Antzarak, zenbakiak eta letrak
Euskaltzaindiarako sarrera-hitzaldian irakurritako hitzaldia
Asteasu, 2007-03-17
Antzarak ditut nik gogoan herri honetan bizi nintzen garaietatik, eta haiexek hartu nahi ditut aintzat orain ere, gaurko hitzaldi honetan. Hiztegiek diote ahatea bezalako hegaztia dela antzara, baina handiagoa, eta grisa duela lumajea, laranja kolorekoa mokoa, gorrixkak direla bere hankak. Entziklopedietako argazkietan ikusten dugunean, berriz, hegazti zein txori guztiek duten begirada serioa antzematen zaio berari ere, eta, nahiz kopeta handirik ez duen, kopetiluna dela esango lukete askok.
Nolanahi dela ere, ez nituen nik bertatik bertara eta xehetasun horiekin guztiekin ikusten garai hartan, herri honetan bizi nintzenean, baizik eta airean, haien urteroko hegaldian. Gogoan ditut oraindik 1958. urte aldera pasatu zirenak. Aurrena haien deiadarra zabaldu zen, ahatearena bezalakoa baina hautsiagoa eta ilunagoa, eta geroxeago ehun buru eta gehiagoko taldeetan azaldu ziren, lerrorik lerro denak, letrak eta zenbakiak osatuz. Gora begira jarri eta zenbaki haiei 1aren edota 3aren tankera hartu nien gehienetan; aldian behin, 7arena. Letrak, berriz, zirriborrotsuagoak iruditu zitzaizkidan, zailagoak ezagutzeko orduan. Alfabetoaren azkenekoen itxura zuten, gehienbat; Z dardaratia zirudien batek; Y besteak; X etzana hurrengoak.
Nire lehen oroitzapenetakoa da: Asteasu herri honetako kale nagusia hutsik; erretenetan, euriak utzitako ur kondarra; tximinietan kea, haizeak banatzen duena. Eta zerua, lainotsu. Lainoen azpian, antzarak etengabe pasatzen.
Garai hartan aritmetikaren lehen arauak ikasten ariko ginen eskolan, kaligrafiako lehen koadernoak betetzen, eta agian arrazoi horregatik egin zitzaizkidan deigarri hegaztiek hegan egin bitartean osatutako zenbaki eta letra haiek. Itsatsita geratu zitzaidan gertaera gogoan, eta gerora, eskola gehienak bukatu eta idazten hasi nintzenean, behin eta berriro aipatu nituen.
"Neguko egun bat da -idatzi nuen hogei bat urte geroago koaderno batean-. Ehiztariek tiro egin dute beren eskopetekin. Zazpi edo zortzi antzara lurrera joan dira. Zeruari letra bat falta zaio orain".
Ohar hori ez zitzaidan baliatu, eta ez zen inongo liburutara iritsi; bai, ordea, antzeko beste hainbat. Bi anai deitu nuen nobela laburrean -esan gabe doa izen hori, Bi anai eta ez Bi anaia, Euskaltzaindiaren aurrean harroxko xamar nenbilen garaien seinale dela-, antzarak aintzat hartu ez ezik, antzara baten lekuan jarri nuen neure burua, eta lerro honekin eman nion atal bati hasiera:
"Ehun eta hamaika antzara ginen, eta egun asko generamatzan hegaletan iparreko lur zelai eta hotzetatik aienatu nahiz (...)".
Bi mila eta zazpigarren urtean gaude orain, pasatu dira beraz urte ugari antzarak ikusi nituen lehen aldi hartatik; baina nahi nuke antzararen gaiari berriro heldu, eta gainera Bi anaiko joko berbera egin, hots, haietako baten lekuan jarri eta, irudimenarekin, Asteasu herri honetara, ez errepidez, ez lurretik, baizik eta airez hurbildu. Eta banator ni, badator antzara Andoain aldetik hegan. Laster, Oria ibaia atzean utzi orduko, bere begirada luzeak Adunako herria ikusten du bere kanpandorre txorrotxarekin, eta, aurreraxeago, Zizurkil biak, goikoa eta behekoa, eta Alkiza, Asteasu hau, Ernio mendiaren gailurra eta, azken-azkenean, itsaso zabala.
Ez da oraingoxe kontua hegaztiek bideak ezagutzea. Gogoan daukat umetan entzun nuena; ez hemen, baizik eta amaren herrian, Albizturren. Bada, Albizturko bi etxekoandre erromes abiatu omen ziren Santiora, eta Ernio azpiko Zelatunera iritsi orduko, galdu. Beleak zebiltzan nonbait inguruan, eta andre haietako batek, beste inoren arrastorik ez, eta galde egin omen zien: "Zein da Santioarako bidea? Hau, hori edo hura?". Beleak antzararen antzekoak dira ahotsaren aldetik, eta zakar xamar erantzun omen zuten: krua! Krua! Arindua hartu zuen galderagileak. Bere lagunarengana egin eta halaxe esan omen zion: "Bidea hango hura dela esaten dinate. Ederki giñunan nik erdera jakin ez banu!".
Zelatungo bele haien pareko, gure antzarak ere ez du zalantzarik bideaz eta noranzkoaz, baina, presa handirik ez duenez, pasatu Aduna gainetik eta jaisten hasi da poliki, eta gelditu ere, gelditu egin da Zizurkil behekoaren eta Zizurkil goikoaren artean; Errekalde baserriko teilatuan.
Askok ondo dakizuenez, Errekalde izeneko baserri horretan hainbat bertsolari jaio ziren, eta haien arteko ospetsuenari, gaur Zizurkilen harrizko oroigarri bat daukanari, Pedro Mari zeritzan; Pedro Mari Otaño. Aita Zavalaren liburuetan irakurri dut bertsolari askok santu zaindaritzat zeukatela, eta guztiengan izan zuela eragina. Teodoro Mujikak, berriz, areago dio 1985eko bertso batean: "Oraintxe irurogei ta amabost urte Pedro Mari il zala esaten digute, baiñan bere bertsoak bizia daukate, izkuntz onek arnasik galtzen ez dun arte".
