoa. Denok izan dugu, bestalde, proventzerari gertatutakoaren berri, alegia desagertzeko zorian dagoela gaur egun, nahiz Nobel sariarekin hornitua egon, eta litekeena dela Frédéric Mistralen Mireio poemak irakurle gehiago izatea Euskal Herrian, Orixeren itzulpenari esker, bere sorlekuan baino. Nolanahi den, ez dit enbarazurik egiten idazle eta intelektual haien soberazko ilusio hark, santu guztiek izaten baitituzte antzeko okerrak desertuan gertatzen direnean, eta kixoteek, zer esanik ez. Berriro esango dut: nahiz eta ilusioaren lausoak apur bat nahastu, zuzen ibili ziren berak: Euskal Liburutegi bat behar da, itzul-lana behar da. Horren ezean, ez dago aurrerabiderik ez euskal hizkuntzarentzat ez euskal kulturarentzat. Bi arrazoirengatik, esango nuke.
Aurren-aurrena, itzulpen mota horrek -Virgilio, Dante, Cervantes, Shakespeare edo Homero bezalako idazleen maisulanak Euskal Liburutegira ekartzen dituenak- prestigio soziala ematen duelako; antzinako greziarrek timé deitzen zuten hura. Prestigioa ematen dio hizkuntzari eta hizkuntza horretan bizi den gizarteari; aura bat, alegia, edota Donostian hainbeste entzuten den glamour delako hori; ekonomista batek "lehen mailako irudi" bezala definituko lukeen ospea.
Hizkuntza edota kultura bati prestigioa emateko modu gehiago daude, noski, eta hor ibiliko dira Urlia edo Sandia gure hizkuntza "altxorra" edo "monumentua" bat dela esanez; itzulpenaren modua, ordea, beste maila batekoa da -lehen mailakoa-, zeren, mugimendua mugituz erakusten denez, ez teorian baizik eta praktikan, bete-betean lotzen baita hizkuntzaren bizi baldintzekin. Ez baitago beste sekreturik hizkuntza hazi eta lanabes on bihurtu dadin: praktika, erabilpena. Abdetfattah Kilitok dioena kontuan hartuta diot hori. "Hizkuntza -dio Casablancako unibertsitate irakasleak- xaboiaren kontrakoa da: zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta xahutuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago". Beraz, hitza biziko bada nahitaezkoa da errepika, nahitaezkoa da jendearen ahotan behin eta berriro egon dadin. Arabiar jakintsu batek ere hala adierazi omen zuen: "Hitzaren iturriak isuri egin behar du bere ura, gastatu eta alferrik galdu egin behar du bere ura".
Kontu garbia da, nire ustez. Virgilio, Dante, Cervantes, Shakespeare edo Homeroren itzulpenak bigarren lan bat ere egiten du, funtsezkoa: errepikaren gurpilean, mugimenduan, zirkulazioan jartzen ditu hitzak. Andima Ibiñagabeitiak, adibidez, "alderrai" terminoa erabiltzen du maiz. Atera egiten du gordeta zegoen kutxatilatik eta mundura bidali. Gaur egun, errazagoa zaigu izenondo horren erabilera. Baina, lexikoarekin baino gehiago, sintaxi aberats baten alde egiten du lan itzulpenak, eta hau da, zalantzarik gabe, bere lanik garrantzitsuena; Ibiñagabeitia bezalako itzultzaileek, eta ia haiek bakarrik, egin dezaketena. Kontuan izan itzultzaileak estutu egin behar izaten duela hizkuntza, lan berriak eginarazten dizkiola -pentsa ezazue zientzia liburuekin ari direnenengan-, ezin diola hizkuntzari bere kabuz, bere ohizko eran, aurrera joaten utzi; idazleak, bai, baina hark ez. Idazleak abandona dezake bere burua hizkuntzaren ur korrontean, har dezake aldi bakoitzean bihurgunerik errazena, nola egiten omen zuen Petrarcak Mont Ventoux-en ibili zenean, baina itzultzaileak, nahita ere, ezin du. Virgiliok idatzitako kadentzia, tonua, zehaztasuna errespetatzea beste erremediorik ez dauka. Lehia horretan, itzultzaileak forma berriak jartzen ditu zirkulazioan, ez bakarrik hitzak, eta hizkuntzaren erabilpen sofistikatu eta aberatsago baterako oina ezartzen du. Horrelaxe hazi eta garatu ziren hizkuntza guztiak. Ibiñagabeitiak aipatzen dituenak, "lenengo europar gudua ezkero buru-iabe gertatu ziren aberri berrien izkuntzak", baita munduan nagusi dabiltzan beste guztiak ere. Ingelesaren zein frantsesaren edo gaztelaniaren oinarrian latinetik egindako Bibliaren edo Zizeronen itzulpenak egon ziren.
