Bernardo Atxagaren lehen liburua izan zen Ziutateaz, eleberri abangoardista edo genero nahasketa bat, Kriseiluk kaleratua 1976an bi liburukitan. Horren 50 urteak betetzen direla-eta, mintegia antolatu du Euskaltzaindiak bere egoitzan, Bilbon, datorren ostiralean, azaroak 13.
Euskaltzaindiak argitalpena aztertzeko eta egileari gorazarre egiteko antolatu du jardunaldia, bi partetan. Goizez, Ziutateaz-en ezaugarriak aztertuko dira. Arratsaldez, irakurraldi musikatua izango da, Bernardo Atxaga, Gari eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik.
Jardunaldirako motiboak honela azaldu ditu Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak: «Ziutateaz-ek merezi du berrirakurketa bat, gaurko distantziatik, hainbat arrazoirengatik: lan hibridoa, generoen arteko bizikidetzaren adibide abangoardista gertatu zen; literatura unibertsal modernoaren eraginak islatu zituen; diktadurek berezkoa duten bihozgabetasuna eta esperpentoa kritikatu zuen. Horrenbestez, garai bateko memoria soziopolitiko kolektibo gisa har daiteke».
Hauxe da egitaraua:
10:00: Ziutateaz: hiria, herria eta komunismoa (Joseba Sarrionandia)
10:30: Ziutate honetaz (Irati Majuelo)
12:00: Tiraniaren mapa (Mari Jose Olaziregi)
12:30: Indarkeriaren parajeak (Beñat Sarasola)
19:00: Ziutateaz: Geografia eta Historia (Bernardo Atxaga, Gari eta J. K. Gurrutxaga)