Ez da beroarenik laudorioan. Pedro Mari Otañoren hitzek luze iraun dute. Juan Mari Lekuonak unibertsitatean erabiltzen zituen langaien artean ere aurkituko dituzue, edota Xabier Lete abeslari eta poetaren lanetan. Nik neuk oso gaztetan ezagutu nituen. Andres Bitoria izeneko adiskidearekin nengoen hizketan, eta, halako batean, inongo paperik gabe, onbuaren bertsoak kantatzeari ekin zion berak.
Baduzue, noski, kontuaren berri: Otaño Argentinako Pampa izeneko lautadan bizi da, eta inguru hauetako mendi eta basoen mira bilatzen du. Poza ematen dio horregatik arrantxoaren alboan dagoen onbu izeneko zuhaitzak, eta haren azpian edo adar artean esertzen da maiz herri minez, jaiotetxeko intxaurra gogoratuz: "Nere lagunik maitatuena onbu laztana zu zera, argatik nator zure kolkora ni malkoak ixurtzera, iduriturik naramazula atariko intxaurpera. Beti izango zaitut gogoan bañan joan nai det ostera Euskal-lurreko zuaizpe artan nere ezurrak uztera".
Zaila da zehaztea literatura esaten diogun horrek gizarteari ekartzen dizkion onurak, baina, oinarri-oinarrizkoari helduz, hark egiten duen bereizketa lana har liteke gogoan. Bertsoek, poemek, nobelek, bereizi egiten dituzte une, leku edo gertaerak. "Bereizi", diot, baina berdin esan nezake "bakandu", "apartatu", "atera gauzak bere jatorrizko arruntasunetik". Halaxe gertatu zen Errekaldeko intxaurrarekin bertsoen ondoren. Ez da harrezkero nolanahiko zuhaitza. Ihartua dago gaur; hala ere jende askok begirada bat eskaintzen dio pasatzean.
Beste leku bat hartuko dut orain aintzat, Errekalde baino ospetsuagoa, Siziliako uhartean dagoena. Ideia bera azaltzeko, hartu ere.
Inoiz Siziliara joaten bazarete, eta Messina izena hartzen duen itsasarteraino hurbildu, ez duzue aparteko ezer ikusiko. Herri bat dago han, kostaldeetan ugari diren hamaika bezalakoa, zarpaila eta zaratatsua, eta haren amaieran, hondartza mutur bat, hondarra baino gehiago harri txintxarra daukana. Baina bertakoren batek berehala esango dizu Homero lehen poetak leku hura izan zuela gogoan, eta, Odisearen hamabigarren kantuan azaltzen denaren arabera, hango bi harkaitzetan bizi izan zirela Eszila eta Karibdis munstro beldurgarriak, marinelak hil eta irensten zituztenak.
Odisean bizpahiru orrialde hartzen ditu aipamenak; nahikoa, ordea, leku hura, berez arrunta, bakan eta berezi bihurtzeko; munduko beste lekuak ez bezalakoa, garrantzitsuagoa. Jakina, Messina aldean bizi den jendeari on egiten dio halako leku seinalatu batean bizitzeak.
Tradizio grekora jo dut adibide bila, baina errazagoa zatekeen bertatik bertara ibili eta gure beste tradizio nagusia hartzea aintzat, hots, kristautasunak ekarritakoa. Pentsa dezagun Belengo herrian. Herrixka bat izango zen duela bi mila urte, inolako ñabardurarik gabea. Baina Bibliak zioen han jaio zela Jesus, Jainkoaren semea, gero gurutzean hilko zena, eta kontaera horrek munduko leku aipatuenetakoa bihurtu zuen.
Messinako itsasartea edo Belengo herria ez ziratekeen leku berberak izango Odiseako edo Bibliako kontaerarik izan ez balitz. Era berean, Euskal Herria ere ez litzateke berbera onbuaren bertsorik gabe. Badakit izpi bat besterik ez dela; badakit ez dagoela oraingo poeten lana Greziako edo Israelgo lehen poeta haienarekin konparatzerik eraginaren aldetik; baina oinarri-oinarrian lan bera egiten dute denek.
Gure antzarak ez daki luzaro geldirik egoten, eta hor abiatu da hegan. Zizurkilgo gaina alde batera utzi eta, Asteasuko errepide nagusiari helduz, "Konportako errebuelta" esaten zitzaion tokira jo du. Astia daukat, ordea, orain arteko hitz nagusiei beste bat gehitzeko. "Bereizi" esan dut arestian, "bakandu", "apartatu". Orain "transfiguratu" esan behar dut. Bertso, poema eta nobelek transfiguratu egiten dituztela une, leku edo gertaerak; errealitatea.
Badakit hitz hau ez dela gure euskal hiztegietan azaltzen, eta guztiek ere jauzi egiten dutela "transferitu" delakotik "transformadore" delakora; baina, oker ez banago, Euskaltzaindiaren hiztegia E letran dago oraindik. Aukera dut, beraz, "transfiguratu" eta baita "transfigurazio" bera ere erabiltzeko. Ziurrenik ere baztertua izango da, zeren elizen arteko Biblian ere nahiago izan baitute "antzaldatze" delakoa; baina, aukera dagoen bitartean, bonbon. Eta gero gerokoak.
Gogora dezagun transfigurazioaren pasartea. Bibliak dioenaren arabera, Tabor izeneko mendian gertatu zen. Hala dio Mateok: "Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu, eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu -"transfiguratu"- egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri. Hartan, Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan. Pedrok esan zion Jesusi: "Jauna, zein ederki gauden hemen! Nahi baduzu, hiru etxola egingo ditut bertan".