Galdera bat datorkit orain, erle galdu baten moduan, gogoeta honen hasierako lerroetatik. Galde egiten nion orduan neure buruari: ibilia ote da inor, ardi eta anhuntz ibilkoiak lore artean bezala, Virgilioren itzulpenean jauzika? Zenbatek irakurri ote du liburu honetako pasarteren bat? Labur, eta ziztadaren beldurrik gabe esanda, bete ote ditu Ibiñagabeitiaren itzul-lanak bere helburuak?
Alde batera bai, eta bestera ez. Batzuk bai, besteak ez. Lorpenekin hasita, uste dut hainbat idazle ahalegindu dela orrialde horietatik ikasten -ni neu, urrutira joan gabe-, eta zer edo zer zabaldu ditugula bertako tonu eta kadentziak. Eta, agian, idazle ez direnak ere arituko ziren ahalegin horretan, eta horregatik esango da orain, telebistan behin entzun nuenez, ez dakit zer futbol jokalari "alderrai" ibili zela partida osoan. Bere alea jarri zuen, gainera, hizkuntzaren prestigioa handitzeko orduan, eta arindu, aldi berean, gerrarekin eta ondorengo diktadurarekin euskal kulturan gertatutako etena.
Ekiten diot orain lortu gabeko helburuez pentsatzeari, eta iduri zait bat-batean burua erlategi bihurtu zaidala, eta erle guztiak haserre daudela, borrokan hasteko prest. Virgiliok dioen moduan:
"(...) bereala ateman diteke urrunetik taldearen gogoa gudun-miñez biotzak pil-pil; berantkorrak Martiren borontze-otserlatzak zirikatzen ditu, eta turut-ots itoa bezelako oiua entzuten da; orduan, dardaraz, elkartzen dira, egoak dirdari, ta eztenak zorrozten ditute aztalak muturrekin igurtziz eta erregearen inguruan, iauregian bertan ain zuzen, moltsoan biltzen dira etsaiari eupadaka; ta udaberriko egun ozkarbi eta paketsuan ateak bortxatu eta irteten dira..."
Ez nuke nahi nire buruko erleak holako zalaparta oldarkorrean ateratzerik, baina galderari erantzuterakoan -bete ote ditu Ibiñagabeitiaren itzul-lanak bere helburuak?- egia batzuk aitortzea ezinbestekoa da. Esan beharra dago, aurrena, Orixek, Ibiñagabeitiak eta haien kideek lortutako balioa, timé edo aura izpia, glamourra -hala nola gaurko itzultzaileena- oso neurri txikian inbertitu dela euskal kulturaren edo euskal hizkuntzaren alorrean; ez diola aparteko onurarik ekarri hizkuntzari, kulturari. Gizarteak -eta bere ordezkari diren alderdi politikoek- ez ditu nonbait itzultzaileak eta itzulpenak modu errealean behar, irakurle modura, baizik eta modu sinbolikoan; bere ideologiaren edo bere imaginarioaren mesedetan. Medinaceliko kondeak 3000 mila urrezko koilara, eta beste horrenbeste sardexka omen zeuzkan bere gazteluan, nahiz halakorik behin ere ez erabili, edo soilik jai handietan; era berean, euskal gizarteak milaka urrezko orrialdez osatutako altxorra behar du, nahiz sekula ez eskuetan hartu, salbu eta jai handietan. Ateratzen dira egun batean edo bitan eguzkitara, miresten da urre horrek duen distira, eta, gau horretan bertan, gazteluko sotora doaz berriro, hurrengo urtera arte.
