Pariseko anuntzio bat
Pariseko okindegi edo arropa garbitegietan eskura egoten diren ohar-astekari horietako batean irakurri nuen, Rencontres-Relations delako arloan:
"JF (jeune femme), 43 ans, seule, aimerait rencontrer femme sobre, saine, propre, douce, aimant lingeries, aisée, genèreuse, voiture. Relations durables si affinités. Ecrire au journal. Ne peux recevoir. Joindre enveloppe timbrée".
Harrigarria da, oso harrigarria gainera. Ez anuntzioa bera, jakina, baizik eta bere azken esaldi hori, joindre enveloppe timbrée. Idazteko asmoa dutenei seiluarekiko kartazala ere igortzeko eskatze horrek, zein zentzu dezake? Bromazaleak atzeratzea? Idatziko diotenen gogoa neurtzea? Ordea ezin daiteke holakorik, txanpon gutxi batzuk -seilu batek 2,50 libera balio du-, ezin baitute ezer garrantzizkorik erabaki. Beraz, abiatu hipotesi zuzenen bila eta zikoizkeria edo xuhurkeriarekin topo egitea ia nahitaezkoa egiten zaigu: bai, horixe da guztia, esaldi horren oinarrian maitasunari osoenik kontrajartzen zaion akatsa dago, eskoziarrei eta katalanei bizkarreratzen zaien berbera.
Ordea okertu egingo ginateke baldin eta zikoizkeriaren akats hori (ez oso arrazoizkoa lagun hurkoari genèreuse izatea eskatzen dion batengan), ikuspundu psikologiko baten arauera ulertuko bagenu. Anuntzioan antzematen den zikoizkeria, psikologikoa edo pertsona jakin baten nortasunarekin lotua izan beharrean, arlo komertzialarekin dago lotua; nolabait esateko, zikoizkeria hori kontraktuala da, salerosketa edo alokairu baten negoziaketa guztietan azaltzen denaren modukoa. Horri buruz, ez dugu ahaztu behar anuntzioaren hasieran dioena, 43 urte izan eta andre gaztetzat daukala bere burua, hots, hirurogeitik gorako andreengana zuzentzen dela, voiture eta diruska bat duten alargunengana, apika...
Baina buka dezadan, noan anuntzioa itzultzera eta benetan gordetzen duen mezua agerian uztera. Nere ustez, hauxe adierazi nahi zuen anuntzio jartzaileak: "Norbaitek mantendu nazan nahi dut. Nik gorputza jarriko dut; zuk berriz -norbait maitagarri horrek-, gainerako guztia, seiluak barne".
Holako ohar-aldizkarietara jotzen dutenak ez dira, noski, Printze edo Printzesa Urdinaren esperantzetan ibiliko, baina beraien bide guztiak Drakularen gaztelurakoak izatea ere, ez al da gehiegizkoa? Oi, Zu, munduaren krudelkeria! Atzazalarekin pittin bat urratu, eta beti hor zaude!