Ez litzateke erabat zuzena izango literatura lanek errealitatea -lekuak, uneak, gertaerak- eguzkia bezain distiratsu eta argia bezain zuri bihurtzen dituztela esatea, zeren batzuetan kontrakoa ere burutu baitute. Gogoratu, esate baterako, Goebels kriminala, Hitlerren gobernuko propaganda burua, nobelagilea zela; gogoratu, beste maila batean -oso beste maila batean- ez direla bertsolari guztiak Pedro Mari Otaño bezalakoak izan, egon direla aitzitik umore gaizto bezain atzerakoia erabiliz atsekabea besterik ekarri ez dutenak. Izan zen hementxe bertan inork gutxik gogoan duen bertsolari bat, behin batez herriko maisu errepublikanoari bertsoak atera zizkiona. "Maestro pequeñito, don Miguel det izena..." holaxe hasten ziren bertso gaiztoak, eta burla hartan maisuaren gorputzeko akatsa eta haurdun geratutako andre baten auzia nahasten ziren. Dena jakin dezazuen, maisua bila joan zitzaion, eta larri ibili zen gure bertsolaria.
Nolanahi ere, salbuespenak alde batera, egia da lan literarioek errealitatea onerako transfiguratzen dutela. "Jauna, zein ederki gauden hemen!", hots egin omen zuen Pedrok Tabor mendian. Halaxe aterako litzaiguke guri transfiguratutako zeinahi lekutan. Edo, behintzat, errazagoa litzateke poz hori erdiestea.
Ez dago, lan literarioek eragindako transfigurazioan, inolako mirakulurik, inolako misteriorik. Bizitza da haren eragile. Pedro Mari Otañok Ameriketara joan behar izan zuen, etxetik urruti; Ameriketan, beste sentimendu askoren artean, herri mina nozitu zuen; onbu bat zegoenez bere arrantxoan, hura baliatu zitzaion Errekaldeko intxaurra gogoan hartzeko. Esperientzia hori hitz bihurtu zuen, eta bere hitzei forma bat eman zien atseginagoak eta iraunkorragoak izan zitezen. Errekaldeko intxaurra herri-minaren ikur zaigu gaur egun. Horra hor transfigurazioaren bidea.
Gure barneko alde hori, arima, espiritu eta beste hamaika modutara deitua izan dena, eta etengabe, egonkortasunik gabe, eraldatzen dena, batzuetan kezkoa ematen duena eta bestetan berunezkoa, arrazoiak doi-doi menderatzen duena, hori guztia, gure barneko aldea, infinituaren pareko da. Batzuetan, infinitu horren puntu bat, une bat, kanpoko zerbaiti erantsita geratzen da. Harkaitz bati, itsasarte bati, zuhaitz bati. Horra hor transfigurazioaren muina.
Pentsa ezazue, istant batez -antzara Konporta gainean dago jadanik, eta aldatu egin behar dut hizpidez- hutsala izan arren esanguratsua den kontu batean. Pentsa ezazue Euskal Herri honi "Suitza txikia" deitzen ziotela, eta diotela, batzuek. Bitxia da kontua, Suitza eta Euskal Herria ez baitira ia ezertan berdin; baina horrelakoak gertatzen dira bertsoen, poemen edo nobelen transfigurazio lana aintzat hartzen ez denean. Norberaren lekua bigarren mailako bihurtzen da, leku nagusi baten leku-orde hutsa, eta gainera, okerragoa dena, arroztu egiten da. Ernio mendiaren gailurrean jarri eta hango ikusmira miretsiz "lurralde hau Suitza txiki bat da" esaten duena, bietako bat: edo suitzarra da, edo ez du sentsibilitaterik. Ez diote irakatsi, ez du ikasi, sentsibilitate hori izaten. Berari dagokionez, Otaño, Orixe, Lizardi eta gainerako guztien lana alferrikakoa izan da.
Gure antzara begira dago airetik. Luzea ez ezik, sakona ere bada bere begia, eta ikusi egiten du iraganekoa ere, gaur egun ez dagoena: botana alde batera, urez ia gainezka; erreka zuloan, errota txiki bat; goraxeago, baserri galanta, armarria ere baduena: Konporta bera.
Behin batez, artean ume nintzela, banindoan bizikletan Zizurkilgo eskolara eta adin handiko andre bat ikusi nuen pare hartan, errepidearen ertzean, zumitzezko besaulki batean eserita. Gelditu egin nintzen aurretik pasatzerakoan, agian keinuren bat egin zidalako, eta hizketan hasi ginen biok. Ederki hitz egiten zuen andre hark, bizi eta zorrotz; ondo entzuteko, berriz, tronpeta moduko bat erabiltzen zuen, ni zerbait esaten hasi orduko belarrira eramaten zuena. Tresna erabat harrigarria egin zitzaidan, eta agian horregatik daukat unea gogoan.
Andre hark Mikela Elizegi zuen izena, eta Pello Errota bertsolariaren alaba zen. Atera berria zuen garaitsu hartan, 1963. urtean, Pello Errotaren bizitza izeneko liburua. Esan dezadan zehatzago: liburua Aita Zavalak antolatu eta argitaratu zuen Mikela Elizegiri egindako magnetofoi-grabazioak erabiliz. Aita Zavalak berak aitortua duenez, arratsalde asko eman zituen eginkizun horretan; arratsalde gozo xamarrak, gainera; ez bakarrik Mikela Elizegiren kontuak entretenigarri zitzaizkiolako, baita haren alabek pastelak ateratzen zizkiotelako ere. Bistan da: beste garai batzuk ziren idazleentzat. Gozoagoak, berriro esanda. Pentsa! Suitza txikiarekin egokitu beharrean, "petit suisse" batekin egokitzen zen Aita Zavala arratsaldero. Alde ederreko kontua!