Orixe, Ibiñagabeitia eta beste kideen mezua ez dela euskaldunen artean barneratu iruditzen zait niri. Gizarteak ez duela aintzat hartzen itzulpena, edo sasi-helburu baterako hartzen duela. Ikusi bestela liburu itzulien salmenta kopuruak; ikusi zenbat horrelako gomendatzen dituzten irakasleek; aurkitu hemerotekan gizon edota emakume publiko bakar bat euskaraz irakurritako liburu itzuli baten aipamena egin duena.
Duela ez asko, esaten zidan Rodríguez Baixeras erle-langile gailegoak, Lanpedusako kondearen itzultzaileak: "Ez dut gehiago itzuliko. Zertarako? Bizitza guztian beste konturik ez dut aditu, klasikoak jarri behar zirela gailegoz, Galiziak behar zuela hori. Eta zer pasatzen da gero? Ba hartzen duzula sekulako lana Il Gatopardo itzultzen eta 30 ale baino gutxiago saltzen direla". Euskal itzultzaile asko aldarte horrekin dabiltza. Eta oraindik ez badabiltza, ibiliko dira laster.
Bigarren pentsamendu bat ari zait orain burutik atera nahian, eta iduri luke, marmar motagatik, erlea baino gehiago liztorra dela. Lehenbailehen azalduko dut, beraz, eta ahalik eta modu laburrenean. Ez dadila jirabiraka hasi, behar direnak ez ezik behar ez diren asko esanez.
Paradoxa bat dabilkit buruan. Euskal Herri honetan, non itzulpenak ez duen benetako lagunik, den-dena itzulpena da. Itzulitako adierazpenak ikusten ditu euskaldunak errepidearen gain edo alboetan; itzulitako ohar eta gutunak aurkitzen ditu bere buzoian, banketxekoak, dendakoak, eskolakoak, udalekoak, Jaurlaritzakoak; itzulitako testuak entzuten ditu irratian, antzokian edo telebistan. Esan liteke itzulitako hitzek osatzen dutela euskaldunaren atmosfera. Esan liteke halaber gaztelania dagoela hitz-atmosfera horren oinarrian, eta baita, ia beti -gizarte elebidunaren arauak direla eta- aldamenean ere.
Itxura batera, itzultzaileak bakarrik dira euskaraz idazteko gauza, berek salbatzen dute egunero aberriaren ondra. Itzultzaileek bakarrik, edo haiek eta beste bik. Eta hortxe bertan aurreneko arazoa: jatorriz euskaraz idazten duten pertsonen eta erakundeen proportzioa hutsaren hurrengoa izan behar du azken aldi honetan. Jatorrian euskaraz sumatutako testu bakoitzeko mila izan behar dute itzuliak. Desoreka horrek, besterik gabe, kezkagarri bihurtzen du egoera. Euskal Kultura osoaren egoera, esan nahi dut.
Baina bada fenomeno okerragorik. Azkar esanda, itzulpenen portzentaje handi bat gaizki dago. Horri buruzko azalpen handirik eman beharrik ez daukat. Ez Euskaltzaindiaren bilera batean. Vox populi da gure artean, eta jakina da euskaltzain batzuk jatetxeko kartak txukun itzultzen ere saiatu izan direla kuntza hori -euskarazko hitzekin osatutako atmosfera zikin hori- zerbait arintzearren. Kontua da atmosfera zikin horrek hizkuntza ito dezakeela epe ez oso luzean. Gogoratu Abdetfattah Kilitok esaten zuena: erabilpena da, errepika da, hizkuntzaren bizitza bermea. Baina errepika hori -gizarte eleanitz honetan, alboan espainiera, frantsesa eta ingelesa ditugula- oso zaila da euskarari dagokionez, ez da inoiz muga kritikotik asko urruntzen.