Pentsa dezagun orain, tarte batez, zenbat esku behar izan ziren liburu hori aurrera ateratzeko, noiz eta garairik okerrenean, diktadura bizian geundela; euskal kulturaren egoera sekula egon den mailarik behekoenean zegoela. Aita Zavalaren lana behar izan zen aurrena, funtsezkoena. Gero, zentsuraren oztopoa desegiten lagunduko zuen norbait. Hurrena, berriz, dirua arriskatuko zuen argitaldaria. Ondoren, noski, irakurleak behar izango ziren, irakurle biziak batez ere, Mikela Elizegiren kontaera zabalduko zutenak. Eta "ahozkotasuna" edo "herri literatura" esaten zaion horren aldeko giroa ere behar izango zen, noski, eta giro horretan Manuel Lekuonaren Literatura oral euskérica saiakerak ere izango zuen eragina. Horrenbestez, liburutxoari aparteko irakurle bat falta zitzaion, irakurle sine qua non bat, bultzada erabakigarria emango ziona. Eta hura ere lortu zuen azkenean: Gabriel Aresti. Pello Errotaren itzala bere eskuetara iritsitako euskal "nobelarik" onena zela azaldu zuen Arestik, eta sari bat emango ziokeela berak.
Esku horiek guztiak eta beste hainbat ibili ziren tartean Mikela Elizegiren liburutxoari bultzaka. Eta, alde batera, arraroa izan zen ahalegin hori. Jakina da -nik behintzat ez daukat dudarik- literaturak eta literaturaren munduak eredu aristokratikoaren usteak eta maniak imitatzen dituela, eta Pello Errotaren bizitza ikusezina dela eredu horretatik begiratuta. Eta beste eredu nagusitik -eredu komertzialetik- begiratuta ere, berdintsu: ikusezin. Zer arrazoi izan zuten, beraz, Aita Zavalak, Lekuonak, Arestik, liburutxoari balioa emateko?
Nik badakit Aita Zavalak erantzungo lukeena, idatzita baitauka: izugarri maite dituela, gustatzen zaizkiola, herri kontaerak, eta horregatik ibili dela "oiñez eta jakin miñez" halakoen bila. Eta badakit zer egon zen Literatura oral euskérica delakoaren oinarrian, Manuel Lekuonak berak aitortu baitzidan Andoaindik eman genuen paseo batean. Oñatin 1918. urtean ospatu zen Euskal Kulturari buruzko Nazioarteko Batzarrean sasi-jakintsu batek mespretxuz eta irainez hitz egin omen zuen Euskal Herriaz. Jende baldarra eta baioa zela euskalduna; ez zeukala Euskal Herriak poeta bakar bat ere, eta imajinatu ere ezin zitekeela egin Heinrich Heineren mailakorik sor zitekeenik hemen. Lekuona izugarri haserretu omen zen hori entzutean, eta aurka egin zion esanez ez genuela Heineren mailakorik edukiko, baina horren ordez ehunka herri-poeta geneuzkala, bertsolariak. Une hartan bertan bertsolariaren balioa azalduko zuen liburu bat idaztea erabaki omen zuen.
Gabriel Arestik ere -asmatu egiten dut hau, ez bainuen berarekin gai honi buruz hitz egin, eta irakurri ere ez baitiot inon irakurri- sentsibilitate alemaniarra izango zuen Zavalaren eta Lekuonaren moduan, Herder, Schiller, Grimm, Von Chamisso eta beste erromantikoen ondorengoa; baina, horretaz gain, ideia komunistak zituenez, herri xehearen bizitzaz hitz egiten zutelako maiteko zituen Mikela Elizegiren edo bertsolarien kontuak. Gogoan daukat oraindik Bilboko Anaitasuna aldizkarian argitaratu zuen Txirritari buruzko testua. Bertan, haren bertso bat kopiatzen zuen: "Etxe maiorazkoa nintzen tokamentuz, baldin serbitu banu aita pulamentuz, nere bizimodua beti dabil kantuz, despatxatuko naute ez banabil kontuz". Poeta sozialaren definizio paregabea zela zioen Arestik jarraian.
Zeinahi zirela ere, direla ere, arrazoiak, ondorioa bat bera da, eta hori da nik azpimarratu nahi nukeena: hirurek ere balioa ematen ziotela ahozkotasunari, herri literaturari eta, bide batez, hizkuntzari. Kontuan izan gure hizkuntzan, XX. mendera arte, oso urria izan zela bestelako literatura; bere arrazoia bazuela Lekuonari Heine aipatu zion kanpotarrak, eta hizkuntzari balioa eman nahi bazitzaion nahitaezkoa zela aurrena herri literatura goraipatzea. Batzuetan justizia osoz, hala nola Mikela Elizegiren kasuan.
Gure antzara aireratu da berriro ere, eta segituan hartu ditu begietan Asteasuko bi auzo nagusiak, Elizmendi -guk, asteasuarrok, "Elemendi" deitzen duguna- eta ibarrean dagoen beheko alde hau, "kalea". Elizara jo du zuzenean eta, zikoinaren ohiturak ere badakizkiela adieraziz, kanpandorrean kokatu da, erpin-erpinean.
Joera bat egin dio oraingoan antzarari iraganekoa ere ikusteko gaitasunak, eta arestian botana eta errota bezala, oraingoan aspaldiko jendea ikusten hasi da, baina gurpil zoroan bezala, zorabiatu egin bailitzan. Militar bat ikusten du aurrena, Zumalakarregi jenerala, hainbat uda inguruko etxe batean eman zituena. Segidan, berriz, beste militar bat, hura ere karlista, liberalekin ez ezik Santa Kruzekin ere lehian ibilitakoa eta Erretotxe delakoan luzaro egondakoa: Lizarraga jenerala. Batera, Juan Bautista Agirre apaiz erretorea, "Asteasuko Agirre" izenaz ezagutzen den idazlea, eta haren ondoan gure beste erretore hura, Hipolito Usabiaga, "donipolito". Umeak ere ikusten ditu antzarak, eskolatik atera eta harmailetan kokatuta argazki baterako; tartean zoritxarreko Joseba Arregi hura, 1981ean torturaren ondorioz hil zena. Ezkutatu dira umeak eta, irudi-gurpil etengabean, Mikel Laboa ikusten du arkupe azpitik pasatzen, eta Juan Mari Lekuona eliz barruan aldareko estatuei begira.
Azkenean, lortu du antzarak begirada zehaztea eta irudien gurpil zoroa geratzea. Ikusi, orain, pertsona bakar bat ikusten du. Asteasun jaio eta Asteasuko erretore izan zen Juan Bautista Agirre hura. Dakizuenez, XVIII. mendearen erdi aldera jaio zen, Ilobate deitzen den etxean, batzuen ustez. Eracusaldiac -sermoiak- idatzi eta argitaratu zituen, eta euskal literaturaren klasikotzat jotzen da gaur egun.
Har dezagun liburuaren pasarte bat. Hamaseigarren atalekoa, adibidez. Bekatuaren arriskuaz ari da, eta dio:
"[ ... ] Etzabiltzala bada, Cristaua, aitzaquiac billatzen becaturaco bide eta perillac uzteco; aldeguizu lembait len; bestela guertatuco zatzu michirrica edo ingumari guertatu oi zayona. Badabil inguma arguiaren inguruan ariñ ariñ: beguiratzen dio eta cembateta gueyago beguiratzen dion ambat gueyago lilluratzen eta choratzen du arguiaren edertasunac. Alderatzen zayo beiñ ta berriz, eta erretzen diozca egoen eta zancoen erzac, baña ez da centzatzen. Atzenean, aimbesterañó alderatzen zayo non osotoro erretzen eta illic geratzen dan. Ay! Aditzen zauden inguma, inguma! Bazabiltza becatuaren bide eta perill orietan, erretzen eta quiscaltzen dira zure gura charrac, baña etzera centzatzen, eta atzenean illic gueratuko zara becatuan, edo gogoz, edo bestela. Ala guerta ez daquizun, aldeguin, aldeguin perilletik".
Esan ohi da literatura "hizkuntzaren utopia" dela. Idazteari ekin eta testuari forma bat ematen saiatzen denak lana eginarazten diola hizkuntzari: adierazi ditzala gauzak hobeto, zehatzago, ederrago; adierazi ditzala, gainera, adierazten zailenak diren gaiak. Edo areago: sor ditzala, idatzi bitartean, ustez eta inon ez zeuden gaiak, erreskata ditzala isiltasunetik. Ahalegin utopiko hori ez dago, bestalde, literaturan bakarrik; hori idazketa ororen muin-muinean dago. Juan Bautista Agirreren lanak ere, nahiz literarioak izan, beste zerbait ere baziren. Ideologia bat gizarteratzeko modua ziren, batez ere.
Hizkuntzaren eguneroko erabilera, hizketa arrunta, errazetik errazera ibiltzen da; ahalik eta modurik ekonomikoenean erabiltzen ditu hitzak eta esaldiak. Baita ahoskatzerakoan ere. Asteasuarrak, kasu, ez du "egin" esango; "iñ" esango du. Edo "hartuit", "hartu diat" ordez. Baina modu errazean ezin da asko adierazi; ezin dira gai baten ñabardurak zehaztu; ezin da seduzitu; ezin da, argia mitxirrikarentzat bezala, testu bat erakargarria izan.
Esan beharrik ere ez dago utopia lortzearren, gero eta gehiago, hobeto, ederrago adierazteko gai izatearren, hizkuntzak baliabide asko behar dituela, eta, ahal den neurrian, bortxatu egiten duela hizkuntzaren naturaltasuna, hizketan azaltzen dena. Euskarak, esate baterako, aditza bukaeran jartzeko joera omen du. Baina Juan Bautista Agirrerentzat joera hori muga bat da, eta horregatik idazten du honela Jesusen eta bere dizipuluen arteko elkarrizketa bat:
"Nere semechoac, maite izan ezazue elcar: Filioli, diligite alterutrum. Aspertu ciran icasleac, beti gauza bera adituaz, eta esan cioen: Maisua, cergatik beti gauz au esaten digu? Erantzun cien: Ceren Jaunaren Aguintea dan, eta au ongui eguiten bada, bera bacarrik asco dan".
Bistakoa da. Aditza aurrera ekartzen du, eta "ceren" bezalako partikulak erabiltzen ditu. Ez da hau Asteasuko hizketa. Ez zuen Juan Bautista Agirrek horrela hitz egingo Asteasuko kalean.
Juan Bautista Agirreren liburua zabaltzen duenak segituan ikusten du bertan bi hizkuntza azaltzen direla erruz: euskara eta latina. Izan ere, eracusaldi bakoitzak hamaika ohar dauzka, guztiak latinez. Batzuetan, oso ohar ausartak dira: halaxe delectatio delakoari eskaintzen dizkion bi orrialdeak edo commotio carnalis-i eskainitako ia hirurak. XIX. mendearen hasieran idazten ari zela gogoratuz, eta gogoratuz ere bere erakusaldiak sermoiak eman behar zituzten euskal apaizentzako "langaia" zirela, konprenitzen dugu latina erabiltzearen arrazoietako bat. Apaizen eta intelektualen hizkuntza sekretua zen, eta herri xeheari gorde nahi zitzaizkion kontuak azter zitezkeen berarekin. Baina puntu horretara iritsi aurretik egina zuen latinak bere lana. Azkar eta garbi esateko, markatua zuen euskara. Ekarriak zituen euskarara beharrezkoak ziren elementuak hobeto, zehatzago, ederrago lan egin zezan. Entzun berriro, arren: "Maisua, cergatik beti gauz au esaten digu? Erantzun cien: Ceren Jaunaren Aguintea dan, eta au ongui eguiten bada, bera bacarrik asco dan".