Bibliako garaietan bageunde, profeta batek amets bat edukiko luke. Bi hiztegi azalduko litzaizkioke: letra oso beltzekoa bat, letra gris edota zurixkakoa bestea. Zentzua galdetuz gero, esango luke: lehen hiztegiko letrak behin eta berriro esaten direnak dira; aldi bakoitzean, areagotu egiten da beren belztasuna, arrabolaren azpian behin eta berriro pasatuta bezala; bigarren hiztegikoak berriz, ez baititu inork esaten, gero eta ahulagoak dira. Laster ezkutatuko dira paperetik eta orrialdeak erabat zuri geratuko dira.
Itzulpenak onak balira, Andima Ibiñagabeitia eta bere kideek egindakoaren pareko balira, euskarri ona litzateke atmosfera hori; dagoen dagoenean, hobe ez balego. Etsipena eta traba besterik ez du sortzen. Gainera, diru asko kostatzen zaigu, eta, alde horretatik, alkimiaren kontrako zerbait bihurtu da itzul-lana: hautsa eta zikina urre bihurtu beharrean, urrea hauts eta zikin bihurtzen du. Atmosfera gaizto bat, berriro esanda.
Virgiliok Alor-kantak idatzi zituenean bere helburua ez omen zen, lehenik, estetikoa izan, baizik eta praktikoa. Gerrak zirela eta, soldadu ibilitako nekazariek ahaztuxea omen zeukaten baserri lana, eta erakutsi egin behar omen zitzaien. Ahalik eta modurik atseginenean, erakutsi ere. Horra enperadoreak poetari eskatu ziona.
Konparazioak alde batera, nik ere horrelako helburua izan dut gogoeta honi ekitean: helburu praktiko bat. Uste dut euskara erabiltzen dugunon eskubideak urratu egiten direla noiznahi eta nonahi, eta ez daukagula babesik, ez daukagula erakunderik -ezta "kontsumitzaileen bulego" bat ere- gure protesta, gure presioa, bideratzeko. Orain artean, banan-banan egiten dugu lan hori, horretarako gogoa dugunean -zeren gogoa behar da goiz batean Aurrezki Kutxako bulegora joan eta "oharra" hatxerekin dela esateko... horrek ematen duen ospe txarrarekin!-; banan- banan egin dugu edo ez dakit zer erakunde ofizialen esku utzi dugu. Ez da bidea, nik uste. Bidea da kontsumitzailearen bulegoa: euskara erabiltzaileak, Museo batetik bidalitako gutun irakurtezin bat bidaltzen diotenean, kasu, yogourthean eulia -edo erlea- azaldu zaion bezeroak bezala jokatzea. Formak gorde behar direla eta, "Erabiltzailearen bulegoa" deituko nioke nik. Ez dakit Euskaltzaindiak zereginik izan dezakeen honetan. Agian ez. Baina nik, neofitoaren inozentziaz edota lotsa gutxiaz, azaldu egin nahi nuen.
Azkeneko gauza: Erabiltzailearen bulegoa Andima Ibiñagabeitia irudiak presidituko luke.
Alor kantetako beste pasarte bat, bukatzeko:
"Kirene, ordea, etzen aldendu eta izu-ikaraz ola mintzatu zitzaion semeari: "Seme, aldera itzazu biotzeko kezka illunak. Ori guzia duzu eritasunaren iturria: orra zergatik Ninpak, Euridike dantzaburu zela oianean dantzatzen zirenak, erio errukarriz zure erleak il zituten. Zoaz arrenka, emariak eroanaz, eta pakea eska ezaiezu..."
Bakea emateko guk, euskara erabiltzen dugunok, ez dugu horrenbeste behar. Ez hitz goxorik ez oparirik. Estatu demokratikoetan gutxiengoei zor zaien errespetua besterik ez.
Bernardo Atxaga
PD. Lerro horiek errepasatzen hasi aurretik, Eroskitik pasatu naiz. Gauzak "Salneurri erdian" daude han erdi-prezioan egon beharrean, eta "mahaiko ardoa beltza" eros daiteke. Bestalde, bai Eroskin bertan eta bai beste dendetan saldu izan diren testu-liburuak oso gaizki itzulita daudela salatzen zuen Koldo Izagirrek duela gutxi. Eta abar. Arazoa gero eta larriagoa da, zinez.