Antzeko esaldiak egin zituzten Axularrek eta beste euskal klasikoek ere. Latina zekitelako eta, latina zelarik kulturaren eta literaturaren hizkuntza bakarra, haren moduak beren hizkuntzan txertatzea beste aukerarik ez zeukatelako, hala nola egin zuten Bibliaren itzultzaileek Ingalaterran, Frantzian eta Europako nazio guztietan. Esan genezake Albizturko andre hark Ernion bezalatsu: "Ederki ginen, haiek latina jakin ez balute!"
Gogora ezazue Lizardik gure hizkuntzaz egin zuen poema hura: "Baña nik, izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa, yakite-egoek igoa; soña zaar, berri gogoa; azal orizta, muin betirakoa". Bada "noranahikoa" izateko, literaturan bezala biologian zein administrazioan erabili ahal izateko, euskarak prestaketa modu hori behar zuen. Hori gabe, aldarrikatu zezakeen hainbatek -herri-tradizioaren edertasunaz ohartzeko gai izandakoek, kasu- bere balioa; baina urte gutxiko kontua izango zen. Izan ere, erabilerak eusten dio hizkuntzari; erabilerak ematen dio baliorik handiena.
Antzara aireratu egin da berriro. Baina, hegan hasi ordez, jauzi egin du hegoak zabal-zabal jarrita, eta Apalasagasti izeneko etxeraino iritsi da erorketa bigunean. Izan ere, han jaio zen, 1903. urtean, Antonio Arrue. Abokatua izan zen ogibidez, Comunión Tradicionalistakoa politikan, eta beraz Franco jeneralaren aldekoa gerran. Horretaz gain, euskaltzalea izan zen, hots, maitatu eta bultzatu egin zuen bere lehen hizkuntza. Euskaltzaindikoa ere izan zen, eta berak taxutu zuen, lege kontuetan trebe zenez, erakundearen arautegia.
Bultzatu egin zuela euskara diot, baina hobe da agian babestu egin zuela esatea. Diktaduraren garaian, gerra aurretik 1965era arte edo, euskal kulturak hari gutxi batzuk bakarrik izan zituen aurrera egiteko, eta zalantzak ere bazeuden, ez ote ziren hari horiek etenda geratuko. Halakorik gerta ez zedin, Ameriketako deserritik egin zuten lan Zaitegik, Ibiñagabeitiak eta hainbatek; beste batzuek, Mitxelena buru, hemendik bertatik. Horietakoa genuen Antonio Arrue. Hari esker atera ahal izan zen euskal klasikorik eraginkorrenaren liburua, Axularren Gero mila aldiz aipatua. Esku izan zuen, gainera, Egan aldizkariaren jarraipenean eta Euskaltzaindiarenean. Arduratu zen, bestalde, literaturaz ere, eta bere hitzaldi batean Gabriel Aresti goraipatu zuen. Jabetu zaitezte: Comunión Tradicionalistako gizon bat Alderdi Komunistatik oso hurbil ibili zen beste baten lana goraipatzen.
Gure antzarak ez daki asko ideologia politikoen gorabeherez, baina piztu egin du azken kontu honek, Antonio Arrueren eta Gabriel Arestiren arteko harremanak, eta gai horri buruz pentsatzeari ekin dio. Segituan, urduri jarri da, eta xaltoka hasi txepetx hanka-llabur bat bezala. Xaltoek pentsamenduak ekartzen dizkiote burura.
Ideologia politikoak hizkuntza baten aurrera- edo atzerabidean duen garrantzia handia, hori bururatzen zaio aurreneko xaltoan. Bistakoa da: erabilera izanik hizkuntza baten indar-emailerik beharrezkoena, erabakigarria izan behar, nahitaez, eskoletan edo irrati-telebistan indarrean jartzen den hizkuntza eredua. Euskararentzat, esan beharrik ere ez dago, onuragarriagoak dira Gasteizetik erne ohi diren aginduak Parisetik iritsitakoak baino.
Bigarren xaltoa eman du antzarak, bigarren pentsamendua etorri zaio burura. Edo, zehatzago esanda, gogoeta bat etorri zaio, duela hilabete inguru Aingeru Epalzak artikulu batean azaldu zuena. XVIII. mende bukaerako bi diputatu frantses hartzen zituen Epalzak gogoan, Bertrand Bareré eta Henri Grégoire, euskararen eta eremu urriko hizkuntzen aurkari gogorrak. Aztertu ditu Epalzak haien testu osoak, eta harrituta geratu da: biek ala biek ere hitz zoragarriak eskaintzen dizkiote euskal jendeari. "Maite zituztelako erauzi nahi zieten mintzaira ahotik", adierazten digu Epalzak. Kontua zen Grégoire eta Bareré diputatuentzat frantsesa argiaren hizkuntza zela, askatasunaren eta errepublikaren balio aurrerakoi guztietarako ate nagusia, eta beren ustetan, apaizak jendea fanatizatzeko baliatzen zirela euskaraz eta antzeko beste hizkuntzez. Gure Juan Bautista Agirreren Eracusaldiac irakurrita, ezin esan Grégoire eta Barerék batere arrazoirik ez zutenik; zerbait bazuten, nahiz eta, hain muturreraino joaten zirela, glotozida bihurtzeraino, idealisten joera totalitarioa antzematen diegun. Har dezagun, dena dela, alde positiboa. Hizkuntzaren erabilera balio positiboekin lotzen bada -tolerantziarekin edota demokraziarekin, kasu- hainbat eta hobe hizkuntzarentzat. Lan literario ederrekin lotzen denean bezalaxe.
Beste xalto bat eman du antzarak, beste pentsamendu bat bururatzen zaio: ideologia politikoak estu-estutik hartzen badu hizkuntza, normalean txarrerako izaten dela. Pentsa dezagun XX. mende hasierako purismoan, garbizalekeria delakoan. Badakizue: trenari "bultzi" esan behar zitzaion; elizari, "txadona". Jakina, jarrera horren oinarrian ideologia politikoaren inbasioa zegoen; ideia politiko jakin batzuen mende jarri nahi zen hizkuntza. Labur: areagotu eta muturreraino eraman nahi zen gure hizkuntzaren eta auzokoenen arteko desberdintasuna, gizarteak ere erabat desberdinak zirela erakusteko eta erakunde erabat desberdinak aldarrikatzeko. Zilegi ziren ideia politiko horiek, nahiz, nire iritzirako, gehiegizkoak izan; baina zilegi izan eta guzti, ezin ziren hizkuntzaren alorrera eraman. Hizkuntzarekin ez dago bromarik. Baldarki tratatzen denean, musak jokatzen omen duen bezala jokatzen du: zapuztu egiten da, mututu. Begira zein izan ziren XX. mende hasierako garbizalekeria haren ondorioak: itxita geratu ziren Juan Bautista Agirrek eta beste klasikoek zabaldutako bideak; antzutu egin zen lan literarioa. Hala zirudien, erabil-ezintasunaren mugaraino eraman nahi zutela garbizaleek euskara.
Kra! egin du antzarak deiadar bere ahots zakar, ahatearena baino hautsiagoarekin. Izan ere, garbizalekeriak oraindik ere duen indarra gogoratu zaio. Egia ez dela inon "bultzia" edo "txadona" bezalako hitzik erabiltzen; baina "burdinezko arauen aro" bat pasatzen ari da gaur egun gure hizkuntza, eta garai bateko desberdintze nahi hori dago testu askoren azpian, modu disimulatuan gainera, modu agian okerrenean. Norbaitek pentsa lezake Euskaltzaindiaz ari naizela. Ez naiz ari Euskaltzaindiaz. Ez diot Kra! egin nahi Euskaltzaindiari. Ez dut ezagutzen euskaltzain bakar bat garbizalea denik. Areago: gaur erantzuna emango didan Xabier Kintana euskaltzainak erakutsi zidan niri garbizale ez izaten. Garbizaleak, gaur egun ere, lehengo tokian daude. Auzoarekiko desberdintasuna areagotzea helburu duten talde, erakunde eta giroetan.
Aireratu egin da antzara Apalasagastiko teilatutik, agian norbaitek, enparazita bere deiadarrekin, uxatu egin duelako. Urrundu baino lehen, Antonio Arrueren eta Gabriel Arestiren arteko lokarriaz pentsatu du. Kontrako ideologia politikoa zuten bi pertsona bat etortzea euskararen auzian, tarte bat jartzea iritzi politikoen eta hizkuntzari buruzko iritzien artean, eredugarria iruditzen zaio.
Antzarak gora egin du bat-batean, ziztu bizian egin ere, lurretik ahalik eta gehien urruntzeko asmoz. Izan ere, elizako kanpandorrean irudiekin gertatzen zitzaiona gertatzen zaio orain pentsamendu ilunekin, denak batera etorri zaizkiola, zorabiatzeko moduan, eta, zinez, berak ez duela halakorik nahi: ez du pentsatu nahi 1970. urte aldera talka egin zuten bi euskaltzale belaunaldiek -berriak eta zaharrak- elkarri eman zioten tratu gaiztoaz; ez du pentsatu nahi, ezta ere, Gabriel Arestik bizi bitartean jasan zituen erasoez edota, oro har, Euskal Herriko joera sektarioek euskal kulturan izan duten eragin bortitzaz, bortitzegiaz. Gorantz ihes egiteak, ordea, ez dio asko lagundu, pentsamendu ilunak berarekin joan baitira. Horregatik iristen zaigu, orain, goi horietatik, bere deiadarra: kra! kra! kra! Zorionez, ez dugu besterik aditzen. Gainerako hitzak laino artean geratu dira.
Lasaitu denean, antzara Elizmendiko belaze bateraino jaitsi da. 1957. urte aldera, hantxe kokatua zegoen etxe eder bat, Añorga izenekoa, lurrak irentsi zuen oso-osorik. Eskolara gindoazen ume koxkorrak pasatu ezinik geratu ginen: zuloak, berrogeita hamar metroko diametroa zuenak, bidea ixten zuen. Etxeari zegokionez, bere teilatua bakarrik ageri zen, teilatu gorrizta bat, tximini txuri okertu bat zeukana. Lurpeko uren mugimendu batek eragin omen zuen luizia.
Antzara, goietan jasandako pentsamendu ilunen ondoren, indar gabe geratu da. Ez da metafora ederrik asmatzeko gauza. Ideia sakonik ere ez zaio etortzen. Ezinbestekoa izan zaio, beraz, lurrak irentsitako etxea hizkuntzarekin lotzea. Añorga hura bezala, lurperatuta geratuko al da euskara?
Galdera hau, eta galderak adierazten duen kezka, betidanikoa da Xamarrek "euskara jendea" deitzen duenarengan. Gogoratu gure lehen idazlearen poemak, gogoratu bere deidarra, antzarena baino dotoreagoa: "Heuscaldun den guiçon oroc alcha beça buruya, eci huyen lengoagia içanen da floria". Hamaseigarren mendean zen hori. Hamazazpigarrenean, berriz, Axularrek hartu zuen hitza: «Baldin egin balitz euskaraz hanbat liburu nola egin baita latinez, frantsesez edo bertze erdaraz eta hizkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, Euskaldunek berek dute falta, ta ez euskarak». Eta galderek, kezkek, kexuek indarrez jarraitu zuten; gaur arte jarraitu ere.
Joan den udan -desenkusa nazazue etxeko kontu hau azaltzeagatik- oso urruti ez dagoen hondartza batera abiatu nintzen familiarekin. Arratsa zen, gu ginen itsasorako norabidean gindoazen bakarrak; jende guztia itzulbidean zetorren, hondartzatik herrira. Halako batean, orduan 5 urte zituen nire alabak niri begira jarri eta esan zuen: "Munduak ez daki euskaraz!". Bikote eta talde guztiak gaztelaniaz ari baitziren.
Duela bi aste, berriz, ari zen nire 8 urteko alaba gosaltzen, eta esan zuen ez non eta ez han: "Euskarak behera egingo al du?".
Kra! egin du antzarak berriro. Zenbaki batzuen oroitzapenak jarri du oraingoan urduri. Hondartzadun herrian egin ziren hauteskundeen emaitzak dira zenbaki horiek. Denak batuta, euskararen alde -erabat alde- dauden alderdiek botoen ehuneko laurogeita bosta bereganatzen dute. Herri horretako gehiengoak eman zien beraz botoa, eta horren arrazoietako bat euskara izan zen; euskararen alde -oso alde- daudelako eman zuten boto hori. Hala ere, euskaraz ez dakien mundu batekoak dira.
Ondorio asko atera ahalko dira paradoxa horretatik, baina nik bakarra aipatuko dut: ideologia politikoa baino zerbait gehiago beharko dela gure hizkuntza eta gure kultura aurrera ateratzeko.
Duela urte asko, artean diktadorea bizi zela, Garikano anai-arrebak lizarrak aldatu zituzten Tolosatik Urkizura doan bideko zelaitxo batean. Gaur egun lizardi bat dago han. Zergatik jokatu zuten horrela? Bada haraino igotzen zelako, bakarrik egotera eta pentsatzera, euskal poeta bat: Lizardi, hain zuzen ere. Garikanotarrek beren ideologia politikoagatik ere hartuko zuten lan hori; baina ez horregatik bakarrik.
Duela ez hainbeste urte, berriz, diktadorea jadanik hila zela, Txillidaren eskultura eder bat jarri zen -atzerapen handiarekin jarri ere- Tolosan: "Lizardiren leihoa". Zeremonia negargarria izan zen. Aurreskua dantzatu zuen dantzariak duintasuna eman zion, baina ondorengo hizlariek dena zapuztu zuten. Bakar batek ere ez zuen taxuzko hitz bat esan; bistakoa zen ez zutela beren jarduna prestatu; are eta nabarmenagoa ez zutela Lizardiren poema bakar bat ere ezagutzen. Nik gaur transfigurazioaz esan dudana aipatu izan banie, eta Lizardik transfigurazio horren alde egin zuen lana laudatu, erotzat hartuko ninduketen.
Ez da zalantzarik. Hizlari haiek beren ideologia politikoagatik zeuden han, ideologia horri esker. Errepika dezadan: beharko da zerbait gehiago gure hizkuntza eta gure kultura aurrera ateratzeko.
Antzara kale nagusitik dator zuzen-zuzenean. Hamargarren zenbakia daraman etxean pintura lehiaketa bat antolatu zen duela berrogeita bost urte. Kontua zen kartel moduko bat egin behar zela, eta bertan aholku edo agindu hau idatzi: "Egin euskaraz!". Lehiaketan etxeko hiru mutil koskorrek hartu zuten parte, eta irabazi, anaia bigarrenak irabazi zuen gai bezala purpurina eta zura erabiliz. Lehiaketaren antolatzaileek etxe sarreran zintzilikatu zuten, eta hantxe geratu zen urte askoan. "Egin euskaraz!".
Antolatzaileak, noski, nire gurasoak ziren. Kezkatuta zeuden, nonbait, behar baino erdara gehiago hitz egiten genuelako. Ikusten duzue: historia bera beti. Baina ez nuke esango seinale txarra denik. Ez zait inporta beti krisian dagoen hizkuntza bat izatea baldin eta krisi horrek bost mila urte irauten badu. "Hobeto krisian papagaioen mokoan baino" esan genezake Chateaubriandek bere memorietan kontatzen duena gogoratuz, alegia bizitza luzeko papagaioek, Amazonian, ehun urte lehenago desagertutako hizkuntzetako hitzekin egiten zutela hots.
Antzara hemen dago jadanik, frontoi honetan. Bukatu dira bere gaurko joan-etorriak. Eta, antzara horri lotuta nagoenez, nik ere bukatu egin beharra daukat. Azken oroitzapen bat, hala ere, azken hegaldi bat. Elizaraino. Behin batez Juan Mari Lekuonari erakutsi nahi izan nion eliza, eta bera harrituta geratu zen bataioko pontearen edertasunarekin. Aurrez aldareko eskulturekin egin bezala -asko baitzekien arteaz, bere osaba Manuel Lekuonaren ildotik- haren xehetasunak adierazi zizkidan, eta, azkenean, pieza hura ezin zitekeela hala utzi esan zidan, erdi ezkutuan, zoko batean sartuta. Herriko apaizarekin hitz egitera joan ginen biok, eta hura gotzainarekin hitz egitekotan geratu zen. Handik hilabete batzuetara, bataioko pontea orain dagoen tokian jarri zen, aldarearen ondoan, ageri-agerian.
Dakizuenez, Juan Mari Lekuonak erabili zuen domina hartuko dut nik gaur, aurrez Manuel Lekuonarena izandakoa. Nire esker ona Euskaltzaindiari poz hau emateagatik.